Ezkurdia vs Jaka, Arbizun

Guaixe 2019ko eka. 21a, 12:36

Sanferminetako lau t’erdiko Aspeko adarreko final laurdena jokatuko du Joseba Ezkurdiak igandean Arbizun, Erik Jakaren kontra, festen hasierako suak piztu baino lehen

Igandean hasiko dira San Juan festak Arbizun. Arratsalde partean arbizuarrak San Juan ermitan bilduko dira, han bezperak entzun, kintoen dantzaz gozatu eta merendatu ondoren, San Juan bezperako suak piztu eta herrira suak saltatzen jaisteko. Baina ermitara joan baino lehen arbizuar asko Arbizuko pilotalekuan bilduko dira, Sanferminetako lau t’erdiko Aspeko adarreko final laurdenaz gozatzeko; partida horretan Joseba Ezkurdiak Erik Jaka izango du aurkari.

Jaialdia igandean 17:00etan hasiko da. Lehenik eta behin, Retegi Bik eta Jaunarenak Peio Etxeberria eta Erostarbe izanen dituzte aurkari. Ondoren, Sanferminetako lau t’erdiko final laurdenetako bat jokatuko da, Aspe adarrekoa: igandean buruz buruko txapeldun Iker Irribarria 8 tantotan utzi zuen Erik Jakaren kontra ariko da Joseba Ezkurdia.

Erik Jakak goitik behera egin du azken urtean. Maiatzaren 4an jokatutako Buruz Buruko Txapelketako final laurdenetan Joseba Ezkurdiak ere lizartzarra izan zuen aurkari, eta nahiz eta arbizuarra gailendu, 22 eta 14, ez zen garaipen erraza izan eta Ezkurdiak berak aitortu zuen ʺsufritu” egin zuela. ʺBanekien sufrituko nuela. Sakearekin min handia egiten du Erikek, takada handiak egin dizkit eta nire burua sufritzen ikusi dut” esan zuen orduan Ezkurdiak.

Hortaz, naiz eta igandean sanferminetako lau t’erdikoan Joseba Ezkurdia faborito izan, Erik Jaka ez da edonolako aurkaria eta gauzak oso zail jarriko dizkio arbizuarrari. Espero dezagun herrian jokatzeak Ezkurdiari mesede egitea, eta garaipena lortzea, Ezkurdiak txapelketan aurrera egiteko eta Arbizuko festak gogotsuago ospatzen hasteko.

Sarrerak
Ondoko web gunean eros daitezke: entradasfronton.com. Bestela, Arbizuko udaletxean, goizeko 9:30etik 14:00etara, Eroskin, 17:00etatik 19:00etara eta partida egunean Kiroldegiko tabernan, 16:00etatik aurrera.