Hitzekin egindako menua

Guaixe 2019ko urr. 18a, 10:09
II. Letrak Ahora literatur lehiaketaren irabazleak epaimahaiarekin. NEREA MAZKIARAN

Joxe Aldasoro etxarriarrak eta Antonio Casado da Roche errenteriarrak irabazi dute II. Letrak Ahora literatur lehiaketa. Arbizuko Udalak antolatzen du lehiaketa, eta igandean, Txistor Egunean, banatu zituzte sariak

Txistor Egunaren hamargarren edizioa ospatzeko, iaz, Letrak Ahora literatur lehiaketa antolatu zuen Arbizuko Udalak. Jarraipena izango duen lehiaketa izateko sortu zuten, eta, ondorioz, aurten bigarren edizioa antolatu dute. Bi sail zeuden: narrazio laburra eta poesia eta guztira, bigarren edizio honetan, sei lan aurkeztu dira. Txistor Eguna ospatu zuten igandean Arbizun, eta sariak banatzeko baliatu zuten. Joxe Aldasorok narrazio laburrean eta Antonio Casado da Roche poesia atalean izan ziren irabazleak. Epaimahaia Castilo Suarez eta Asier Serrano idazleek osatu dute eta, iaz epaimahai kide izandako eta irailean zendu zen Jon Barberena idazlea eta bertsolaria gogoan izan zuten. 

Sei lan aurkeztu dira gastronomia ardatz duen literatura lehiaketaren bigarren ediziora. Narrazio laburrean bost lan aurkeztu dira eta poesian bat. Joxe Aldasoro etxarriaren Erlojuari so lanak irabazi du narrazio laburra sailean. Juana Lucia alargunaren istorioa kontatzen du narrazioak. Bazkaria prestatzen ari da etxe hutsean agertuko ez zaion familiarentzat. Zahartzaro bakartiaren erretratua islatu du idazleak. Aldasororen Letrak Ahora lehiaketaren bigarren saria da, izan ere, estreinako edizioan ere narrazio laburra atalean irabazi zuen Bernoneko azken afaria lanarekin. 

Poesia atala Black and White puddingn lanak irabazi du. Antonio Casado da Roche errenteriarra da egilea eta Irlandara egindako bidai bat ekartzen du gogora idazleak. Corken gosaldu zutenekoa eta jakiek iradokitzen duten guztiaren eszena islatu du poemen bidez.

Bi egileek 100 euroko saria jaso dute eta narrazio laburra eta poesia biltzen duen argitalpen ilustratu bat ere. Ilustratzailea Maite Gurrutxaga izanen da, eta lehenengo edizioaren liburuxkarekin egin bezala, ale batzuk egileei emango diete, eta beste batzuk Sakanako liburutegietan utziko dituzte sakandarren eskura.