Pilota

Ezkurdia: “Partida guztietan bezala, irabaztera aterako naiz”

Guaixe 2019ko urr. 25a, 11:22

Ezkurdiak Artola izango du aurkari Lau T’erdiko final-laurdenetako 3. eta azken jardunaldian. Finalerdietarako sailkatzeko nahikoa du 15 tanto egitearekin, baina arbizuarrak argi du irabaztera aterako dela. Lasoren kontra lortutako garaipen epikoa oso garrantzitsua izan da berarendako

Asteburuan jokatuko den Lau T’erdiko Txapelketako final-laurdenetako ligaxkako 3. eta azken jardunaldiak finalerdietara nor pasako den erabakiko du. Momentuz, Altuna III.a da finalerdietarako sailkatua dagoen bakarra, bi garaipenekin. Bere multzoan, A multzoan, Jakak eta Peio Etxeberriak garaipen bana dute eta Victor Estebanek bat bera ere ez. Jaka eta Peio Etxeberria elkarren aurka lehiatuko dira igandean Beotibarren, eta neurketa hori irabazten duena sailkatuko da finalerdietarako. Altuna III.ak eta Victorrek gaur jokatuko dute, Irunen, baina ezer gutxi dago jokoan, Victorrek aukerarik ez baitu eta Altuna jada sailkatua dagoelako. 

B multzoko karanbolak
B multzoan estuagoa da egoera. Karanbola askok dute tokia. Joseba Ezkurdiak eskura du sailkatzea, jokatu dituen bi partidak irabazi dituelako. Unai Lasok eta Iñaki Artolak garaipen bana dute eta Oinatz Bengoetxeak ez du partidarik irabazi. Ezkurdiak eta Artolak gaur, ostiralean jokatuko dute Balmasedan. Ezkurdiak nahikoa du 15 tanto egitea edo hurrengo egunean Labriten Lasok Bengoetxea VI.aren kontra galtzea finalerdietarako sailkatzeko. Artolak, aldiz, nahi eta nahi ez Ezkurdia irabazi beharko luke finalerdietarako txartela lortzeko aukerak izateko. Galduz gero, Lasoren eta Bengoetxea VI.aren arteko lehiatik aterako zen finalerdietara pasako den beste hautagaia. 14 tanto eginez gero Laso sailkatuko litzateke, eta gutxiago egingo balitu, Bengoetxea pasako litzateke. Artolaren kasuan, Ezkurdia 15 tanto baino gutxiagoan utziz gero, finalerdietara sailkatuko litzateke, baita irabazi eta Bengoetxea VI.ak irabaziko balu ere. 

Lasoren kontra partidari buelta eman izatea “oso garrantzitsua” izan da arbizuarrarendako
Joseba Ezkurdiak, aurreko larunbatean Lasoren kontra garaipen epiko eta garrantzitsua lortu eta gero, Iñaki Artola izango du aurkari gaur Balmasedan. Asteazkenean aukeratu zuten materiala. Arbizuarrak aukeratu zituen pilotak Artolarenak baino pisuagoak baino azkarragoak ziren (106.9 eta 105.4 gr.). Arbizuarrak aipatu zuen inoiz ez duela Balmasedan jokatu, baina lehen entrenamendua egin duela bertan eta jokatzeko “frontoi ona” iruditu zitzaiola.

Arbizuarrak nahikoa du 15 tanto egitea finalerdietara sailkatzeko, baina argi du ez dela horretara aterako. “Errazagoa da 15 tanto egitera ateratzea, baina ni, partida guztietan bezala, irabaztera aterako naiz. Finalerdietara sentsazio onekin iritsi nahi dut, eta horretarako hobeto da partida irabaztea espekulatzen ibiltzea baino” adierazi zuen. Lasoren kontra egin zuen erremontada ikaragarriak indarra eman dio arbizuarrari. “Partida hasieran ez nituen sentsazio onak izan, baina gero hobeto aritu nintzen, konfiantza gehiagorekin, 13 eta 21 aurreratu zen Laso. Unai lo tienes hecho entzun nuen kantxatik Unairi esaten ziotela. Horrek sekulako amorrua eman zidan eta pentsatu nuen, ba ez, oraindik ez duzu egina. Eta partidan sartu nintzen berriro” adierazi zuen Joseba Ezkurdiak. Tantoz tanto, egoerari buelta eman eta erremontada ikaragarria lortu zuen, 22 eta 21 irabaziz. Horrek indarra eta konfiantza eman dio. 

Iñaki Artolak eskuekin arazoak izan ditu eta masajeekin dabilela aitortu zuen, baina Ezkurdiak uste du gipuzkoarra aurkari gogorra izango dela Balmasedan. “Frontoira ateratzen baldin bada partida jokatzeko moduan dagoelako da, profesionalak baikara. Beraz, partida gogorra dut aurretik” gaineratu zuen arbizuarrak. Artolak, bere aldetik, azaldu zuen Ezkurdia egungo txapelduna dela “eta hori ez da inoiz kasualitatea. Joseba oso ongi dago, mundu guztiak ikusi du. Partida oso zaila izango da, txapelketa irabazteko hautagai nagusietako bat baita, baina ni gauzak zail ipintzen saiatuko naiz”. 

Lau T’erdiko final-laurdenetako ligaxkako 3. jardunaldia
Ezkurdia-Artola (ostiralean, 20:30ean, Balmasedan. ETB1)
Victor-Altuna III.a (ostiralean, 20:00etan, Irunen)
Bengoetxea VI.a-Laso (larunbatean, 17:45ean, Labriten. ETB1)
Jaka- P. Etxeberria (igandean, 17:00etan, Beotibarren. ETB1)