Ezkurdia: "Jaka aurkari arriskutsua da baina ongi nago, txisparekin”

Maider Betelu Ganboa 2019ko mai. 3a, 13:20

Buruz Buruko final laurdenetan Erik Jaka izango du aurkari pilotari arbizuarrak larunbatean Labriten (17:45, ETB1). Konfiantzarekin eta sentsazio onekin dagoela aitortu du Ezkurdiak, baina oso erregularra izaten ari den eta sasoi betean dagoen Jakak gauzak oso zail jarriko dizkio

Asteartean Buruz Buruko final laurdenetarako material aukeraketa egin zuten Joseba Ezkurdiak eta Erik Jakak. Aurkeztutako pilotekin konforme, bihar beteta eta festa giroan egongo den Iruñeko Bomboneran jokatuko den partidarako gogotsu eta ilusioarekin daudela aitortu zuten.

Ikusmina handia da. Printzipioz, Joseba Ezkurdia da faboritoa. Aurreko urtean Buruz Buruko final zortzirenetan Erik Jakaren kontra aritzea egokitu zitzaion ere arbizuarrari, eta 22 eta 15 gailendu zen arbizuarra. Aurten, ordea, ez da hain erraza izango, Jakak koska bat gora egin baitu, oso erregularra dagoelako eta Buruz Buruko final zortzirenetan Artola 22 eta 20 irabaztetik datorrelako. Partida zaila izango dela onartu zuten biek, eta dena emango dute, Buruz Buruko finalerdietako txapel preziatua baitago jokoan.

Buruz Buruko beste final laurdenetan, gaur, ostiralean, Altuna III.ak Irribarria izango du aurkari Donostiako Atano III.ean (22:00etan, ETB1), igandean Bengoetxea VI.a Urrutikoetxearen kontra ariko da Bilboko Bizkaia pilotalekuan (17:00etan, ETB1), eta astelehenean, Elezkano II.a eta Peio Etxeberria Tolosako Beotibarren lehiatuko dira (16:30ean).

Bestalde, Joanes Bakaikoak lehen mailako Buruz Burukoan debutatu zuen, final hamaseirenetan, apirilaren 20an Victorren kontra Ezkarain jokatutako partidan. Partida ongi hasi zuen etxarriarrak, ongi eutsi zion, tantoak luzatu zituen eta erresistentzia bikaina egin zuen; Victorri, aldiz, partidan sartzea kosta egin zitzaion, baina partidan sartu zenean geldiezina izan zen eta Bakaikoak ezin izan zion eutsi. 22 eta 13 irabazi zuen Victorrek, eta etxarriarra Buruz Burukotik kanpo geratu zen.

Joseba Ezkurdia: "Partida zaila dut aurretik, baina ea arratsalde ona ateratzen den"

Entrenatzera bidean harrapatu zaitugu.
Bai, azkeneko entrenamenduak egiten ari naiz. Badakit Jakaren kontrako partida zaila dudala aurretik, aurkari arriskutsua da, baina ea arratsalde on bat ateratzen den eta irabazteko aukera dudan.

Final laurdenetan lehian sartuko zarenez, nahikoa tarte izan duzu Buruz Burukoa prestatzeko. Nola ikusten duzu zure burua?
Ongi. Binakako Txapelketako azkeneko jardunalditik hasi nintzen fisikoki Buruz Bururako prestatzen. Uste dut momentu onean iristen naizela, igual entrenamenduetan ez naiz ikusten nahi dudan bezala, baina gero partidatan, hango tentsioekin, ongi ikusten naiz, txisparekin, ongi. Horrek konfiantza ematen dit, eta ilusioz eta gogo handiarekin nago larunbata iristeko. Galdu ala irabazi, kantxan dena uzteko asmoarekin nago.

Iazko Buruz Burukoan Erik Jaka final zortzirenetan aurkari izan zenuen Altsasun, eta 22 eta 15 irabazi zenion. Baina orduko Jaka eta egungoa ez da berdina. Azkeneko 16 partidetatik 15 irabazi ditu, oso erregular dago eta Buruz Burukoan Artola kanporatzetik dator. Zu zara faborito, baina partida zaila aurreikusten da.
Irabazteko aukerak izateko partida serio bat egin beharko dut. Erikek gora egin du, oso erasokorra da eta aurten puntu bat gehiagorekin dago. Aurkari arriskutsua da, zaila. Hortaz, partida guztian oso kontzentratua egon beharko dut, partidan sartua, partidari erritmoa ahalik eta gehien jartzen saiatu beharko naiz eta ea nire lana itxuran egiten dudan, gustura geratzen naizen.

Materialarekin ez zenuten arazorik izan, ez?
Ni gustura geratu nintzen. Berak ere esan zidan nire pilota bat asko gustatu zitzaiola. Pilota bat zakarragoa aukeratu nuen, gehiago mugitzea kosta egiten zaiona, eta beste bat bizixeagoa. Lau pilotak ere onak dira.

Berriz ere txapelketan botilerorik gabe.
Bai, hala erabaki dute. Aurreko txapelketa ongi joan zitzaidan botilerorik gabe eta ea honetan ere horrela den.

Dena den, ilara batzuk gorago botileroak eta lagunak izango dituzu, zu animatzen.
Bai. Koadrilakoak, Arbizuko jendea, inguruetakoa... jende mordoa doala esan didatea. Jendea mugitzen dela ikustea, hori da politena. Oso eskertuta nago, zorionekoa sentitzen naiz. Partida aurretik Juan Martinez de Irujo eta beste prestatzailearekin partida ongi prestatuko dut eta ea arratsalde polita ateratzen den.

Labrit beste festa bat izanen da eta zale gehienak alde izanen dituzu. Horrek indarra ematen du?
Labriten jokatzea gozamena da. Kristoren giroa egoten da eta poztasuna ematen du horrela jokatzeak. Jendea zure alde dagoenean beste plus bat da,  beste indar bat ematen dizu eta dena beharko dut larunbateko partida irabazteko. Etxean gertu jokatzen dudanean motibazio gehiagorekin, gusturago jokatzen dut.

Buruz buruko aurkezpenean esan zenuten aurtengoa ez zela faboritoen txapelketa, hautagai askokoa baino.
Lehen, Juan eta Aimar zeudenean, beraiek ziren beti faboritoak. Epoka bat markatu zuten. Orain, txapelketa honetan behintzat, faborito gutxi eta hautagai asko gaude. Hori pilotarentzat ona da, txapela hartzeko izen bat baino gehiago egotea.

Binakako txapela baduzu, lau t’ erdikoa ere eta Buruz Burukoa falta zaizu. Apalategian tokia egin duzu?
Toki nahikotxo dago, hori ez da arazorik izango (kar, kar...). Bi txapel ditut, biak irabazteko zorte hori izan dut, eta orain beste txapelketa polit bat dut aurretik eta ilusioz nago. Buruz Burukoa txapelketa berezia da, pilotariei gehien markatzen diguna. Gauzak ongi ateratzea nahi nuke, badakigu oso zaila dela, baina aurten edo beste urte batean gustatuko litzaidake hiru txapela horiek izatea, nahiz eta oso zaila izan.