Baldarekin elkartasun eguna antolatu dute

Guaixe 2019ko ira. 6a, 10:24

Epaiketaren kontra eta Baldari elkartasuna adierazteko manifestazioa.

Bihar izanen da. Presoen eskubideen aldeko Herrira mugimenduan aritzeagatik epaituko dute irailaren 16an.

11/13 sumarioaren barruan 47 euskal herritar epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean hamar egun barru. “Erakunde terroristan parte hartzeagatik, terrorismoa goratzeagatik edota hura finantzatzeagatik” 601 urteko espetxe zigor eskaerari aurre egin beharko diete. Epaituen artean Fran Balda Araña arbizuarra dago, 20,5 urteko espetxe zigorrari aurre egin beharko diona presoen eskubideen aldeko Herrira mugimenduan aritzeagatik. 

47ek ziurtatu dutenez, “errepresioak eta espetxeak eragindako minak arintzeko eta gatazka politikoa gainditzeko lan egin dugu epaituak izango garen pertsonok. Auzipetuek gaztigatu dutenez, “gu epaitzeaz aparte, Euskal Herrian urte luzez garatu eta saretu den jarduera politiko oso bat epaitu eta zigortu nahi dute epaiketa horrekin”. 

Balda herrira! plataformak arbizuarrari elkartasuna adierazteko aukeratu du biharko eguna. Areto futboleko txapelketa berezi batek zabalduko du egitaraua: lauko taldeen arteko lehia. Baina txapelketan izena emateko pertsona bakoitzak eman beharko du izena Arbizuko Arrauts edo Aralar tabernetan (5 euro). Izena eman dutenen zerrenda eskutan, antolatzaileak izanen dira taldeak osatzeaz arduratuko direnak. Txapelketa 09:00etan hasiko da, Arbizuko kanpinean. Hura despedituta, herri bazkaria izanen da plazan, 14:00etan. Bazkalostean zozketak eta musika emanaldia izanen dira. Eta elkartasun eguna despeditzeko, 19:00etan, udan zehar Sakanan barna jasotako zapiekin giza katea eginen dute plazatik Baldaren etxeraino. 

Manifestazioa 
Auzipetuei elkartasuna azaldu eta auzia salatzeko Bilbon manifestazioa eginen da irailaren 14an. Giza eskubideak, askatasuna, etorkizuna. Herrian leloa izanen du. Bilbora autobusez joateko herrietan, ohiko tokietan, izena emateko aukera dago dagoeneko. 47 auzipetuek euren herrietan gelditzearekin batera, manifestazioan “euskal preso eta erbesteratuen herriratzeak urgentzia” duela aldarrikatuko da.