11/13 sumarioko auzipetuak mobilizazioetan parte hartzera deitu dute

Guaixe 2019ko eka. 28a, 11:48

Auzipetu nafarretako batzuk.

Larunbatean, 20:00etan, Arbizun; garilaren 5ean, Iruñean eta irailaren 14an Bilbon izanen diren mobilizazioetan parte hartzera deitu dute.

Espainiako Auzitegi Nazionalean presoen eta erbesteratuen alde lanean arituta 47 euskal herritar epaituko dituzte irailaren 16tik aurrera. 11/13 sumarioko auzipetuetako 11 nafarrak dira, Fran Balda Araña arbizuarra barne. Astelehenean egindako agerraldian azaldu zutenez, “gure printzipio politiko eta etikoei loturik aritu gara uneoro, eta lasai gaude egin dugunarekin. Epaiketaren kontra protesta egiteko ekitaldi bat eginen dugu garilaren 5ean, 19:00etan, Iruñeko Burgoen plazan. Baina, era berean, baliatu nahi dugu esateko oso harro gaudela egin genuen lanaz, eta berriz egingo genukeela”.

Auzipetu nafarrek gogorarazi zutenez, haien egitekoa izan da “presoen eta erbesteratuen osasunaz arduratzea, Euskal preso politikoen eskubideen aldeko mobilizazioak antolatzea, presoen eta erbesteratuen defentsa juridikoa egitea, presoen eta erbesteratuen senide gisa antolatzea eta preso eta erbesteratuentzat bitartekari lanak egitea”. Auzipetuen iritziz “epaiketaren oinarrian dauden arrazoiek bere horretan diraute 2019. urtean. Aro berri baten testuinguruan egiten ari ginen lan hau guztia, urtetan luzatutako gatazka konpontzeko bide berriak lantzen ari ziren, eta logika horri loturik ari ginen gu ere, ilusioz, presoen eta erbesteratuen gaia konpontzeko eginahalean. Horregatik kolpatu gintuzten”.

Deia ere egin zuten: “makroepaiketa hori dela-eta haserre eta suminduta zaudeten guztioi, zuen babesa eta elkartasuna adierazi diguzuen guztioi, dei egiten dizuegu mobilizazioetan parte hartzera”. Aurrena, Sakanakoa, Arbizun izanen da larunbatean, 20:00etan, Balda herrian, 47an herrian leloa duena. San Fermin festen bezperako egunean, garilaren 5ean, 19:00etan, Iruñeko Burgoen plazan Berriz eginen nuke! leloa duen mobilizazioa iragarri dute. Azkenik, epaiketaren aurretik, irailaren 14an Bilbon eginen den manifestazioan parte hartzera deitu dute.

Gastua
Epaiketak auzipetu bakoitzarendako 7.200 euroko gastua izanen da, guztira 340.000 euro. Gastu horri aurre egiteko auzipetuek Laboral Kutxan ES82 3035 0057 9205 7005 9033 kontu zenbakia zabaldu dute.