Pilota

“Joan den urtekoa ez zela kasualitatea izan erakutsi nahi dut”

Maider Betelu Ganboa 2019ko aza. 15a, 13:02

Joseba Ezkurdiak eta Jokin Altunak jokatuko dute Lau T’erdiko finala, igandean, Nafarroa Arenan (17:00, ETB1). Biek euren bigarren lau t’erdiko txapela izango litzatekeena jantzi nahi dute eta final zaila eta gogorra aurreikusten dute. Irabazi ala galdu, Arbizun ospakizuna egingo dute Ezkurdiaren jarraitzaileek

Tik-tak, tik-tak… erloju orratzen hotsa buruan iltzatuta izanen dute finalistek. Lau T’erdiko finalerako atzerakontua hasi da eta igandeko hitzordu garrantzitsurako dena ia prest dago Nafarroa Arenan. Joseba Ezkurdia da egungo txapelduna eta arbizuarrak bere bigarren txapela lortu nahi du. Eta Altuna III.ak 2017an irabazi zuen Lau T’erdiko txapela eta hura berreskuratu nahi du berriz.  Iazko finaleko protagonista berberak dira, baina final ezberdina. Aurreko urtean 17 eta 22 gailendu zen arbizuarra, baina igandean zer gertatuko den iIkusmina handia da eta apustuak pareko aterako dira, akaso zer edo zer Altunaren alde. Euren pilotari ibilbidean elkarren kontra 56 partida jokatu dituzte eta horietatik 30 irabazi ditu Altunak eta 26 Ezkurdiak. Beraz, lehia estu eta borrokatua espero du katedrak. Nork jantziko du txapela?

 

Final batera heltzea ez da gauza erraza, baina aurtengo Lau T’erdiko finalerako sailkatzea gehiago kosta zaizula dirudi. Sentsazio hori duzu?
Bueno egia da erabat desberdina izan dela aurtengo txapelketa. Joan den urtean sentsazio oso oso onekin ibili nintzen; sufritzea ere tokatu zitzaidan, esaterako finalerdietan Urrutikoetxearen kontra asko sufritu nuen, baina sentsazioak ezberdinak ziren. Altunaren kontra, Victorren kontra jokatutako partidak osoagoak izan ziren, partida hobeak egin nituen. Aurten ere ongi ikusten dut nire burua, txisparekin eta sentsazio onekin, baina txapelketa desberdina izan da.

Partida guztiak irabazita iritsi zara finalera. Final-laurdenetan Bengoetxea 8 tantotan utzi zenuen, Lasoren kontra gehiago kosta zitzaizun baina 22 eta 21 irabazi zenion azkenean eta Artola 22 eta 14 hartu zenuen menpe. Eta finalerdian Erik Lasari 20 eta 22 irabazi zenion.  Faboritoaren sanbenito hori gainean izatera ohitu zara?
Egia esan, faboritoa izateak ez dit nire burua asko presionatu. Txapelketa irabazi ala ez, finalera sartu nahi nuen, nire buruari erakusteko lehengo urtekoa ez zela kasualitatea izan. 

Uste duzu norbaitek hori zalantzan jartzen duela? 
Joan den urtean oso-oso momentu onean iritsi nintzen finalera, akaso puntutxo bat gehiagorekin, edo gauzak oso ongi atera zitzaizkidan. Baina aurten ere oso ongi nago. Aurtengoa txapelketa gorabeheratsuagoa izan da; bereziki Lasoren kontrako partidan, buelta ematea kosta zitzaidan. Lotuta ikusten nuen nire burua partida horretan, eta Jakaren kontrako finalerdian partida lehenago ez ixtearen pena hori. 17 eta 7 joan nintzen irabazten eta sentsazioa dut izan nituela aukerak partida lehenago bukatzeko. Baina bera ere asmatzen hasi zen, jokatzen, eta azkenean sufritzea tokatu zen. 

Baina egoera hauetan ispiluari begiratzeko bi modu daude. Pentsa dezakezu “Lasoren kontrako 13 eta 22ari buelta ematen eta garaipen epikoa lortzen jakin izan nuen, momentu kritikoetan eusten”, hau da, mezu positiboa, edo pentsa dezakezu: “uff... justu-justu irabazi nuen”, mezu negatiboa. Zu zer irakurketarekin geratzen zara? 
Uste dut bi irakurketak egin beharra dagoela. Batetik Lasoren kontra oso pozik bukatu nuen, ikusi nuelako nire burua sufritzen, baina une kritiko horretan lasai mantendu nintzelako eta tantoz tanto joan nintzelako, partidari buelta eman arte; baina bestetik haserre, lotua ikusi nuen nire burua, partida hasieran ez nuelako nire jokoa ongi egiten jakin. Nire jokorik onena egin gabe egon nintzen, partidan ez banengo bezala, sentsazio horiekin. Eta Erik Jakarekin berdin. Partida hasiera oso garrantzitsua izan zen niretzat eta abantaila ederra hartu nuen, 17-7. Orduan pozik, baina gero berriz haserre, partida lehenago ixten jakin ez nuelako. Baina bi partidetan sufritzen jakin nuen, eta horrek ere konfiantza ematen dit. 

Jakaren kontrako finalerdiak final kutsua izan zuen guztiz, eta biok lehertuta bukatu zenuten.
Hasieran akaso ez zen partida ona izan, akatsak tarteko; baina bukaera oso ona izan zen: partida gogorra, tanto oso gogorrak… Argazki polita utzi genuen, gu biak lurrean lehertuta, Labrit betetzen zuten ikusleen txalo zaparrada artean. Giro izugarria zegoen frontoian eta horrek asko balio du. 

Zu normalean ez zara haserretzen, pilotari lasaia zara alde horretatik, baina Lasoren kontrako partidan aipatu zenuen kantxako zale baten hitzak entzun zenituela, “partida eskutan duzu, Unai”, eta amorrua sentitu zenuela. Jenioa atera zitzaizun...
(Kar, kar…) Bai, alde batetik igual ez da seinale ona hori behar izatea partidari buelta emateko, baina amorrazioa sentitu nuen hori entzutean, “ia egina duzu”. Ez zidan graziarik egin, pixkat haserretu eta eskerrak horri, jokoa hobetu nuen eta partidari buelta eman nion. Amorrua ongi bideratu nuen... (kar, kar…). 

Iazko Lau T’erdiko finala errepikatuko da, eszenatoki berean, Nafarroa Arenan, Jokin Altunaren kontra. Iazko biak zarete, baina zuek iazkoak zarete?
Ez, nik uste partida ezberdina izango dela. Partida guztiak ezberdinak izaten dira, baina espero dut emaitza berdina izatea (kar, kar...). Finalera iristeko bien jokoa erabat ezberdina da. Joan zen urtean akaso Jokin ez zen finalera horren ongi iritsi; aurten badakit oso ongi iritsi dela eta final desberdina izanen da. 

Altunak txapelketa ikusgarria egin du.
Bera momentu oso onean dago, aspaldiko sasoi onenean. Ikaragarri jokatu zuen Lasoren kontrako finalerdian. Txisparekin dago, gauzak oso erraz ari da egiten, defendatu oso ongi egiten du eta konfiantza handia du bere buruarekin. 23 urterekin lortu duen guztia lortu izanak asko esan nahi du. Oso lehiakorra da, sozio txarra. Partida zaila dut, baina nik ere ongi ikusten dut nire burua, fisikoki oso ongi, entrenamendu gogorrak egin ditut eta sentsazioak oso onak dira. Txapelketako partiduak igual ez ditut egin aurreko urtean bezain beteak, hain onak, baina partidetan, momentuan izan ditudan sentsazioak ere oso onak izan dira. Orain berriro ere sentsazio horiek aurkitu behar ditut. Ongi nago, txisparekin, gogotsu, buruz ongi eta fisikoki ere. 

Arerio guztiek zu kantxan mugiarazi nahi zaituzte; kantxan mugiarazi, horren altua izanik, ustez, gehiago kostatzen zaizulako. Zuk Altunaren aurrean nola planteatuko duzu partida?
Ba berdin. Gaur egun lau t’erdian batak bestea mugitzea gehiago asmatzen duenak frontoiaren erdia hartzen du eta horrekin asko du irabazita; erritmoa jartzen asmatzen duenak agintea hartzen du eta errazagoa du kontrarioa alde batetik bestera mugitzea. Horrela, uste dut garrantzitsua izango dela partidaren erritmoa nik jartzea; frontoiaren erdialdea nik kontrolatzen badut izango dut irabazteko aukera. Eta pilotari abiadura eman. 

Eta burua hotz mantendu.
Zalantzarik gabe. 

Izan ere, Altunak txisteratik mota guztiko jokaldiak ateratzen ditu, asko pentsaezinak direnak. 
Aurreko urtean ere banekien finalean lauzpabost tanto izugarri egingo zizkidala, baina horrekin ez nuela obsesionatu behar. Ni nirean kontzentratu, nire jokoan, eta tantoz tanto joan, tanto bakoitzean ahalik eta hobekien jokatu eta aurrera.

Finalerdietan materialarekin kexatu zinen, pilota biziagoak nahi zenituela.
Ni kexatu nintzen argi ikusi zelako ez zegoela materialik. Erikek ere ikusi zuenerako... Finalean esperantza daukat bakoitzak bere pilotak izango dituela. Finalerdian ikusi zen partida hasieran, pilotek seboa zutenean, grazia pixka bat zutela, baina partida gogortu zenean oso zaila zen pilotak mugitzea eta erritmoa jartzea. Eriken buelta emateak ere materialak zerikusia izan zuelakoan nago. Sakearekin asmatu zuen berak, eta nik ez nuen asmatu erritmo hori aldatzen. Nolanahi ere, uste dut partida erditik aurrera ikusi zela pilota oso gutxi zegoela. 

Finaleko aurreko egunak nola planteatuko dituzu?
Entrenamenduetan kontzentratuko naiz eta ahalik eta lasaien egoten saiatuko naiz. Azkeneko lau egunetan nire buruarekin kontzentratuago eta lasaiago gustatzen zait egotea. 

Nafarroa Arenarekin kexarik ez?
Bertan bi aldiz jokatzeko aukera izan dut eta frontoi ona da. Ezker pareta nahiko latza da eta “estraño” batzuk egiten ditu, pilota asko heltzen du, berehala lurrera doa eta eskua sartzea kosta egiten da, baina ez dut kexarik, ohitzea da kontua. Sakearekin min handia egin daiteke hemen. Instalazio oso onak dira, bai jokatzeko eta baita ikusleendako ere. Eta oroitzapen oso onak ditut.   

Nola daude ingurukoak? Finala dela eta aztoratuta edo dagoeneko bi txapel dituzunez, Lau T’erdikoa eta Binakakoa, ohitu dira eta lasaiago daude?
Hirugarren finala da baino jendea ilusioarekin dago. Kafea hartzera noanean nabaritzen dut jendea gogotsu dagoela finala iristeko, giro polita dago Arbizun. Eskertzeko hitzak besterik ez ditut, nik egiten dudan lana herriak horrela baloratzea eta maitatua sentitzea handia da. Frontoian ere euren babesa izatea ezinbestekoa izanen da. Gogotsu nago, oso motibatuta. 

Irabazi edo galdu, Arbizun ederki ospatuko duzue.
Bai, dudarik gabe. Arreba eta lagunak ari dira guztia prestatzen. Irabaztea polita da, baina zaila da oso; irabaztea  ginda oso polita litzateke. Etxean badago txapel gehiagorako tokia, baina zaila da. Finalera iristea handia da eta garbi daukat, irabazi ala galdu, afari on bat egin eta parranda on bat egitea dela txapelketa bukatzeko modurik onena. 


Fitxa: Joseba Ezkurdia Galarraga

Jaioterria: Arbizu, 1991-04-22.
Altuera: 1,91metro.
Pisua: 93 kilo.
Debuta: 2011-12-28, Tolosako Beotibarren.
Palmaresa: 2018ko Lau T’erdiko txapelduna eta 2018ko Binakako txapelduna, Zabaletarekin.