Futsalsakana Areto Futbol Eskola sortu nahi dute Arbizun

Guaixe 2019ko ira. 4a, 14:19
Osasuna Magnako juniorrak, aurtengo partida batean.

Ostiral honetan ate irekien eguna egingo dute Arbizuko kiroldegian 17:00etatik aurrera, eskolaren nondik norakoak azaltzeko. Dohainik da baina izena emana beharra dago Futsalsakanako web gunean

Sakanan eta bereziki Irurtzunen areto futbola sustatzen duen Futsalsakanak ekimen berria dakar: Arbizun urrian martxan hasiko den Futsalsakana Areto Futbol Eskola berria. 5 eta 11 urte bitarteko neska-mutikoei zuzendutako ekimena da. Orain arte Futsalsakanak Irurtzunen landu du bere jarduna, baina ibarrean areto futbola sustatzeko Arbizun eskola sortu nahi dute. ʺProiektu berri bati ekingo diogu, munduko ilusio eta motibazio guztiekin, Sakanako eremuan erreferentzia den areto futboleko eskola hau aurrera ateratzen saiatzeko. Horrela, inguruko neska-mutilek, orain arte gauza bat edo beste dela areto futbolean aritzeko aukerarik izan ezin dutenak, kirol honetan sakontzeko aukera izanen dute, laguntasuna, diziplina eta sakrifizioaren baloreak lantzeko aukera eta, bereziki, kirol honekin ongi pasatzeko aukera” diote Futsalsakanakoek. Talde honen sustatzaile nagusiena Leandro Fernandez da, bere garaian Xotako jokalari handia izan zena eta egun entrenatzaile lanetan dabilena. 

Baloreak
Ondokoak izango dira Futsalsakana areto futbol eskolak sustatuko dituen balioak: kirolaz gozatzen ikastea; taldean lan egitea eta helburuak lortzen ahalegintzea; kirola elkartasuna, laguntasuna, ahalegina eta hobekuntza gisa ulertzea; jokalarien eta entrenatzaileen arteko bizikidetza eta erantzukizuna sustatzea; eta aurkaria eta epailea errespetatzea. 

Taldetik adierazi dutenez, taldeko entrenatzaileak monitore eta prestatzaile kualifikatuak izango dira, Leandro Fernandez bera eta Endika Mendinueta Iribarren arbizuarra izango dira, eta tarteka Xotako jokalarien bista izango dute. Filosofia parte-hartzailearekin egingo dute lan, eta gurasoen lankidetza aktiboa eskatuko dute. ʺBaloreetatik heztea, pertsona onak sortuz, bizimodu osasuntsua lortzeko ohiturak, kiroletan eta ikasketetan arduratsuak izatea… gure ikastetxearen oinarrizko balioak izango dira” diote antolatzaileek. 

Ostiralean ate irekien jardunaldia, proiektua ezagutzeko
Areto futbolean interesa duten neska-mutikoei proiektu berria ezagutarazteko, ostiralean, irailaren 6an, ate irekien jardunaldia egingo du antolakuntzak Arbizuko kiroldegian. 17:00etatik 18:00etara 5 eta 8 urte arteko neska-mutilendako saioa izango da eta 18:00etatik 19:00etara 9 eta 11 urte artekoendako. Horrela, masterclass entrenamendu baten bidez, taldeak erabiliko diren metodologiaren berri eta taldearen funtzionamenduaren berri izango dute. Dohainik izanen da baina parte hartzeko izena eman behar da Futsalsakako web gunean:  www.escuelafutsaltxiki.futsalsakana.es

Halaber, Arbizuko taldean izena eman nahi dutenek web gune berberean egin dezakete izena ematea.