Udalak Sandindei indartzeko proposamenak jaso ditu

Guaixe 2019ko ira. 22a, 13:11

Arbizuko Udalak herriko ospakizunez herritarren iritzia jasotzeko asmoa adierazi zuen legegintzaldi hasieran. Eta Sandindei egunean hasi ziren horretan.

Agorrilaren 17ko festa eguna baliatuz udaleko kideek mahaiz mahai Sandindei egunari buruzko galdetegi bat banatu zuten. 62 erantzun jaso zituzten egunean bertan. Baina han ez zeudenen, gutxitan parte hartu dutenen eta festan sekula parte hartu ez dutenen iritzia jaso nahi dute udalean, banakakoa edo taldekoa. Galdetegia arbizuar guztiei iristen saiatuko da udala baina, bestela, iritzia partehartzea@arbizu.eus e-posta helbidera bidali daiteke. 

Orain arte jasotako iritzien arabera, parte-hartzaileei gehien gustatzen zaiena da: basoan bazkaria egitea, basoan jatea, lagun artean egotea, herriko jende desberdina biltzea edota sortzen den giroa. Gabezien artean dago jende gehiagoren parte hartzea. Hori lortzeko arbizuarrek orain arte proposatutako formulak dira: kartela lehenago atera eta propaganda gehiago egin, herriko elkarteek gaia landu (kirol, gastronomia, gazte), kirol txapelketa-apustua antolatu, karta txapelketak antolatu, ginkana bat egin, herriko musikariek emanaldi bat eman, Sandindegitik herrirako jaitsiera mantendu eta ondoren herrian ere zerbait antolatu eguna borobiltzeko. 

Festa zein egunetan egin behar den ere galdetu du udalak eta 21ek aldatzearen alde daude, “jende gehiagori aukera emateko”. Agorrileko azken larunbata edo iraileko aurrena proposatu dituzte. Beste iritzi bat igandera pasatzearen aldekoa da. Egunaren antolaketan parte hartzeko prest azaldu dira 62 erantzuleetatik 60. Besteak beste honako langintzetarako leudeke prest: zaborrak eta mahaiak biltzea, musika emanaldia antolatzea, ahatea prestatzea, kartelak jartzea, txapelketak prestatzea… Sei erantzunek Sandindeiko lana auzolan baten truke egitea proposatu du. 

Ospakizunaz
Sandindei erromeria 2005ean hasi ziren ospatzen arbizuarrak. Ihoteez eta San Juan festez aparte arbizuarrak beste festa egunen batean elkartzeko premia ikusi zuten. Agorrilaren erdialdean ospatzen hasi zen, baina 2014an hilaren azken larunbatera aldatu zuten ospakizuna, indartu asmoz. Baina 2016az geroztik agorrileko hirugarren larunbatean ospatzen da.