Justua ez den egoera bati aurre egin beharko diogu.

Guaixe 2019ko ira. 14a, 09:29
Fran Balda Arañari Lakuntzako festetan babesa agertu zioten.

Fran Balda Araña eta beste 46 euskal herritar Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dituzte astelehenetik aurrera. 11/13 sumarioko epaiketa da, bost pieza dituena eta Herrira mugimendukoaren barruan sartu dute arbizuarra. Igandean joanen dira Madrila, Mirentxin Gidariek utzitako furgonetetan. “Dinamika pila bat eta jende pila batekin egon beharra, herrian eta Sakanan mobilizazioak, mozioak, urduritasuna”, horiek guztiek uda “luzea” bihurtu diote Baldari. Hala ere, “ongi” dagoela dio. Fiskalak zera leporatzen dio: erakunde terroristan parte hartze aktiboa (11 urteko espetxe zigor eskaera), terrorismoaren goratze jarraitua egitea (2,6 urte), terrorismoa finantzatzea (6 urte) eta kautela-neurria urratzea (0,11 urte). 

Zer zen Herrira?
Egin dezagun bidea kanpaina izan zen 2011n. Jende mordoxka bat biltzen ari zen presoen eta iheslarien gaia konpontzeko nahiarekin. Kristoren manifestazioak egin ziren. Herrira sortu zen zegoen zabaltasun hartatik, eta ikusten zen antolatu beharretik. Jende multzo bat elkartu ginen eta pausoak ematen hasi ginen Herrira sortzeko. Desagertzeko asmoarekin jaio zen, helburu garbia zelako: preso eta iheslariak etxean egotea. Lema zen: kaleak bete, kartzelak husteko. Bizi zen itxaropen eta gogo hura, behingoz kartzelak husteko nahi hura… Horren inguruan bildu ginen eta hasi ginen jendea eta nahi hori antolatzen. Euskal Herrian kristoren gogoak zeuden eta ikusi zen, zeren, bat-batean, 200-250 Herriraren talde sortu ziren. 

Egoera berezia bizi zen Euskal Herrian ETAk bere jarduera armatua uzten zuela esan zuelako. Egoera berezi horretan sortzen da Herrira. Zerbait berria, freskoa egin nahi genuen. Kolore urdina, poza, mobilizatzeko askotariko jendea bildu, mobilizatzeko era desberdinak saiatu… Hori zen, jendearengan zegoen ilusioarekin gauzatu zen mugimendu bat. 

Zergatik jo zuten haren kontra?
Estatuek-eta daukaten aldagai nagusia da beti errepresioa. Beti saiatzen dira errepresioa erabiltzen, duten armarik potenteena. Euren helburuak lortzeko zerbait gustatzen ez zaienean horrelako golpe errepresiboak ematen dituzte. Garaiko Espainiako Barne Ministroak esan zuen: momentu horretan Herrira zen ilusio hura nolabait biltzen zuena, mobilizazio ahalmen handia zuena, jende asko herri askotan antolatuta. Hori bidetik kendu behar zen. Garai hartan Herriraren jarduera nagusia zen Parot doktrinaren kontrako salaketa. Justizia eza zela esaten genuen, presoek kalean egon behar zutela. Europatik etorri zen berri on hori. Ia ehun preso etxera etortzea lortu zen. Testuinguru horretan ematen da Herriraren kontrako operazioa. Hori lantzen ari ginen eta, nolabait, zapuztu nahian: badoa, egoera berrian, honek ilusioa ekar dezake… Ba, makila eta azenarioa. Europatik horrelakorik badator, orduan Herrirari egurra. Tartean ni nintzen. Jende askok sufritu du kartzela gure herrian. Jende askok esaten dute elkartasuna maitasun keinu inportante bat dela. Jende askok asko eman du eta maitasun asko erakutsi du. Eta nire inguruan, zorionez edo zoritxarrez, horrelako jende asko egon da, kartzela ezagutu duena eta bulkatzen zaitu lan hori egitera. Erdian topatu nintzen momentu hartan, tokatu zitzaidan. 

Fidantzapean aske gelditu zinen. Zein baldintza behar izan dituzu 2015eko lastailaren 16az geroztik?
Jende askok Euskal Herrian nozituko zituen baldintzak dira. Lehendabiziko atxiloketa 2012ko irailaren 30ean izan zen. Atxilotu eta baldintza batzuekin askatu gintuzten: 15etik behin epaitegian sinatu behar dugu, estatutik ezin dugu atera (ateratzeko baimen bereziak eskatu behar entzutegian), ezin dugu preso eta iheslariekiko zerikusia duen edozein mobilizazio edo dena delakoetan parte hartu eta abar. Egoera horretan nengoela bigarren atxiloketa heldu da (2015eko ilbeltzaren 12an), esaten dutelako jarraitzen dudala presoen eta iheslarien aldeko ekimenak egiten. Kartzelara eraman (9 hilabete) eta 10.000 euroko fidantzapean gelditu nintzen aske. Baldintzak berdinak dira. 

Fiskaltzak 20,5 urteko espetxe zigorra eta 10.800 euroko isuna eskatu du zuretako. Zer balorazio egiten duzu? 
Lehen esandakoa, errepresioa da daukaten aldagai nagusia eta hori erabiltzen dute. Eskaerak dira eskandalagarriak. 20,5 urte pasada handi bat da. Alde batetik, kristoren amorrua ematen dizu, zeren pasatzen dituk, beti egiten dute. Bestetik, nabaritzen duzu inguruan kezkak, zure ondokoengan-eta egon-eza inportanteak sortzen dituela. Beno, aurre egin behar. Gogor eta indarrez. Inguruan jende asko dago. Aurrekoan ere Arbizukoa harrigarria izan zen. Halako egoerak hunkitzen zaitu. Giza kate hori plazatik hasita etxeko ateraino, ba… Ta ongi. Lehen esan dizudana: estresaturik, urduriturik, zer heldu zaizun ez jakite horretan. Baina, beno, hori beraiek eskatzen dute, euren neurrigabekotasunean. Justua ez den egoera bati aurre egin beharko diogu. Eta aurre egiten ari gara ahal dugun moduan. Eta ez bakarrik. Aparte jendea herrian, gu ere 47ak, elkar babestuz, elkarri lagunduz. Egia esateko, zaila da 47 pertsonen batuketa horretan gauzak adostu, egitea-eta, baina elkarri lagunduz eta inguruarekin, ongi.      

Defentsa prestatzeko bilera asko izan dituzue?
Bagabiltza. Epaiketaren dataren berri maiatza inguruan izan genuen. Alde batetik, gure asmoa zen gizartea zetorrenaz gaztigatzea. Hori, uste dut, lortu dugula. Baina ibili gara igeriketan ubelde nahiko latzean, zeren eta hauteskundeak ziren hasieran eta ez baikenuen lortzen gure kanpaina sartzea, injustiziarena, kalera begira. Baina ordutik hona izan dugu aukera abokatuekin hitz egiteko eta eurekin egoteko. Geldi-geldi prestatzen joateko. Bakoitzaren eskaerak. Dena bat egin dute, baina kausaka zatituta gaude: Etxerat, Jaiki Hadiko, bitartekariak, abokatuak eta Herrira. Eta bakoitzak horren barruan bere berezitasunak ditu. Zeren Herrirakoek ez ditugu akusazio berdinak: batzuk finantziazioa dute, besteek…  Nire abokatua Josu Beaumount. Eta oso ongi. Bagoaz prestatzen. Beta izan dugu. 

Hor ere Altsasuko Auzia heldu da. Tartean Amaia Izko eta Jaione Carrera abokatuak… 
Asko harrapatu gintuztenez, hor profesionalak eta beste lan batzuk ere badituzte, Altsasukoena… Lehenago Parot doktrina aipatu dudanean, Amaia ere tartean zegoen. Kasu honetan bai Amaia bai Jaione Carrera kausakideak ditugu. Dena batera tokatzen da eta hori kudeatu behar da. Astelehenean hasten dugu epaiketa, asteazkenean Altsasuko Auzia. Konplikatua, baina aurrera egiteko bidea besterik ez dago.   

Epaiketak iraun ditzakeen hiru hilabeteetan auzi-gelan presente egotera behartuta zaudete?
Printzipioz, bai. Ezinbesteko kasurik ez baldin baduzu (amatasuna, gaitzen bat…) han egon behar duzu. Hiru hilabete dira, gutxi gorabehera 24 egun dira. Kalkulatu hilabeteko gutxi gorabehera zortzi egun izanen direla. Batzuetan aste batean hiru egun, beste batean lau, beste batean bi. Joan-etorria eta han egon beharra. Zentzu batean, zaila da. Asko mugitu behar zara, buelta asko eman behar dituzu. Batzuk lana utzi beharko dute. Familia, haurrak… dena. Haurrak aipatuta, 18 urtetik beherako 38 umeren ama-aitak gara. Horrek suposatzen duen zailtasun guztiekin: zer pasatu daitekeen etxean azaltzerakoan, zer egoeratan…  Hori ere problematika inportantea da. Umeekin bezala, gurasoak, edadeko jendea, denetarik dugu. Egoera humano indartsu bat dugu aurrean, bai. 

Bestea, ekonomikoa da, ez?
Madrilera jaistea, lo egin behar duzu, han egon behar duzu, aparte zure defentsa pagatzea… Gauza asko dira. Azkenean, diru-montoi bat xahutzen dizu halako egoera batek. Ibili eta buelta, zure bizitza sartzen da. Gure herri honetan halako kontzientzia-kolektiboa dago eta gauzak egiten badaki. Elkartasun politikoaz aparte, ekonomia-elkartasun ere etortzen da. Jendeak gauza asko, eta bikainak, ari da egiten herrietan. Gero nabari da. Horrek epaiketari aurre egiteko bidea emanen digu, bai. 

47ak herrira. Balda herrira. Dinamikak izan dira bai Euskal Herrian, bai Arbizun. Zer iritzi. 
Esker hitzak motz gelditzen dira. Latza da jendeak egiten duena. Inguruan jendea buru-belarri uda guztian. Jendea oporretara joaten da, eta argazki pila bat. Ikaragarria izan da. Ez bakarrik Arbizun, Sakanan, gainontzeko herrietako plataformak… kristoren lana egin da, bai. 

Epaiketa ez egiteko akordio bat onartzeko aukera aipatu zenuten larunbatean. 
Gu gauza asko esateko asmotan joan ginen larunbatean, baina hedabideak izugarriak izaten dira. Baina nahi dituzten zatiak hartzen dituzte. Egia da gu hasieratik edozein egoerari aurre egiteko arduraz egon gara. Une honetan ez dugu inolako akordiorik. Baina edozein planteamendu etorrita ere, begiratuko genuke, aztertuko genuke, arduraz jokatuko genuke. Eta horrekin ere aurrera eginen genuke. Etortzen denari aurre eginen diogu. Erabaki kolektiboak hartu eta horrekin beti aurrera, argi izanik ere, orain arte egin ditugun gauzak, kalean egon garenean, Herrira sortu genuenean, presoen defentsan egon garenean, mediku-laguntza ematen, edo familiak… Inportantea da azpimarratzea 47ek herrian egon behar dugula. Baina denak egon behar dutela etxean. Bada garaia gainditzeko hainbeste sufrikario utzi dituen eta gaur egun uzten dituen egoera bat. Bideberrietan 16 biktima, hildako ditugu, presoei bisitan joatean hilak. Herrira kartzelak eta erbestea husteko jaio zen. Horri garrantzi berezia eman behar zaio. Hori da momentu honetan inportanteena. 

Nolabait, herriaren eta kartzelaren eta erbestearen arteko zilborra moztu nahi izan zuten. Horren atzetik dabiltza. Ez dute lortu. Herri honek kontzientzia kolektibo bat du non gauza horiei beti aurre egin dien. Jendea bakarrik ez du utzi. Lagundu egin dio. Kartzelan eta erbestean hartzen dituen erabakiak beti babestu ditu. Hori Euskal Herriak garbi du. Egin da eta egiten segituko da. 

Bilbora manifestatzera deitu duzue gaur. Zergatik?
Gu Madrilera babes handiarekin joateko izanen da. Baina, nolabait esateko: bada garaia herri honek beste egoera batean bizitzeko badaukala esperantza, eta beharra. Bake egoera egiazkoa bizitzeko garaia badela. Horretarako, gauza askoren artean, baina bat oso garrantzitsua izanen da presoen eta iheslarien etxeratzea nahi eta nahiez. Mezu horrekin Bilbora konbentziturik goaz. Esperantza dugu jendea bilduko dugula, handia izanen dela. Autobusak antolatzen ari dira. Ea Bilboko karrika horiek topera betetzen ditugun beste behin ere, injustiziari ezezkoa emateko eta herri honen nahiari baiezkoa emateko. Eta elkarri helduta aurrera egiteko nahia dugula. Ametsak betetzeko daude, eta iritsiko da egun hori, ametsa betetzen dena. Hori bai, borrokatu eta lan egin beharko dugu, bestela ez da betetzen. 

Erlazionatuak

"Eskaerak eskandalagarriak dira"

Beleixe Irratia 2019 ira 13 Arbizu