"Kafearen inguruko mundua oso handia da"

Erkuden Ruiz Barroso 2019ko urr. 11a, 10:28

Maria Moreta Mayorga Nafarroako AeroPress lehiaketaren irabazlea. UTZITAKOA

Nafarroako AeroPress kafeteraren lehiaketaren irabazlea da Maria Moreta Mayorga arbizuarra

Larunbatean Madrilen Espainiako Aeropress lehiaketan parte hartuko du. "Zientzialariak bezala" aritzen da kafearen formula perfektua lortzeko.

1. Zer da AeroPress-a?
Kafetera eramangarri bat da; edozein tokitara eraman dezakezu. Xiringa antzeko bat da. Kafea, kafe-errota, kafe-makina eta ur termo bat eramaten baduzu, edozein tokitan prestatu dezakezu kafea. Nik normalean hondartzara edo mendira eramaten dut. 

2. Nola hasi zinen?
Lanagatik. Tasca de Don Jose tabernan zerbitzaria naiz eta ikastaro bat egiteko eskatu ziguten. Arte latte delakoa zen ikastaroa, kafean marrazkiak egiteko. Klaseetara joaten jarraitu nuen, irakasleari asko galdetzen nion eta kafearen munduan interesa piztu zitzaidan. Irakasleak AeroPress-a erabiltzen erakutsi zidan, eta lehiaketaz hitz egin zidan. Aurten lehenengo aldiz parte hartu dut. 

3. Aurten lehenengo aldiz Nafarroako lehiaketan parte hartu, eta irabazi egin duzu. 
Erkidego guztietan egiten dira lehiaketak, eta larunbatean Espainiako finala izango da. Erkidego bakoitzetik bat eta hiru finalisten artean goaz. Adibidez, Nafarroatik bi joango gara: ni irabazlea eta bigarren sailkatua. Izugarria izan da. Ni lehiaketara aurkeztu nintzen kafe lehiaketa bat nolakoa zen ikusteko eta jendea ezagutzeko. 

4. Nolakoa da lehiaketa? Zer egin behar duzue?
8 minututan kafe bat prestatu behar dugu: kafea ehotu, ura berotu eta gero paperezko filtroa erabilita kafea egin. Aurretik 250 gramo kafe eman digute horrekin probak egiteko. Orduan, probak egiten dituzu hoberenarekin asmatu arte. Egunetan etxean praktikatu nuen, uraren tenperatura desberdinekin, ehotzeko modu desberdinak... Azkenean, gehien gustatu zitzaidana aurkeztu nuen. Lehiaketa arratsaldean izango da eta goizean kafearen inguruko jardunaldiak egingo ditugu: kafeak probatuko ditugu, merkatuan dauden kafe-errota berriak probatu, espezialitateak ekarriko dituzte...

5. Zer aldagai hartu behar dira kontuan? 
Ekipamendua da AeroPress, kafe-errota eta ura. Gero errezeta bilatzen ari zarenean balantza eta termometroa. Izan ere, uraren tenperatura eta kafearen ehotzeko modua kontuan izan behar dira.

6. Zein da kafe hoberena AeroPress-ean egiteko?
Oinarrian bi kafe mota daude: Arabico eta Robusto. Bi horien barruan sailkapenak egiteko aldagai asko daude: ekoizten den zonaldearen araberakoa, jasotze prozesuaren araberakoa, garbitze prozesuarena... AeroPress-erako oso txigortuta ez dagoen bat aukeratuko nuke. Etiopiakoak kalitatez oso onak dira, eta Etiopiako zonaldearen arabera zailagoa da tenperatura eta zapore hoberena bilatzea. Gero, ura 80 edo 90 gradutara berotu eta 23 eta 25 gramo bitarteko kafea bota. Ur kantitatea ere kontuan izan behar da. 

7. Beraz, kafeaz ere ulertzen duzu. 
Ikasketa prozesuan nago. Mundu handi bat da. 

8. Zenbat denbora eskaintzen diozu?
Orain finala gertu dagoela egunean bi ordu eskaintzen dizkiot. Irakaslearekin sortzen aritu naiz kafe desberdinak probatzen. Urriaren 3an iritsi zitzaigun finalaren kafea, eta horrekin lanean aritu gara. Etiopiakoa da, arinki txigortuta eta mandarina zaporea du. Jendeari arraroa egiten zaio kafe batek mandarina zaporea izatea. Ahosabaiaren egonkortasuna bilatu behar dugu kafea egiteko momentuan. Kafearen tonu goxoa eta garraztasuna ere ikusi behar da. 

9. Zaila da?
Ez. Zientzialari batek probak egiten dituenean bezala da. Ateratzen dena apuntatzen duzu, erabilitako tenperaturak, kafe-errotaren motorraren abiadura... Kafea asko gustatu behar zaizu egiten duzunean probatu behar duzulako. Orduan, ongi atera zaizuna desberdintzen jakin behar duzu, gaizki atera dena... Gustu ona izan behar duzu ere, zapore guztiak desberdintzeko. Nirea oraindik garatzeko prozesuan dago, oraindik badira aurkitzen ez ditudan zaporeak. 

10. Espektatibak?
Espero dut bi buelta behintzat pasatzea. Irabaztea ez dut uste, badakidalako oso kafe ona egin behar dela. Dagoeneko errezeta prest dut, bertan ez dut probarik egin behar. Hortaz, zortea baino ez dut behar.

11. Zertan bereizten da AeroPress-ean egindako kafea? 
Nik gomendatzen diot kafe amerikarra gustatzen zaion jendeari oso antzekoa delako. Urarekin bakarrik egindako kafea da. Hala ere, ez dut gomendatzen supermerkatuetan saltzen duten kafea erabiltzea, espezializatutako kafea izan behar du. Azken finean, kafea ongi tratatzen eta prestatzen dute, eta nabaritzen da.