Lan-istripuan hila

Guaixe 2019ko eka. 25a, 19:50
Arbizuko industrialdea eta herria.

Makina baten zati mugikorrak zanpatu ondoren hil da 35 urteko etxarriarra.

Lan-istripua izan da Lakber Mecanizados enpresako Arbizuko lantegian gaur goizean. 08:00ak pasatxo. Ezbeharraren ondorioz 35 urteko langile etxarriarra hil da 08:50 aldera. Foruzaingotik azaldu dutenez, “gizonezkoa fresatzeko makina batean zegoen eta haren parte mugikor batek zanpatu du”. Lehenik lankideak saiatu dira laguntza ematen, ondoren  Etxarri Aranazko osasun etxeko profesionalak eta Iruñekoak. Baina ordurako hila zegoen. Hildakoaren gorpua Nafarroako Auzitegi Medikuntza Institutura eraman dute eta han autopsia eginen diote. Foruzaingoaren Iparraldeko Polizia Judizialeko Bridaga ikertzen ari da ezbeharra.  

ELAk salatu duenez, “patronalak erreforma laboralek oparitutako tresnak baliatzen ditu langileen segurtasunaren lepotik lan-baldintzak okertzen jarraitzeko” Eta 2012tik lan-ezbeharren estatistikek gora egin dutela nabarmendu du. Bestetik, ELAko kideendako “Nafarroako Gobernuaren lan-osasun politikak guztiz onartezinak dira. Orokortuak diren ez-betetzeak dauzkagun honetan, eta administrazioaren teknikari nahiz ikuskatzaile kopurua Europar Batasunekoaren erdia baino ez delarik, Ayerdi eta Goñiren Lan Sailak UPNren elkar-hartze eredua elikatzera bideratzen ditu baliabide publikoak, Lurraldeko Prebentzio Ordezkarien bitartez”. Lan-ezbeharrak desagertzeko ELAk langileak antolatzera deitu ditu.

LABek “irmo baino irmoago exijitzen diegu erakundeei eta enpresa horretako arduradunei gaurko ezbehar traumatikoaren inguruko zirkunstantzia guztiak argitzea, batez ere kontuan hartuta hiru langile hil direla azken lau urteetan enpresako bi lantegietan”. Izan ere, Lakber Sakana Group taldeko enpresa baita. Sindikatu abertzaleak gaztigatu duenez, “istripu ia guztiak oinarrizko segurtasun neurri batzuekin ekidin zitezkeen”. Eta LABeko ordezkariek nabarmendu dutenez, “halakoek agerian uzten dute prebentzio arloan atzera goazela prekarietatearen ondorioz”. LABek jakinarazi duenez, aurten Hego Euskal Herrian dagoeneko 27 pertsona hil dira lan istripuan, haietatik 9 Nafarroan. Euskal Herriko gehiengo sindikalak datozen egunetan mobilizazioak antolatuko ditu eta haietan parte hartzera deitu du.

CCOOtik gaztigatu dutenez, “lan-istripuen kopurua gehien hazi den erkidegoa da Nafarroa. Horri buelta emateko beharrezkoa da politika publikoak birformulatzea, langile plantilek lan seguru eta osasungarrirako eskubidea berreskuratzeko”. CCOOko kideendako “lan istripuak saihestu daitezke, enpresen betebeharra da hori egitea, administrazioarena exijitzea”. Hiru sindikatuek familiari eta hurbilekoei elkartasuna eta doluminak adierazi dizkiote.

Aurretik
Ibarrean 15 hilabete eman ditugu lan istripuan inor hil gabe. Azkena, Sakana kooperatiban izan zen 2018ko martxoaren 15ean zauritu eta hurrengo egunean hil zen langilea. Aurretik, lantegi berean azpikontratatutako enpresa bateko Corellako langilea teilatuan lanean ari zela erori eta hil egin zen 2015eko garagarrilaren 26an. Epaitegiak azpikontratatutako enpresako bi arduradun zigortu zituen. 2015eko martxoaren 30ean Noainen izandako lan istripuan sakandar bat hil zen.