Baldari babesa eskaintzeko antolatuta

Munia El Marhoum Iruretagoiena 2019ko eka. 21a, 09:45
Plataformak agerraldi jendetsua antolatu zuen bere burua aurkezteko.

Arbizuarrarekin elkartasuna erakutsiz, Fran Baldaren babeserako Herri Plataforma eta antolatutako ekimenak aurkeztea izan du helburu elkarretaratzeak.

Fran Balda Herrian plataformak prentsaurrekoa eman zuen Arbizuko plazan ostiralean, 11-13 sumarioko 47 auzipetuei eta, bereziki, haien artean aurkitzen den Fran Balda Arañari, elkartasuna adieraziz. Horretaz aparte, plataformatik antolatutako ekimenak eta salaketak adieraztea ere izan zuen helburu agerraldi jendetsuak.

Arbizuarrari egozten zaion “delitu” bakarra “euskal preso politiko eta erbesteratuen eskubideen defentsa egin izana” dela aditzera eman zuten, euskal presoen aldeko bere konpromiso “zintzoa” goraipatuz. “Orain guri dagokigu Balda eta gainontzeko 46 auziperatuekiko solidario izan eta elkartasuna antolatzea”, gehitu zuten. Gainera, prozesu guztiak Baldaren bizitzan izandako eragina salatu zuten.

Prentsaurrekoa Fran Baldari eta egoera berean dauden gainontzeko 46 auziperatuei inolako zigorrik ez ezartzea eskatuz bukatu zen. Horrekin batera, “beraien absoluzioa euskal preso eta erbesteratuen auziaren konponketa azkartzeko pizgarria izan dadin” esperantza dutela ere adierazi zuten.

Elkartasun ekimenak irailaren 16ra arte
Auziperatutako 47 euskaldunen aurkako epaiketa irailaren 16an hasiko da, eta data heldu bitartean hainbat ekimen antolatu dituzte. Alde batetik, lehenengo Sakanako mobilizazio nagusia Arbizun, hilaren 29an, 20:00etan. Bigarren mobilizazio handi bat ere egingo dutela jakinarazi zuten, irailaren 7an,  Arbizun hori ere. Epaiketari buruzko informazioa zabalduko dute hainbat modutan, Sakanan zehar, eta elkartasun sinbolo gisa zapi bat erabiliko dute.

Bestalde, irailaren 14an Bilbon izango den manifestazio nazionalera joateko deialdia egin zuten. Azkenik, 47 euskaldunek aurre egin beharko duten 350.000 euroko estimazioko esfortzu ekonomikoa kontuan hartuta, laguntzeko diru bilketa egingo dutela ere iragarri zuten.