Kafe hoberenaren sekretuak azaleratzen

Guaixe 2019ko urr. 18a, 10:52
Maria Moreta Mayorga, eskuinean, Espainiako Aeropress lehiaketan. UTZITAKOA

Maria Moreta arbizuarrak Aeropress Espainiako lehiaketan parte hartu zuen asteburuan

Esperientzia "izugarria" izan dela adierazi du Mari Moreta Mayorgak Nafarroako Aeropress lehiaketaren irabazlea, eta, ondorioz, Nafarroako ordezkaria Espainiako lehiaketan. Hamar hoberenen artea gelditu ez den arren, "oso pozik" dago arbizuarra. Hortaz, datorren urtean Nafarroako Aeropress lehiaketara aurkeztuko dela, eta "pare bat" lehiaketa "aurkitu" dituela eta parte hartuko duela aurreratu du. 

Aeropress-a xiringa handi baten itxura duen kafetera eramangarria da. Moretak azaldu bezala, "kafetera honekin kafe egin berria edozein tokitan edan daiteke". Aeropress-aren inguruan, gainera, zaletasun eta mundu handi bat dago. Hortaz, kafea egiteko lehiaketa ere antolatzen dute. Moreta Nafarroako Aeropress lehiaketara aurkeztu zen, ikastaro batean irakasleak kafetera eramangarriari buruz hitz egin ondoren, eta erabiltzen irakatsi ondoren. Lehenengo aldiz lehiaketara aurkeztu zen aurten, irabazi zuen eta Espainiako lehiaketarako txartela lortu zuen.

Zortzi minututan aeropress-arekin kafea prestatu behar zuten Madrileko lehiaketan parte hartu zuten kafegileek. Aurretik etxean errezetak probatu behar zituztela azaldu du Moretak, "zientzialariak bezala" esperimentuak egiten ibili da kaferik hoberena aurkitu arte. Estatuko 47 finalistak parte hartu dute Madrilen urriaren 12an, larunbatean, jokatu zen lehiaketan eta hamalau taldetan banatu zituzten. Talde bakoitzean hiru eta lau parte hartzaile zeuden, eta hoberena hurrengo txandara pasatzen zen. Moreta ezin izan zen finalaurrekoetara iritsi, baina hiru txandatan aritu zen kafea egiten. "Ez dakit zehazki nola sailkatu nintzen lehenengo errondak hamar hoberenak aukeratzeko kanporaketak zirelako".



Kafearen munduan murgilduta
Finalera iristea zaila zela bazekien Moretak, beraz, lehiaketan parte hartzea "bikain" egon dela esan du. Lehiaketara joan aurretik "bi txanda" pasatzea nahi zuen. Gainera, esperientzia bizi nahi zuen eta kafearen munduaz gehiago ikasi. Lehiaketa ez ezik, kafearen inguruko jardunaldiak ere egin zituzten larunbatean. Aeropress-ak sortutako zaletasunarekin jarraituko du Moretak, eta datorren urtean Nafarroako Aeropress lehiaketan eta "aurkitu" dituen beste bi lehiaketetan parte hartuko duela aurreatu du. Bitartean, kafearen munduan gehiago murgiltzen jarraituko du: "oraindik ikasten ari naiz".