Epaiketara babestuta joan nahi dute

Guaixe 2019ko eka. 8a, 10:06
Auzipetuak prentsaurrekoan.

11/13ko sumarioko auzipetuek, tartean Fran Balda, Bilbora manifestaziora deitu dute irailaren 14rako, epaiketa hasi baino bi egun lehenago.

Espainiako Auzitegi Nazionalean 47 euskal herritarren aurkako epaiketa hasiko da irailaren 16an. Presoen eta erbesteratuen osasunaren alde (Jaiki Hadi), presoen eskubideen alde (Herrira), haien lege-defentsa egin (abokatuak), senideak antolatu eta bitartekari lanak egin dituzten (Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren bitartekari taldekoak) 47 euskal herritar dira auzipetuak. Horien artean dago Fran Balda Araña arbizuarra.

Auzipetuek jakinarazi dutenez, manifestazioa eginen dute Bilbon irailaren 14an, larunbatean. Azaldu zutenez, “makroepaiketa honekin asaldatu diren eta babesa agertu diguten herritarrei dei zabal bat egin nahi diegu, epaiketaren bezperan, denon artean manifestazio handi bat antola dezagun Bilbon. Kalean eta jendearekin erantzun nahi diogu epaiketari”. Jakinarazi zutenez, manifestazio “handia eta askoren aldetik babestua izan dadin eremu desberdinetako pertsonekin manifestu zabal bat lantzen” ari dira.

Auzipetuek azaldu zutenez, “aro berri baten testuinguruan egiten ari ginen lan hori guztia, urteetan luzatu zen gatazka konpontzeko bide berriak lantzen ari ziren, presoen eta erbesteratuen gaia konpontzeko eginahalean. Horregatik kolpatu gintuzten, estatuen estolderietan diseinatu zituzten polizia operazioen bidez”. Ziurtatu zutenez, epaiketaren “oinarrian dauden arrazoiak bere horretan diraute 2019an. Egin genituen aldarrikapenei lotzen gatzaizkie epaituak izango garen honetan”.

Balda
Arbizuarra Herrira mugimenduaren kontrako bi sarekadetan atxilotu zuten: 2013ko irailaren 30ean eta lastailaren 4an askatu eta 2015eko ilbeltzaren 12an atxilotu eta urte hartako lastailaren 16an askatu zuten. Fiskaltzak Baldari honako delituak egozten dizkio: erakunde terroristan parte hartze aktiboa (11 urteko espetxe zigor eskaera), terrorismoaren goratze jarraitua egitea (2,6 urte), terrorismoa finantzatzea (6 urte) eta kautela-neurria urratzea (0,11 urte). Guztira 20,5 urteko espetxe zigorra eta 10.800 euroko isun eskaera. Baldintzapeko askatasunean dago ordutik, hamabostean behin epaitegira joan behar du eta ezin du estatutik atera. 47 auzipetuendako 601 urteko espetxe zigorra eskatzen du fiskalak.

www.11-13makroepaiketa.eus   
Webgunean epaiketari buruzko informazioa eta kanpainari dagozkion euskarriak daude. Auzipetuekin harremanetan jartzeko 11.13auziperatuak@gmail.com e-posta helbidea erabil daiteke.