Sokatira

Arbizun hasiko da Nafarroako 8x8 Goma Gaineko Sokatira Txapelketa

Guaixe 2019ko urr. 17a, 16:31

Larunbatean izanen da, 17:00etatik aurrera, Arbizuko Kiroldegian

Asteburuan hasiko da Nafarroako 8x8 Goma Gaineko Sokatira Txapelketa. Guztira 4 jardunaldi jokatuko dira. Gizonezkoak pisu bakarrean lehiatuko dira, 600 kilotan, eta zortziko taldeak izanen dira. 2 jardunaldi jokatuko dute, liga sistema bidez. Emakumezkoak, berriz, bi pisutan lehiatuko dira, 520 kiloetan eta 480 kilotan, zortziko taldeetan, pisu bakoitzeko bi jardunaldi jokatuko dira, liga sisteman. Horretaz gain, talde mistoen txapelketa egoenen da; kasu honetan zortziko taldeak lehiatuko dira, 550 kilotan, bi jardunalditan. 

Nafarroako 8x8 Goma Gaineko Sokatira Txapelketa larunbatean hasiko da, Arbizun, 17:00etan, Arbizuko kiroldegian. Hain zuzen ere Gizonezkoen 600 kiloko txapelketako lehen jardunaldia eta Emakumezkoen 520 kiloko lehen jardunaldia izanen dira jokoan jarriko direnak. 

Taldeei dagokienez, Gizonezkoen 600 Kiloko Txapelketan Lesakako Beti-Gazte, Berriozar, Antsoain eta Txantrea lehiatuko dira eta Emakumezkoen 520 Kiloko Txapelketan Lesakako Beti-Gazte, Antsoain eta Txantrea. 

Nafarroako 8x8 Goma Gaineko Sokatira Txapelketako hurrengo jardunaldiak Elizondon (urriak 26, 17:00), Leitzan (azaroak 2, 17:00) eta Lesakan (azaroak 9, 17:00) jokatuko dira.