Pilota

Ezkurdia, finalera

Guaixe 2019ko aza. 4a, 14:00

Aurrelari arbizuarrak Lau T’erdiko finala jokatuko du finalerdi oso sufrituan Erik Jakari 20 eta 22 irabazi eta gero. Aurreko urtean bezala, egungo txapeldunak Altuna III.a izango du aurkari azaroaren 17an Nafarroa Arenan jokatuko den finalean

Asteburu pilotazalea izan da hau, asko baitzegoen jokoan: Lau T’erdiko finalerako txartelak. Lehen finalerdia Joseba Ezkurdiak eta Erik Jakak jokatu zuten topera beteta zegoen Labrit pilotalekuan. Dirua arbizuarraren alde atera zen, 100-40. Katedrak Ezkurdia jotzen zuen faborito, baina Erik Jaka irabaztea kostako zitzaiola jakina zen, Lizartzakoa ikusgarri dabilelako. 

Kantxari egokitzea kosta egin zitzaien bi pilotariei. Lehen tantoetan akats nabarmenak egin zituzten bi pilotariek, bosna berdindu arte. Hortik aurrera, Ezkurdiak hartu zuen aurrea eta 12 eta 5 eta 15 eta 6 aurreratu zen arbizuarra. Baina Jakak ez zuen partida galdutzat eman. 17 eta 76 galtzen ari zela, partidari buelta eman eta gutxika tantoak pilatzen hasi zen Lizartzakoa, bere erritmoa ezarrie ta errematean asmatzen hasi eta gero. Tantoak luzatzen hasi ziren, eta Ezkurdia fisikoki betetzen hasi zen. Horrela, 19-12tik 19-16ra hurbiltzea lortu zuen Jakak eta finalerdiari sekulako emozioa jarri zion. 

Bi pilotariek dena eman zuten, eta nekea sumatzen hasi ziren. Bi tanto egin zituen Ezkurdiak eta 21 eta eta 16 aurreratu zen arbizuarra. Baina Jakak ez zuen amore eman eta 4 tantoko partzialarekin 21 eta 20 gerturatu zen, tanto ikusgarria eta gogorrekin. Labrit betetzen zuten pilota zaleak puntako ikuskizunaz gozatzen ari ziren, txalo zaparradak bata bestearen atzetik zetozen, eta zutik zegoen Labrit. Jakak erremontada gauzatzea lortuko zuen, hori zen zalantza. Izan ere, edonork irabazi ahal zuen, Ezkurdia bere larri zegoelako, baina arbizuarra gai izan zen une erabakigarri horretan eusteko eta txokoan bolea bikain bat jo eta gero, 22 eta 20 irabazi zuen eta Lau T’erdiko finalera sailkatzea lortu zuen arbizuarrak, ederki sufritu eta gero. Bi pilotariak ikusleak txalotzen eta ikusle guztiek bi pilotariei esker onak azaltzen despeditu zen finalerdia, final handien itxura izan zuena. 

“Partida oso gogorra izan da, erritmo handian jokatutakoa. 17-7ra arte gozatzen ari nintzen: sakearekin asmatzen, piloteoan eroso… Baina gero berak asko jokatu du, kantxan mugitzera behartu nau, asko ibiltzera, eta azkenean bete egin naiz. Banekien sufritu egin beharko zela, azkenean final bat zegoen jokoan, baina zorionez gai izan naiz garaipena lortzeko” adierazi zuen Ezkurdiak bukaeran. 

Beste finalerdia atzo jokatu zuten Altuna III.ak eta Lasok Bilbon. Ongi jokatu zuen Lasok, baina Altuna III.a ikusgarri aritu zen eta 22 eta 10 irabazi zuen, maisuki, lezio bikaina emanez. 

Finalerako sarrerak salgai
Hortaz, iazko Lau T’erdiko finala errepikatuko da aurten eta Ezkurdiak eta Altunak jokatuko dute esperotako finala, azaroaren 17an, Nafarroa Arenan. Finaleko sarrerak ostiralean jarri ziren salgai entradasfronton.com web gunean. Kantxako sarrerak 120 eurotan daude salgai, goiko kantxakoak 100 eurotan eta beheko errebotekoak 80 eurotan.  Goiko errebotekoak (50 euro) agortuta daude.