Pilota

Ezkurdia Lau T’erdiko finalerdietan dago

Guaixe 2019ko urr. 28a, 16:33
Artola bidean utziz sailkatu da Ezkurdia finalerdietarako. Argazkia: Juan Echeverria.

Arbizuarrak 22 eta 14 irabazi zion Artolari eta finalerdietarako txartela lortu zuen. Altuna, Ezkurdia, Laso eta Jaka daude finalerdietan

Asteburuan Lau T’erdiko final-laurdenetako 3. eta azken jardunaldia jokatu zen. Joseba Ezkurdiak Iñaki Artola izan zuen aurkari ostiral arratsaldean Balmasedan. Finalerdietara sailkatzeko 15 tanto egitearekin nahikoa zuen arbizuarrak, baina material aukeraketan esan zuen bezala, irabaztera atera zen. Hala ere, partidan sartzea kosta egin zitzaion Ezkurdiari. Artola sendo zegoen, zazpira berdindu zuen, eta gauzak zail jarri zizkion arbizuarrari; baina tarte horretan oso tanto gogorrak jokatu ziren eta Ezkurdia partidan sartu egin zen; hortik aurrera, beste kolore bat hartu zuen partidak eta, azkenean, 22 eta 14 irabazita, finalerdietara garaipen sendoa lortuaz pasa da aurrelari arbizuarra. Berarekin batera Altuna III.a, Jaka eta Laso sailkatu dira finalerdietarako.  

Finalerdietako Ezkurdiaren arerioa: Jaka
Asteburu honetan Lau T’erdiko finalerdiak jokatuko dira. Joseba Ezkurdiak Erik Jaka izango du arerio larunbatean Labriten (17:45, ETB1). Azkeneko txapelketetan Ezkurdiaren eta Jakaren arteko norgehiagokak klasikoak bilakatzen ari dira. Euren arteko azken partidetan Ezkurdia gailendu izan da, baina ederki sufritu eta gero, Erik Jaka gora egiten ari baita. Larunbatean arbizuarrak ederki izerditu beharko du Lizartzakoa bidean uzteko, txapelketa bikaina egiten ari baita gipuzkoarra. Material aukeraketa asteazkenean egingo dute, goizeko 11:00etan. 
Beste finalerdia igandean jokatuko dute, Bilbon, Altuna III.ak eta Lasok (17:00, ETB1). Bi finalerdietarako sarrerak interneten daude salgai (entradasfronton.com).

Gauzak ongi, final handia Nafarroa Arenak hartuko du azaroaren 17an.