Trikitilarien doinuz lagunduta, arbizuarrak Aralar mendiaren magaleko basorantz abiatuko dira gaur 11:30ean. Sandindei borda iristen direnean udalak aatea eskainiko die bildutako guztiei, bitartean musikariak jo eta jo ariko dira. Prestatutako jatekoak mahaira eraman eta majo bazkalduko dute basoan arbizuarrek. Ilundu aurretik, trikitilarien doinura Arbizura bueltatuko dira.
Arbizuarrak Sandindeiko erromeria 2005ean hasi ziren ospatzen. Ihoteetaz eta San Juan festez aparte arbizuarrak beste festa egunen batean elkartzeko premiari erantzunez. Agorrilaren erdialdean ospatzen hasi zen, baina 2014an hilaren azken larunbatera aldatu zuten ospakizuna, indartu asmoz. 2015ean ere hilaren akaberan izan zen, baina 2016az geroztik agorrileko hirugarren larunbatean ospatzen da. Hala ere, Arbizuko Udaletik azaldu digutenez, euren asmoa da, “orokorrean, herriko festen inguruan arbizuarrei galdetzea; eta horren barruan, Sandindeiko egunaren etorkizunaz galdetzea ere”.