Pilota

Lau T’erdia: Ezkurdiak aurtengo txapela nahi duela erakutsi du

Guaixe 2019ko urr. 14a, 13:28

Lekunberrin jokatutako final-laurdenetako lehen jardunaldian Bengoetxea VI.a 8 tantotan utzi zuen

Asteburuan, Lau T’erdiko Txapelketako final-laurdenetako ligaxkako lehen jardunaldia jokatu zen. B multzoan, Joseba Ezkurdiak Oinatz Bengoetxea izan zuen aurkari atzo Lekunberrin. Beteta zegoen frontoia, eta zaletuek gozatu ederra hartu zuten. Hasierako partidan, Irribarriak eta Ladis Galarzak 22 eta 16 irabazi zieten Retegi Biri eta Zabaletari. Eta ondoren atera ziren kantxara Ezkurdia eta Bengoetxea. 

Egungo txapeldun Joseba Ezkurdia zen faboritoa eta dirua ere haren alde atera zen, baina ez alde handiarekin, 100-80ra. Izan ere, Bengoetxea aurreko koadroetan oso pilotari iheskorra da, eta errespetu handia diote arerioek. Baina Leitzakoak ez zuen bere errepertorioa erakusteko aukera handirik izan. Joseba Ezkurdia ikusgarri aritu zen eta bere gainetik pasa zen. Pilotari sekulako abiadura eman zion Arbizukoak eta oso ongi egin zituen sakeak. Hain zuzen ere, 3 tanto egin zituen sakez. Bengoetxeak, aldiz, ez zuen sakez tantorik lortu eta sakez 3 falta egin zituen. 

Ezkurdiak 14 tantoko partziala lortu zuen eta 1 eta 15era joan zen. Alde handia atera zuen arbizuarrak, eta leitzarrak ez zuen modurik aurkitu egoerari buelta emateko. Partidan guztiz sartua egon zen Ezkurdia, txisparekin, eta ezinean, aldiz, Bengoetxea. Horrela, bukaeran 8 eta 22 gailendu zen arbizuarra eta aurtengo txapela janzteko faboritoetako bat dela oso argi utzi zuen. 

Altsasun Laso irabazle
Lau T’erdiko Txapelketako B multzoko beste partida Altsasun jokatu zen, larunbatean. Unai Lasok ez zion aukerarik eman Iñaki Artolari eta Alegikoa 9 tantotan utzi zuen. Sakez 7 tanto egin zituen Lasok, eta 1, aldiz, Artolak. Laso ziurtasun gehiagoz aritu zen eta merezitako garaipena lortu zuen. 

A multzoan, Erik Jakak 14 eta 22 irabazi zion Victorri, eta beste partida gaur jokatuko dute, Tolosan, Altuna III.ak eta Peio Etxeberriak, arratsaldeko lau t’erditan hasiko den jaialdian.