Oinez eta hegan

Guaixe 2019ko eka. 28a, 12:02

Baiza parapente taldeak Euskal Herriko II. Oinez & Hegan Txapelketa antolatu du bihar, larunbatean, goizeko 10:30etik aurrera. Parapentelariak Arbizuko kanpinetik aterako dira, oinez edo korrika, Beriain, Santa Marina edo nahi duten tontorrera, mendi gainetik hegaldia egiteko

Aurreko urtean Elorriok Euskal Herriko I. Oinez & Hegan Txapelketa hartu zuen. Aurten Sakanako Baiza Parapente Taldeak hartu du Larrano parapente taldearen lekua eta bihar, ekainaren 29an, larunbatarekin, Euskal Herriko II. Oinez & Hegan Txapelketa antolatuko du Arbizuko kanpinean. Txapelketa goizeko 10:30ean hasiko da.
 
Beriain, Baiza edo Santa Marinatik
Txapelketan parte hartuko duten parapentistek oinezko ibilaldia eta parapente hegaldia uztartuko dituzte; hau da, pilotu bakoitzak erabili ahal izango dituen baliabide bakarrak bere oinak eta parapentea izango dira. Horrela, parapentea motxilan hartu eta Arbizuko ekokanpinetik aterata, oinez edo korrika joango dira aukeratzen duten hegaldi eremuetara: Beriain, Baiza, Santa Marina… eta behin hara igota, hegaldiari ekingo diote. Halako probetan esfortzua, estrategia eta hegaldi librea jorratzen dituzte parapentistek.

Beriain tontorrerainoko ibilbideak 7.7 kilometro ditu eta 1.000 metroko desnibel positiboa, eta Baiza tontorrerainoko igoerak, 10 kilometro eta 700 metroko desnibel positiboa.

Tontorrera heldu ondoren, parapentea kokatu, aireratu eta Arbizuko kanpin inguruan kokatuko den gunean lurreratuko dira kirolariak. Ondoren, korrika edo oinez sartu beharko dira inguruan egongo den helmugara. Txapelketa maila guztietako pilotuei zuzenduta dago, baina mendian zein hegaldietan askotariko baldintzetan moldatzeko abilezia izatea komeni zaie parapentistei. Jakina, parte-hartzaileak federatuta egon beharko dute, istripu aseguruarekin. Eta ezingo dute itsaso mailatik 1.800 metrotako altuera pasatu. Hala eginez gero, berehala txapelketatik kanporatuak izango dira.

Proban hainbat kategorietan parte hartu ahal izango da baina proba nagusia Euskadiko Oinez&Hegan txapelketa izango da, EAKF federatuendako. Era berean, bi sailkapen mota ere egongo dira, Euskadiko Txapelketarako puntuatuko ez dutenak: Open kategoria, beste federazio, herrialde edo konpainia batzuetan aseguratuendako, eta lehen euskal herritarra maila, Nafarroan, EAEn edo iparraldean erroldatutakoendako.

Izena ematea edo informazioa Baiza Parapente Taldearen Facebookean (Baiza Parapente Taldea) edo blogean –baizataldea.blogspot.com– topatu daiteke.