Pilota

Ezkurdiaren garaipen epikoa

Guaixe 2019ko urr. 21a, 13:43
Argazkia: Monika del Valle. FOKU.

Lau T’erdiko final-laurdenetako 2. jardunaldian, Unai Lasoren kontra 13 eta 21 galtzen joan eta gero, partidari buelta eman eta 22 eta 21 irabazi zuen arbizuarrak

Larunbatean Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatu zen partida ikusgarria izan zen, zaletasuna sortzen duten horietakoa. Lau T’erdiko final-laurdenetako 2. jardunaldia zegoen jokoan, eta Joseba Ezkurdiak Unai Laso zuen aurkari. Partida oso gogorra aurreikusten zen, egungo txapelduna aurtengo sorpresetako baten kontrakoa. Ezkurdiak material aukeraketan esana zuen: “Unaik potentzial asko dauka; oso pilotari arriskutsua da, kontuan hartzeko pilotaria”. Eta hala izan zen. 

Dirua Ezkurdiaren alde atera zen, 100-40ren kontra, baina partidak Unai Lasoren kolorea hartu zuen. Lasok Ezkurdia mugiarazi nahi izan zuen, bere ahuleziak bilatu; arriskuak hartuta, Ezkurdia estutu zuen hasieratik. Horrela, 13 eta 21 aurreratzea lortu zuen Lasok. Partida irabazita ikusten zuen Bizkarreta-Gerendiaingoak. Baina arbizuarraren erantzuna etorri zen orduan.  “Unai lo tienes hecho” entzun nuen kantxatik Unairi esaten ziotela. Horrek sekulako amorrua eman zidan eta pentsatu nuen, ba ez, oraindik ez duzu egina. Eta partidan sartu nintzen berriro” adierazi zuen Joseba Ezkurdiak bukaeran. 

Horrela, tantoz tanto, egoerari buelta ematea lortu zuen Joseba Ezkurdiak, eta sekulako erremontada lortu zuen, luzaroan gogoratuko den horietako bat. Azkenean, 22 eta 21 irabazi zuen egungo txapeldunak, eta aurten ere txapela janzteko faboritoetako bat dela berretsi egin zuen. Lasok, triste bukatu zuen. “Gehiegi fidatu naiz. Ezkurdia tantoak egiten hasi da, urduri jarri naiz eta hutsak egiten hasi naiz. Garesti ordaindu dut. Jota nago” aitortu zuen. 

Final-erdietan egotea nahiko bideratua du Ezkurdiak
Asteburu honetan final-laurdenetako hirugarren eta azken jardunaldia jokatuko da. B multzoan, Ezkurdiak Artola izango du aurkari ostiralean Balmasedan, eta Bengoetxea VI.aren kontra ariko da Laso larunbatean Labriten. Final-laurdenetako hiru partidetatik bi irabazita, Ezkurdiak oso bideratua du finalerdietarako sailkapena. Bengoetxeak garaipenik ez du –ipurmasailean mina hartu zuen Artolaren kontrako partidan– eta garaipen bana dute Artolak eta Lasok. Bengoetxeak jokatzeari uko egiten badio, ziurrenik Ezkurdia eta Laso sailkatuko lirateke finalerdietarako. Bestela, Artolak alde oso handiz irabazi beharko lioke arbizuarrari. 

A multzoan, Altuna Lau T’erdiko finalerdietarako sailkatu da, Peio Etxeberria eta Erik Jaka mendean hartu eta gero. Jakaren eta Peio Etxeberriaren artean erabakiko da beste txartela, Victorrek, bi porrotekin, oso zaila baitu. Ostiralean, Irunen, Altuna Victorren kontra ariko da eta igandean, Tolosan, Jakak Peio Etxeberria izango du aurkari.