"Eguneko eta asteburuko menuetan gertuko produktua oinarri dugu"

Erkuden Ruiz Barroso 2019ko ira. 27a, 10:46
Iban Maia sukaldaria eta Rufi Berastegi Arbizuko Eko kanpineko bazkidea.

Rufi Berastegi Arbizuko Eko kanpineko bazkidea da eta Iban Maia kanpineko jatetxeko sukaldari berria. Urriaren 5ean udazken-neguko menu berria aurkeztuko dute

Modu berezian aurkeztuko dute, gainera: bertso bazkari dastaketa antolatu dute.

1. Udazken-neguko menua aurkeztuko duzue, baina, aurretik, nola joan da uda?
Rufi. Turismo aldetik oso positiboa izan da. Aldaketa bat sumatu dugu: lehen kanpina nahiko pasakoa zen. Aurtengo udan bertara gerturatzen zirenak gau bat edo egun bat pasatzera zetorren, eta azkenean bi, hiru, lau egun edo aste bat geratu dira. Ingurua beraientzat oso deigarria delako eta lasaitasunarengatik. Kataluniatik beti etorri izan da jendea eta aurten gehiago, baina hasi da Gaztelako eta Andaluziako jendea etortzen ere. Atzerritik Holandako jendea aipatuko nuke. Izugarrizko gorakada izan dugu. Lehen ingelesak ziren gehien bat, eta holandar gutxi etortzen ziren, baina oraingoan asko etorri dira. Udazkenean sartu garen honetan ere, momentu honetan daudenak, holandarrak dira. 

2. Zer prestatu duzue urriaren 5erako?
Iban. Bertso bazkari dastaketa prestatu dugu. Asteburuko menu berriari erantzuten dio. Zerbait berezia egin nahi genuen, azken bolada honetan kanpinean gauza sozio-kulturalak egiten direlako eta horri atxikita horrelako zerbait egin nahi genuen; jendeari gure menu berri horretako plater guztia dastatzeko aukera. 

3. Zergatik menu berria aurkeztu?
R. Nahiko nobedadea izango den gauza bat izango dela iruditzen zaigu. Jatetxeari beste buelta bat eman nahi genion. Jatetxe honen istorioa sorpresa izan da denontzat. Eskualdeko jendearen bilgunea bihurtu da. Igande arratsalde batez etortzen bazara Sakanako puntatik puntako jendearekin elkartuko zara, normalean ez garenak ere. Biltzeko leku bat dela uste dugu. 

4. Eta zergatik bertsolariak?
I. Kanpinean egiten diren ekitaldi sozio-kulturalen jarraiki eta nobedade gisa ere. Bi gauzak uztartu nahi genituen. Gure filosofiaren barruak sartzen direnak: alde kulturala eta gastronomia. Gainera, ez dakigu noizbait Euskal Herrian horrelakorik egin den, galdetu beharko diegu bertsolariei etortzen direnean. Zerbait berritzailea da eta biak uztartzeko espazio bat eskaini nahi genuen. Zergatik bi bertsolari horiek? Bertsolariak oso hurbilekoak dira, eta hori da arrazoi bakarra. Parekotasuna nahi genuen, baina azkenen Jon Maia eta Julio Soto etorriko dira. Ideia gustatu zaie. 

5. Asteburuko menua aurkeztea da helburua. Zein da menuaren oinarria?
I. Filosofia eredu bat jarraitu behar genuela pentsatu genuen: bertako produktua, bertan ekoiztua eta garaikoa. Hori da jarraitu dugun irizpidea eta hori da jarraitu nahi duguna. Bai asteburuko menuarekin bai eguneko menuarekin. Gainera, alergiak dituzten pertsonendako bideratuta kartaren diseinuan platerak nola datozen eta zer duten jarriko dugu eta pentsatzen ari gara begetarianoak, beganoak eta bestelako sektoreak asko asebetetzeko aukerak; asteburuko menu horren barruan beraiek kontuan hartuta diseinatutako karta bat dago. 
R. Bertan lantzeko gauza asko ditugu. Esaterako, baba txikiarena. Sakanako plater bat da eta nahiko galduta dago. Jende gazteak ez du ezagutzen ere. Zaila izango da, baina ziur Ibanek plateren bat sortuko duela gauza horiek berreskuratzeko. Interesgarria iruditzen zaigu irudimen pixka bat, magia pixka bat, botatzea eta bertako gauzekin gauza berriak egitea. Hor daude, eta potentziala dute. Horretarako lana egin behar da, eta Iban bezalako pertsonak izan behar dira gauza horiekin lan egiteko ilusioa duenak. 

6. Orain udazkenean zeintzuk dira produktu horiek?
I. Urriaren 5eko egunaz asko aurreratu gabe, landuko ditugun produktuak dira zizak, onddoak ea ateratzen diren eta hartzen ditugun; alkatxofa, eta bertako horretan oinarrituta ardia lantzen ari gara. Hemen ardi latxak bere pisua badu eta horrekin ere plateren bat egin nahi dugu. 

7. Nolakoa izango da dastaketa?
I. Udazken-neguan aterako dugun asteburuko eguerdiko menuko plater guztien dastaketa bat izango da. Apustua egingo dugu plater guztiak ateratzeko. Menuko platerak txikian izango dira; pintxoaren eta plateraren erdibideko gauza bat. Orain pentsatzen ari gara nola egingo dugun zerbitzua denboran ez luzatzeko eta arina izateko. Bertsolariekin ere zerbait berria egin nahi dugu. Bezperatan beraiekin egongo gara eta antolatuko dugu. 

8. Kanpineko sukaldari berria zara, Iban. Hori da aldaketa nagusia?
I. Aldaketak daudenean dena aldatzen da. Aldaketak egin nahi genituen ilusioarekin, gogoekin, giro onean eta zerbait hurbila, eta hori kanpinean islatu nahi genuen. Kanpinaren ibilbidea filosofia horretan oinarritzen da, eta aldaketa honekin horretan gehiago sakonduko dugu. Argiñanoren eskolatik heldu naiz. Han urte batzuk egin ditut, Argiñanoren jatetxean lanean egon naiz, eta gero hemen bizitzera etorri nintzen, kanpinera heldu arte. Eskolan horren eredua hori da: bertako produktua, hurbila, garbia, profesionala eta serioa. Eta hori hemen martxan jartzeko gogoz heldu gara. 

9. Asteburukoarekin batera, eguneko menu berria ere martxan jarriko duzue?
I. Orain arte eguneko menu bat zegoen eta buelta batzuk eman dizkiogu aipatutako filosofiaren baitan. Eguneko menua 13 eurotan egongo da, eta asteburu eguerdikoa 27 eurotan. Gauez menu informalagoa egongo da: hanburgesak, pitzzak, burritoak, plater konbinatuak... Baina eguneko menua indartu nahi dugu eta jendeak egunerokoan jaten duena eman nahi dugu, baina ukitu garaikideekin. Orduan, egunero jaten duena jango du jendeak, gauza arrarorik gabe, eta aldi berean detaile batzuk izango ditu asteburuan izango denaren aurrerapena. Kuadrillendako eta taldeendako menu bitxiak ere izango ditugu gurekin adostu ahal izango ditugunak. 

10. Kultur agendaren aurkezpena izango da ere?
R. Hemen beti ari gara eraikitzen, baina zentzu zabalean: etxeak, proiektuak... Orain beste pausu bat eman dugu hor genuen ideia bat gauzatu dugu: aterpetxea ireki dugu. 60 pertsonentzako aterpea da: 6 gela dira, hamar ohe gela bakoitzeko. Hau izan da bigarren uda kontzertu akustikoak egiten ditugula, eta jendeak asko eskertzen digu musikariak hain gertu edukitzea eta akustikoan, lasai, isilik eta abar entzutea. Paraje hau izugarria da horretarako. Yoga zentro bat dugu ere eta yogaz gain beste ekitaldi asko egiten dira. Jendea oso gustura egoten da, erantzuna handia da, eta horrek beste gauza batzuk egitera bultzatzen zaitu. Konpromiso hori hartzera eta esfortzu plus bat egitera derrigortzen zaitu. Egingo dugu, buruari emango diogu. 

11. Menu berriaren aurkezpen berezi honetan parte hartzeko, zer egin behar du jendeak?
Gure telefonora deitu (848 47 09 22), info@campingarbizu.com korreora idatzi, edo kanpinera etorri eta erosi. 27 euroko prezioa du.



Erlazionatuak