"Zuzenekoan entzuteko musika da gurea"

Erkuden Ruiz Barroso 2019ko api. 12a, 13:02
Alerta Gorria talde arbizuarra. UTZITAKOA

Asier Reparaz eta Ander Garcia Alerta Gorria taldeko kideak dira. Arbizuko taldeak aurten hamar urte betetzen ditu eta 'Amets gaizto bihurtu' arte diskoa kaleratu dute. Diskoaren aurkezpen kontzertuak ematen ari dira.

Joanes Satrustegi (bateria), Asier Reparaz (ahotsa), Ander Garcia (gitarra), Jon Iriarte (baxua) eta Urtzi Markinez (gitarra) dira Alerta Gorria taldea osatzen duten musikariak. Oso gazte hasi ziren, baina sorreratik barruan zutena abesti bihurtu dute.

Taldea 2009 urtea sortu zenuten. Nolakoa izan da zuen ibilbidea?
ASIER R. Oso gazte hasi ginen. 12 eta 14 urte bitarte genituen. Hasieran, lehenengo urtean, entseatzen hasi ginen. Uda aspergarri batean taldea sortzea pentsatu genuen. Eta pixkanaka entseatzen hasi ginen, lehenengo kontzertua Arbizun jo genuen eta gero lokala sortu genuen.
ANDER G. Lehendabiziko urtean udaletxeak lokal bat utzi zigun arbizuarrak ginelako. Momentu horretan Urtzi beharrean Joan Txoko zegoen gurekin eta denak herrikoak ginenez udalak entseatzeko toki bat utzi zigun. Arbizun hasi ginen, bigarren kontzertua Bakaikun eta hirugarrena Altsasun. Orain arte.

Nolako musika egiten duzue? Aldatu da?
A. R. Hasieran bertsioak jotzen genituen, street-punk estiloan hasi ginen. Baina gure abestiek gure estiloa dute.
A. G. Hasieran finkatu gabe. Guk pentsatzen genuen, gure ideologiarekin bat egiten zuena, punk-arekin erlazionatuago zegoen. Aurrera joan ahala beste ikuspuntu batzuk atera ziren eta bere neurrian sumatzen joan zen.

Amets gaizto bihurtu arte diskoa kaleratu duzue. Hirugarrena. Nolakoa da?
A. G. Aurreko udan izan zen taldearen momentu bat arre edo so egiten genuela. Duda izan genuen. Jarraitu edo ez. Edo jarraitzen genuen eta diskotzar bat egiten genuen ahal genuen gehiena ematen edo hemen uzten genuen. Eta zorionez lehenengo aukera erabaki genuen; disko handi bat ateratzea.
A. R. Denbora nahiko egon ginen prestatzen. Abestiak egiten eta musika ateratzen  hasi ginen. Lokalean geratzen ginen eta denak batera abestiak egiten genituen. Pixkanaka. Kontzertuak ez genituen jotzen diskoan zentratu ginelako. Hamar abesti dira. Lehenengoa abenduan kaleratu genuen Altsasuko lagunei eskainia. Beraiendako eginda izan zen. Beharra ikusi genuen injustizia horren aurrean. Gainera, gertuko lagunak dira eta beharrezkoa ikusi genuen Alerta Gorriak gure abesti bat beraientzatn egitea. Gainera, lehenengoa. eta orain diskoa kaleratu dugu. .

Altsasuko auziaren aurrean behar hori ikusi zenuten?
A. R. Bostoi atera zitzaigun barrutik abesti hori. Taldearentzat behar bat zen. Iritsi zaizkigu haien mezuak eta entzun dutela jakiteak poztasuna ematen digu. Gure helburua hori zen. Beraiei iristea.

Non lortu daiteke?
Oraingoz diskoa dago Euskal Herriko puntu gehienetan eta gero youtuben batzuk badaude baina denak ez daude oraindik. Lau daude. Spotifyrera ere igotzeko asmoa dago. Gauza da pixkanaka abestiak igotzea eta denak daudenean disko oso bat bezala ematea abesti bat bezala.

Zer diote letrek?
A. G. Gehienak protesta da. Gure ideiak berdin mantenduz jarraitzen dugu. Abestiren bat edo beste badugu gustatzen zaigunari buruz hitz egiten duguna, Ostirala kanta adibidez. Baina gehiena protesta da.

Sakanako pop-rock lehiaketa irabazi zenuten, eta bi sari horien artean bat Hatortxu rocken jotzea erabaki zenuten. Zergatik?
A. R. Hasieratik argi geneukan diskoa talde berriendako uztea. Guk beste bi geneuzkan.
A. G. Hatortxun jotzeko nahia duela urte asko geneukan eta aukera hori izan genuen. Beraz, aukera hoberena izango zela uste genuen. Gehien komeni zitzaiguna.

Eta nolako esperientzia izan zen?
A. R. Esperientzia hori bizi nahi genuen eta oso ondo egon zen. Larunbatean jo genuen eta gaztetatik entzun ditugun eta erreferentzia izan diren taldeekin jotzea oso handia da.
A. G. Esperientzia bakarra izan zen zen.

Diskoaren aurkezpen kontzertuekin ari zarete orain. Zer moduz doa?
Oso ondo.
A. R. Pozik gaude. Gustatzen zaigu jendeari gustatu izana.

Diskoa atera bai, baina zuzenekoak nahiago dituzue?
A. R. Gure musika zuzenekoan entzuteko da. Gu oso gustura egoten gara jendearekin.
A. G. Disko bat kontzertu batean entzun behar duzuna jakiteko da. Gainera, atentzioa deitu digu denbora gutxian lehenengo kontzertuan, Etxarrin, diskoa kaleratu eta bi astera jendeak abestiak bazekiela. Espero genuen baina jende gehiago. Horrek poza ematen dizu.

Nolakoak dira zuen zuzenekoak?
A. R. Saiatzen gara dena ematen guztietan.
A. G. Normalean inprobisatzen dugu. Lekuaren arabera gauza bat edo beste esaten dugu. Momentuan Asierri ateratzen zaiona da. Batzuetan ona da eta beste batzuetan ez. Hanka sartzea errazagoa da horrelako kasuetan.
A. R. Kontzertuak ez ditugu inoiz entseatu. Abestiak bai baina zuzenekoak ez. Ateratzen dena.

Diskoaren aurkezpen bira honekin atzerrira joango zarete. Lehenengo aldiz?
A. R. Lehenengo aldia da, bai, eta gogotsu gaude. Gainera, lagunekin goaz: Nafarroa 1512 taldearekin. Etxean bezala.
A. G. Elkarrekin ibiltzen gara bi taldetako kideak kalean eta herria eta plazer bat da kuadrillako gehiagorekin edonora joatea. Ondoko herrira joan edo Danimarkara joan, kasu honetan bezala.