11/13 auzikoak eragileekin harremanetan ari dira

Guaixe 2019ko uzt. 11a, 18:47
Iruñean auzipetu nafarrei babesa agertu zieten.

Epaiketaren kontra eta konponbidearen alde Jon Maiak idatzitako manifestuak 8.200 sinadura baino gehiago bildu ditu dagoeneko. www.11-13makroepaiketa.eus web gunean sinatu daiteke 

Espainiako Auzitegi Nazionalean 47 euskal herritarren kontrako epaiketa hasiko da irailaren 16an. 601 urteko espetxe zigor eskaerari aurre egin beharko diote auzipetuek, “euskal presoen eskubideen alde eta bake egoera bat finkatzeko asmoz lan egiteagatik”. Horien artean da Fran Balda Araña arbizuarra. Auzipetuek jakinarazi dutenez, “gehiengo politiko eta sindikala osatzen duten alderdi zein eragileekin harremanetan ari gara. Hainbat bilkura egin ditugu jada, eta aurrerantzean ere hainbat sektorerekin eta profesionalekin elkartuko gara”.

Bilera horien bidez euren “egoera larriaren berri eman eta konponbiderako gogoeta partekatuak ahalbidetzea da. Zeintzuen bitartez, bakea, elkarbizitza eta etorkizun hobe bat sustatzeko borondate irmoarekin urratsak emateko prest gaude. Harreman dinamika hau, gainera, nazioarteko hainbat herritara eramateko aukerak aztertzen ari gara”.

Auziaren berri emateko udako festetan Arbizuko Balda herrira! Plataformako kideek zapiak banatuko dituzte haietan elkartasun mezuak idazteko. Zapi guztiak irailaren 7an, larunbatean, Arbizun eginen den ekitaldian elkartuko dituzte. Bestetik, irailaren 14rako, Bilbon manifestazioa deitu dute. Horren aurretik, 11 nafar auzipetuei elkartasuna adierazteko Iruñeko Burgoen plaza beteta zegoela ekitaldia egin zen joan den ostiralean.