"Idazteak zentzua ematen dio bizitzari"

Erkuden Ruiz Barroso 2019ko api. 15a, 11:02

Juanjo Olasagarre, erdian, Xabier Lete saria jasotzen. ARTXIBOA

Juanjo Olasagarre idazle arbizuarraren 'Ia hemen' poesia liburua saritu du Espainiako Kritikak

Xabier Lete saria irabazi zuen Juanjo Olasagarre arbizuarraren Ia hemen liburuak. Sari hori nahikoa zela uste zuen idazleak. Hala ere, Espainiako Kritikak orain poesia liburu arloan saritu du.

Nola hartu duzu saria?

Pozik. Ezustekoa izan da. Ez da aurkezten zaren sari bat. Liburua argitaratu duzulako ematen dizute. Gainera, adin hauetan ilusioa egiten dizu, baina ez da zoratzeko modukoa.

Beraz, ez zenuen espero.
Ez. Ez dakit. Liburu horrek irabazi zuen Xabier Lete saria eta nik uste nuen saritan bidea eginda zeukala. Ez genuen, ez.

Nola jakinarazi zizuten?
Literatura kritiko hauek Villafranca del Bierzon elkartu ziren eta Jon Kortazarrek deitu zidan abisatzeko. Prentsa oharra 12:15ean atera behar zuten eta ordu erdi lehenago deitu zidan. Esan zidan ordura arte ezer ez esateko.

Xabier Lete saria, Literatura Kritikoen saria... Zer du lan honek? Zergatik da berezia?
Ni ez naiz hoberena hori esateko. Denbora neraman poesia argitaratu gabe. Beti hartzen ditut apunteak libretetan eta boladaka poema horietan lan egiten nuen. Karpeta batean gordeta neuzkan eta tarteka idazten nuen. Udan hainbat idazlekin egon nintzen topaketa batean eta lanean egon nintzen bertan ere. Poz aldrebesa-rekin oso nekatuta bukatu nuenez gogoa neukan poema liburu bat egiteko. Eta jarri nintzen. Nire poesia liburuetatik alderatuta zerbait berezia aipatu behar bada oso geldo lan egin dudala da. Urtetan egin dut. Poema batzuen lehenengo bertsioak duela bederatzi urte idatzi nituen eta pixkanaka hurbildu naiz azken forma honetara.

Eguneroko bat balira bezala?
Bai. Horrelako zerbait. Badauka ere egunerokotik. Apunteak hartzen ditut eta apunte horiek berreskuratzen dituzu. Apunte batzuk horrela gelditzen dira eta beste batzuk poema izatera iristen dira.

Aspaldi ez zenuen poesia egiten. Narrazioa argitaratu duzu azken urteetan. Baina zer nahiago duzu?
Liburu honekin poesiarekin oso gustura gelditu naiz. Narrazioan ere ongi, baina poesiarekin gauzak esentzialagoak dira. Poesia erosoagoa da; esker hobeagokoa. Nobela bat egiten duzunean, ipuinekin ez dakit zer gertatzen den ni ez dudalako inoiz ipuinik idatzi eta ipuin irakurle ere ez naiz, nobelan sartu arte edo eskema argi bat izan arte egunero idatzi behar duzu. Ez da hain erraza nobela batetik sartu eta ateratzea. Poesia liburu bat idazteko kontzeptuala edo ideia baten inguruan ez bada, saltoka joan zaitezke. Poema bat hartu, zirriborro bat egin, gorde, zuzenketa batzuk sartu, beste bertsio bat gehitu... eta azkenean hori poema bat bihurtu.

Poesiak liburu bakar batean gai desberdinak jorratzeko aukera ematen dizu.
Bai, hori ere egia da. Eta ideia desberdinak. Azkenaldian nire buruarekin kexu nago iruditzen zaidalako zarata gehiegi daukagula gure inguruan. Sare sozialak, ez dakit zein pelikula ikusi beharra... eta ez zaizkit ideiak lehen bezala bururatzen. Bizimodua azkarregia da eta atentzioa gauza gehiegitan jartzen dugu. Mugikorrak akabatuko gaitu.

Hala ere, motibagarria da horrelako sari bat jasotzea?
Bai. Eskertu behar diet erabakia hartu duten zazpi kritikoei. Noizbait honi buruz hitz egin dut baina geratatzen dena again historiak gugandik salto egin duela. Bernardo Atxagatik Kirmen Uribera edo Harkaitz Canora salto egin du literaturak, eta hor erdian gaude nire belaunaldikoak. Orduan, nik ohituragatik idazten dut. Ez dut idazten zerbait espero dudalako. Sentsazio hori daukateta eta Poz aldrebesa-rekin geratu zait. Ahalegin handia egin nuen eta oharkabean pasatu zen.

Idaztea zuretako behar bat da, ezta?
Beharra da ja. Gainera jubilazio bidean noa eta denbora libre gehiago izango dudanez, zer egingo dut? Idatzi. Ohitura bihurtu da eta gustatzen zait. Orain lasaiago bizi dut baina lehen egunari zentzua ematen zion idazteak. Orain ere bai: ez badaukat proiekturik esku artean deseroso egoten naiz. Nahiz eta eperik ez jarri eta lasai egon proiektu bat izan behar dut. Zentzua ematen dio bizitzari. Ona ala txarran den ez dakit. Baina aldatzeko ez dakit oso garaiz gabiltzan.

Proiektuez ari zarela, orain zertan zabiltza?
Nobela batekin ari naiz. Ez dakit fundamentuzkoa den edo ez.