Balda Herrian! plataformak Sakandarrak Bilboko manifestazioan parte hartzeko gonbidapena egin zuen larunbatean. Eta autobusez joateko ohiko tokietan izena eman daitekeela gaztigatu zuten. 11/13 sumarioaren baitan astelehenetik aurrera epaituko duten Fran Balda Arañari elkartasuna adierazteko jardunaldia antolatu zuen plataformak. Arbizuko plaza eta Mikel Aingeru kalean dagoen etxean zapi-giza kateaz lotu zuten. Plataformako kideek euren nahia azaldu zuten Baldaren etxe ondoan: “epaiketa honek sortutako sumindura eta elkartasuna bihur dadila euskal preso, iheslari eta deportatuak herrian izateko aldarria eta indarra. Guztion artean lor dezakegu. Denak herrian”. Salbuespen neurrietan oinarritutako espetxe politika eta urruntze politika bukatzea, gaixo daude presoak askatzea, zigor luzapenak bertan behera uztea eskatu zituzten, besteak beste.
Plataformatik gaztigatu zutenez, “iraganeko errepresio-estrategia baten aurrean gaude, blokeatu eta garai zaharretara katramilatu nahi gaituena. Ez dute aroa itxi nahi, baina euskal jendartearen gehiengo erraldoi batek iraganeko estrategia horiek atzea utzi eta gainditu beharraren sinesmen osoa dauka”. Nabarmendu zutenez, “salbuespen entzutegietatik ezin dugu justiziarik espero”, gaineratuz, “orrialde latz hau gainditzeko gure borondatea beti izan da konponbidean pausoak ematea eta afera erresolbitzea”.
Zenbaki sarituak
Balda herrian elkartasun zozketako sariak irailaren 27ra jaso daitezke, txartelean agertzen den telefonora hots eginez. Zenbaki sarituak honakoak dira:
1. saria, Ezkurdiaren kamiseta: 1969.
2. saria, Lizarragako Bargazpi tabernan bi pertsonendako bazkaria: 3165.
3. saria Arbizuko Ekokanpinean bi pertsonendako afaria: 599.
4. saria: Iruñeko Geltokin, 2 pertsonendako dastaketa: 2686.