Akordioa eginda, Balda herrian

Guaixe 2019ko ira. 17a, 18:52
Auzipetuak Madrilerako bidean zirela.

Aldeak ados jarri dira eta 11/13 sumarioko 47 auzipetuek egotzitakoa onartu dute. Akordioa “kolektiboki” adostu dute. Haietako bik bost hilabetez kartzelara joan beharko dute.

Espainiako Auzitegi Nazionalean 11/13 sumarioko epaiketa atzo hasi eta bukatu zen. 47 auzipetuak, Miguel Angel Carballo fiskalak, Dignidad y Justicia eta AVT akusazio partikularrek akordioa lortu zuten. Horren ondorioz 47 auzipetuetatik 45ek kartzela saihestuko dute. Izan ere, “erakunde terrorista batean parte hartu izana” onartu dute eta ondorioz fiskalak haiendako urte eta erdi eta bi urte arteko espetxe zigorra ezarri die. Aurrekaririk ez zutenez ez dute kartzelara joan beharko. 

Horien artean dago Fran Balda Araña. Fiskaltzak harendako 20,5 urteko espetxe zigorra eskatzen zuen eta akordioaren ondorioz 1,7koa jaso du. Gainera, arbizuarrak 1.800 euroko isuna ere ordainduko du atxilotu ondoren “behin behineko neurriak” bete ez zituelako (euskal presoen aldeko egitasmoetan parte hartzeko debekua jarri zioten). Auzipetu guztiak, aldi berean, 3 edota 4 urtez kargu publikoetan ezin izanen dute lan egin, eta administrazioaren arloan inhabilitatuta izanen dira. Baldari harrera egin zioten herritarrek atzo arratsaldean.