"Zaila da nobela beltza herri batean girotzea"

Guaixe 2019ko eka. 3a, 12:45
Jon Arretxe idazlea Altsasun egindako aurkezpenean.

Jon Arretxek 'Ez esan deus' -'No digas nada'- gaztelaniazko bertsioa aurkeztu zuen aurreko asteazkenean Altsasun. Hiriko girotik atera eta herri batean kokatu du Toureren azken istorioa

Nobela beltza hirietako ghettoetan kokatuta egon behar dela defendatu izan du Jon Arretxek. Baina Ez erran deus eleberrian bere hitzak jan ditu eta Toure detektibea Nafarroako Pirinioetako herri batera eraman du.


Jon Arretxe idazlea 'No digas nada' liburuaren aurkezpenean, Altsasun.

HIRITIK HERRIRA
Giro erabat desberdin batera eraman duzu Toure.

Nik beti zin egin dut ez nuela inoiz idatziko herri giroko nobela beltzik. Beti izan naiz hiri giroko nobela beltzaren aldekoa. Nobela beltza klasikoak edo benetakoak hiri giro baztertuak edo ahaztuak behar du. Euskal Herrian oso leku gutxi daude ghetto handiak direnak. Prostituzioa eta drogak, pobrezia eta jende baztertu asko dauden tokiak. Bilboko San Francisco auzo bat da. Beste hiriburutatik ibili den arren, Toureren kokagune nagusia Bilboko ilunpe edo underground hori izan da. Oraingo honetan esperimentatu nahi izan dut, eta herritxo batera eramango nuela pentsatu nuen.

Zergatik?
Nobela guztiz desberdina izateko. Gure herri hauetako edozein izan daiteke, nahiz eta teorian Pirinioetako imajinario horietako batean kokatu dudan; inor ez molestatzeko, badaezpada.

Nola prestatu duzu?
Ahalegin gehiago eskatu du. Irakurle moduan beti gustatu zaizkit hirietan kokatzen diren nobela beltzak eta besteak ez naute hainbeste hunkitu. Hala ere, beti esan dut nobela bat ona izan behar dela, berdin du non kokatzen duzun. Ondo idazten baduzu eta istorio eta trama ona asmatzen baduzu, funtzionatuko du ziur. Baina girotze lanak ez du zerikusirik. Orain arte, azken urteetan, nobela kokatzen dudan lekura joaten nintzen idaztera eta neurri handi batean inspiratzera, ideiak hartzera. Toureren azken nobelekin San Franciscon egon naiz. Ideiak alde guztietatik sortzen dira. Kalean pote batzuk hartzen tabernatik tabernara eta kristoren pertsonaiak topatzen dituzu. Liburutegira zoaz eta bonba bat da. Etxe gabeko pertsonek bertan lo egiten dute, bero dagoelako. Bibliotekariak bi emakume oso jatorrak dira eta uzten diete. Gero ordenagailuan yonki batek flamenkoa ipintzen du eta kantuan eta dantzan hasten da. Sekulako pertsonaiak agertzen dira alde guztietatik. Askoz errazago girotzen duzu nobela pertsona horiek pertsonaia bihurtuz. Herrietan ezberdina da, Arbizun bizi naiz eta leiho batetik Aralar ikusten dut eta bestetik Andia eta San Donato. Eta, bai, oso polita, baina hemen ez da ezer gertatzen. Eta ezer ez bada gertatzen, gehiago imajinatu behar dut. Pertsonaiak sortzeko, denok gara pixka bat pertsonai, ni lehenengoa, baina ez dira hain nobela beltzeko pertsonaiak. Orduan, irudimena gehiago landu behar izan dut.

Baina liburua hasi zenuenetik bazenekien, ez?
Sumatzen nuen, baina ez nuen uste hainbesterako izango zenik. Liburuaren lodiera ikusten badugu, Toureren nobeletatik meheena da, eta, aldiz, gehien kostatu zaidana izan da. Erronka bezala hartu nuen.

Tourek hiria alde batera uzten du, baita lagunak ere.
Toure gizajoa oso harrapatuta zegoen San Franciscon. Poliziak harrapatuta zeukan zenbait gauzengatik, hasteko paper gabea delako oraindik, eta horregatik, poliziak nahi badu, bota dezake. Egin behar ez zituen gauza batzuk egin zituen gainera, eta poliziak harrapatuta duenez xantajea egiten dio eta poliziaren txibatoa bihurtzen da. Hori baino gauzarik txarragorik ez dago. Txibatoa eta, gainera, poliziarenak egiten ditu. Jipoiak eman eta jendea akabatu ere egiten du. Poliziarendako soberan dauden elementu batzuk akabatu behar ditu. Sikario ere bada. Guztiz desesperatuta dago eta ez dakienez zer egin, ezin du hori aguantatu eta oso egoera negargarrian dago. Orduan, guztiz desesperatuta telefonoa itzali, bateria kendu eta herri isolatu bat bilatzen du bere burua galtzeko eta ea horrela poliziaren atzaparretatik libratzen den. Ertzaintza da gehien harrapatuta duena, Nafarroara doa. Bertan pateran ezagutu zuen lagun batekin elkartzen da eta laguntze dio. Aspertuko den arren, bakean egongo dela uste du. Baina, jakina, ez dago bakean. Hemen ez du bakerik topatzen. Bere patua oso beltza da, bere azala baina beltzagoa.

BASAURIREKIN ZORRA
Toure saga alde batera utzi eta Arrutiren banda argitaratu zenuen.

Horren beharra sentitu nuen. Sagako lehenengo nobela 19 kamera izan zen eta nahiko argi neukan saga bat izango zela. Bat baino gehiago izango zirela. Argi neukan hiru ez zirela izango trilogiei mania handia diedalako. Oso modan daude eta mundu guztiak egin ditu trilogia arrakastatsuak. Irakurleei gustatu ezkero batzuk izango zirela banekien. Eta jende askok Toure estimuan hartu du. Baina errepikakorra izateko beldurra izan nuen ere. Pertsonaia interesgarria izan dateke, baina sagak gehiegi luzatzen direnean oso antzekoak dira nobela guztiak. Eta ni horrekin oso obsesionatuta nengoen. Nobelak desberdinak izatearekin. Orain arte bostak oso desberdinak izan dira, baina orain gehiegi luzatzeko arriskua ikusten dut. Horregatik aparkatzea erabaki nuen eta pendiente neukan beste nobela bat idatzi nuen. Gero zerbait desberdinarekin itzuliko nintzen, eta hau ezberdina izan da.

Arrutiren banda barruan zeneukan zerbait izan zen.
Nire buruarekin neukan zorra. Azkenean, Basaurin, nire herrian, kokatuta dago. 30 liburu inguru idatzi ditut eta Gasteizen eta atzerrian kokatu ditut. Baina Basaurin ez, eta ni basauritarra naiz, nire gurasoak basauritarrak dira, eta Basauri oso herri egokia da nobela beltzak idazteko. Orduan, probatzea erabaki nuen. Oso pozik gelditu nintzen berarekin eta harrera ere ona izan zen. Ibilbide literarioak egin ditugu Basaurin. Harro, pozik. Hori egin nuen, eta berriro Tourerekin jarraitzeko garaia etorri da.

ITZULPENAK
Altsasun 'No digas nada' aurkeztu duzu. Nola erabakitzen dira itzulpenak egitea?
Denon artean erabakitzen da. Nik beti euskaraz idatzi dut, jakina, eta nire lehenengo liburuak euskaraz bakarrik zeuden. Orduan, Elkarren argitaratzen nuenean itzultzea nahi nuen galdetu zidaten eta noski. Idazteaz bizi naiz, eta geroz eta hizkuntzetara gehiagora itzuli hobe.


'No digas nada' liburuaren aurkezpena Altsasun. IORTIA KULTUR GUNEA


Beste publikoarendako aukerak zabaltzen dira.
Hemen denok elkar ezagutzen dugu, eta bi mundu daude. Euskaldunena eta erdaldunena. Zu izan zaitezke euskarazko idazlerik onena edo txarrena, baina erdaldunek, zure bizilagunak direnak, ez zaituzte ezagutzen. Agian ez dakit ezta idazlea zaren. Herrietan ez da hain nabaria baina Basaurin erdaraz publikatu arte ez zidaten ezagutzen. Eta euskara esaten duzu eta berehala haur literaturarekin, poesiarekin eta euskaltegiarekin identifikatzen dizute. Ez idazlea izatearekin.


'No digas nada' liburuaren aurkezpena Altsasun. IORTIA KULTUR GUNEA

HITZALDIAK
Solasaldia asko egiten dituzu. Nola prestatzen dituzu?

Ez da berdina leku batean edo bestean egitea. Institutu batean liburua derrigorrez irakurri duten nerabe batzuen aurrean edo haurren artean. Beti power point bat eta bideoren bat eramaten dut. Eta gero daude kultur etxeak edota irakurle klubetan egiten ditudanak. Hitzaldi perfektuak dira. Zure liburua nahita aukeratu dute eta irakurri dute, eta horren inguruan hitz egiten dute. Agian kritika konstruktiboren bat egiten dute ere eta batzuetan galderak erantzutea bakarrik nahi dute. Hitzaldi errazak dira. Beti irudiak eta umorea erabiltzen ditut.


'No digas nada' liburuaren aurkezpena Altsasun. IORTIA KULTUR GUNEA

Erlazionatuak