“Errudun badira, geu ere”

Guaixe 2019ko uzt. 5a, 12:37
Larunbatean makina bat manifestazi elkartu ziren Baldari babesa emateko.

11/13 sumarioan Fran Balda Arañarendako eta beste 46 euskal herritar auzipetuendako absoluzioa eskatu dute. Baita “antolatu eta auzipetuekin eta euskal errepresaliatuekin solidario izatea” ere.

Espainiako Auzitegi Nazionalean 20 urte eta erdiko espetxe-zigorrari eta 10.800 euroko isunari eginen die aurre Fran Balda Arañak irailaren 16tik aurrera. Beste 46 auzipeturekin batera. Guztira 601 urteko zigor-eskaerak daude. Haiei elkartasuna adierazteko Balda herrian. Epaiketa politikorik ez! 47ak herrian leloa zuen manifestazioa egin zen larunbatean. Akaberan adierazi zutenez, “pertsona horiei leporatzen zaien delitu bakarra euskal preso politiko eta erbesteratuen eskubideen defentsa egin izana da. Pertsona horien lanari esker euskal presoen eta euren senideen baldintza gogorrak arindu izan dira, ahal zuten neurrian”.

Balda Herrian plataformako kideek gaineratu zutenez, “haiek epaitzen dituztenean gu guztiok epaituko gaituzte”. Ziurtatu zutenez, “preso eta erbesteratuekiko elkartasuna antolatzeagatik epaituko dituzte. Guri dagokigu auzipetuekiko solidario izan eta elkartasuna antolatzea”. Aldi berean, “auzipetuekin eta euskal errepresaliatuekin solidario izatera deitu zuten”. Antolaketarako deia berretsi zuten.

Balda Herrira mugimenduaren kontrako bi sarekadetan atxilotu zuten: 2013ko irailaren 30ean eta lastailaren 4an askatu eta 2015eko ilbeltzaren 12an atxilotu eta urte hartako lastailaren 16an askatu zuten. Baldintzapeko askatasunean dago, epaitegira hamabostean behin joan behar du eta ezin du estatutik atera. Plataformatik gaztigatu dutenez, epaiketa iritsi bitarteko urteetan Baldaren bizitza “guztiz baldintzatu dute. Epaitu gabe jada zigorra betetzen ari da”.

Agenda
Plataformakoek gogorarazi zuten Iruñeko Burgoen plazan gaur, 19:00etan, auzipetu nafarren aldeko ekimena izanen dela. Berriz eginen nuke! leloa du. Agendan beste bi data gordetzeko eskaera egin zuten ere. Irailaren 7an, larunbatean, Arbizun mobilizazio handia iragarri dute, “auzipetuek egin duten nazio-deialdiari erantzunez”. Irailaren 14an, berriz, auzipetuek Bilbon antolatutako manifestazioan parte hartzeko eskatu dute.

Bitartean, “herritarron elkartasuna biltzeko sinbolo gisa zapi bat erabiliko dugu”. Herrietako festetan mugituko dituzte zapi horiek eta haietan “elkartasun mezuak idaztera gonbidatzen zaituztegu”. Bildutako zapi guztiak irailean Arbizun eginen den ekimenean batuko dituzte. Azkenik, plataformako kideek gogorarazi zuten epaiketak 47 auzipetuendako 350.000 euroko gastua ekarriko duela, eta hori arintzeko diru-ekarpenak egiteko deia egin zuten.