Arbizuko Letrak Ahora II lehiaketa martxan da

Guaixe 2019ko ira. 9a, 12:54
2018ko Letrak Ahora lehiaketaren lehenengo irabazleen argitalpen ilustratua. ARTXIBOA

Gastronomia ardatz duen literatur lehiaketara lanak aurkezteko epea hilaren 29an amaitzen da

Urriaren 13an Txistor Eguna ospatuko da Arbizun eta horren harira, bigarren urtez, Arbizuko Udalak Letrak Ahora II Literatur Lehiaketa antolatu du. Hortaz, gastronomia ardatz hartuta poesiak eta narrazio laburrak egitea proposatzen du lehiaketak.

Letrak Ahora literatur lehiaketaren gaia gastronomia da eta bi sail daude: narrazio laburra eta poesia. Narrazio laburrak gutxienez 1500 karaktereko luzera izan behar du (orrialde 1) eta gehienez 3 orrialdekoa. Poesia lanek gutxienez 10 lerro izanen dituzte eta gehienez 50 lerro. Lanak kultura@arbizu.eus helbidera pdf batean bidali behar dira, eta beste dokumentu batean datuak bidali behar dira.

Arbizuko Txistor Egunean izanen da literatur lehiaketaren sari banaketa. Sail bakoitzean sari bana banatuko da: 100 euro eta narrazio laburra eta poesia biltzen duen argitalpen ilustratua. Informazio gehiago Arbizuko udalaren web orrian.