Pilota

Katedraren ustea irauliz, Ezkurdiak lau t’erdiko bigarren txapela lortu du

Maider Betelu Ganboa 2019ko aza. 18a, 15:32

Pronostiko guztiak gaindituz, merezitako txapelduna izan da arbizuarra eta Altunaren kontra 22 eta 16 gailendu zen, partida oso gogorrean. Iazko finalak konfiantza oso handia eman ziola nabarmendu zuen eta txapela "ondoan dituen guztiei" eskaini zien

Katedrak Altuna jotzen zuen Lau T’erdiko finaleko faboritoa, alde nabarmenarekin. Apustuak Altunaren alde doblean atera ziren, 100-50era. Eta pilotazale ia gehienek Altuna ikusten zuten txapelarekin. Gipuzkoarra txapelketa bikaina egitetik iritsi zen finalera eta arbizuarrari, aldiz, tarteka ederki sufritzea tokatu zitzaion finaleko txartela lortzeko. Baina arbizuarrak katedraren ustea irauli egin zuen eta finala irabaztea eta lau t’erdiko bigarren txapela janztea lortu zuen, partida oso gogorrean fisikoki eta mentalki bikain jokatu eta Nafarroa Arenan zeuden pilota zaleen gehiengo baten babesaren laguntzarekin. 

Datu ofizialen arabera 2.495 pilotazale bildu ziren Nafarroa Arenan. Hau da, 500 sarrera geratu ziren saldu gabe, enpresek ederki hausnartu beharko dutena. Jaialdia irekitzen zuen partida bukatu bezain pronto –Irribarriak eta Martijak 22 eta 21 irabazi zieten Artolari eta Imazi– atera ziren berotzera Lau T’erdiko bi finalistak, txalo artean. EITBren maratoiaren alde “Lau Teilatu” kantatu ostean Nafarroako eta Euskal Herriko Aizkora Txapelketa irabazi duen Iker Vicenterekin atera ziren finalistak kantxara. Vicentek txapa lurrera bota eta Jokin Altunaren aldekoa atera zen, urdina. Hortaz, gipuzkoarrak egin zuen lehen sakea. 

Hasieran 0 eta 3 aurreratu zen Altuna, baina Ezkurdiak ongi eutsi zuen, ez zen partidatik atera; ongi kontzentratu zen eta sei tantoko takada lortu zuen segidan. Partida gogorra zen, eta parez pare ibili ziren bi pilotariak hasiera horretan, akatsetan baita ere. Final guztian launa akats egin zuen bakoitza eta sakez ere launa tanto egin zituzten. Ezkurdiak ere falta egin zuen sakean, motz. Airez jo zituzten pilotakada ia gehienak. 7 eta 5 aurreratu zen Ezkurdia, baina Altunak bost tanto egin zituen jarraian eta 7 eta 10 aurreratu zen. Hala ere, gipuzkoarrari ez zitzaion gustura ikusten. Erritmo handiz ari ziren jokatzen bi pilotariak, eta lehen atsedenaldi luzera amezketarra iritsi zen aurretik, 11 eta 12, 178 pilotakada erritmo oso azkarrean gurutzatu eta gero. Une kritikoetan defentsa bikaina egin zuen arbizuarrak, eta horrek eman zion bizia. Mentalki oso gogor zegoen arbizuarra, eta 16 eta 12raino joan zena, baina 16 eta 15 gerturatu zitzaion amezketarra, bi sake zitalei esker. Hala ere, ongi eutsi zuen Ezkurdiak eta berean jarraitu zuen. Ordurako fisikoki hobeto ikusten zitzaion Ezkurdiari eta Altuna, aldiz, deseroso zebilen, ezin kokatu. Bi jokaldi polemiko egon ziren, arbitroek Ezkurdiaren alde eman zituztenak, epaileek ongi ikusiak, baina Altunaren protestak sortu zituenak, eta horrek bere konfiantza are gehiago zapuztu zuten. Hortik aurrera Ezkurdiak agindu zuen, bai abiaduran eta bai defentsan, eta nahiz eta Altuna arbizuarra mugiarazten saiatu, Ezkurdia ongi iritsi zen pilotetara. Bukaeran, 22 eta 16 irabazi zuen Ezkurdiak pilota zabalera bikain gurutzatu ondoren, eta merezitako txapela jantzi zuen, katedraren usteei buelta emanez. 

Altuna: “Ez dut batere gozatu, oso deseroso ibili naiz partida guztian”
Gertukoei, berarekin urduri jartzen direnei eta etxekoei, gertukoei eskaini zien txapela Ezkurdiak. Egindako lanarekin kontentu zegoen arbizuarra. Aldiz, Altuna jota agertu zen prentsa aurrera. Partida guztian barna “oso deseroso” ibili zela aitortu zuen, ez zuela batere ongi jokatu gaineratu zuen, eta horrek ematen ziola amorraziorik gehiena. “Ez dut partida ona egin, final txarra, sentsazio txarrarekin. Ez dut batere gozatu kantxan eta ez naiz batere gustura geratu. Jokatu ditudan final guztietatik, 5 finaletatik, kaxkarrena izan da hau, oroitzapen txarrena. Eta pena horrekin geratzen naiz. Egun gogorra da hau” nabarmendu zuen. Nafarroa Arena pilotalekuaz ez zuen ezer ere aipatu egin nahi izan eta Ezkurdia merezitako txapelduna izan zela argi utzi nahi izan zuen. “Hemen txapelduna izaten da finala ondo jokatzen duena. Bera hobea izan da eta gauza hauek horrelakoak dira. Ezkurdiak lasaiago jokatu du eta beste batean izan beharko du” gaineratu zuen. 

Joseba Ezkurdia: “Joan den urteko finalak konfiantza handia eman zidan”
Partida bukaeran, oso pozik zegoela nabarmendu zuen Ezkurdiak behin eta berriz. “Erritmo handiko partida izan da, pilotakada askokoa, partida oso gogorra. Gero partidaren maila igual pixka bat jaitsi egin dugu. Elkarri opari batzuk egin dizkiogu, baina hori normala da, erritmo handiarekin ari ginelako jokatzen eta tentsio handia zegoelako. Uste dut une bakoitzean egin behar zena egin dudala, azpitik jokatu behar zenean azpitik graziarekin, altura hartzen ere asmatu dut eta Jokin anulatzen, eta oso pozik nago egindakoarekin” nabarmendu zuen. 

Arbizukoak aitortu zuen finala fisikoki eta baita buruz jokatzeko partida izan zela. “Final gogorra izan da, ez soilik gorputzarendako, buruarendako ere bai. Takada asko egon dira, elkarrekin gertu genbiltzan eta aguantatu beharra zegoen. Bai fisikoki bai buruz ongi aguantatu dut eta oso pozik nago. Bi sake behera bota ditut eta errestoari errespetua nion, beldurra, nola aterako ote zen, horregatik azken txanpan ez nuen sakea galdu nahi. Niretako amets bat da Jokin bezalako pilotari handi bati iaz eta aurten berriz ere irabazteko aukera izatea, fisikoki gogorra den partidan, tentsio handikoan” nabarmendu zuen. 

Apustuak Altunaren alde horren nabarmen atera izanak lasaitu edo urduritu zuten galdetuta, Ezkurdiak onartu zuen horri “ez ziola buelta handirik eman”. “Ni nire lanean kontzentratu naiz; azken 15 egun hauetan nola entrenatu planifikatu nuen Jokinekin eta horretan ibili naiz, gaurko finalerako ahalik eta puntu onenean iristeko. Hala ere, alde egin dit kontra baino, nahiz eta kasurik ez diodan egin” gaineratu zuen. 

Iazko finalak konfiantza oso handia eman ziola nabarmendu zuen. “Banekien partida gogorra izango zela eta buruz gogor egon beharko nuela. Bera oso ongi hasi da, 0 eta 3 aurreratuz, baina zabaletik pilota zail bat altxatu dut, eta ongi hasi naiz, sentsazio onekin, tentsioarekin baina partidan sartuta. Aurreneko finalak konfiantza handia eman zidan, aurreko egunean lasai egin nuen lo eta partidan ere lasai ibili naiz, tentsio puntuarekin baina lasai. Binakako finalak ere konfiantza eman zidan, ikusi nuelako holako zita inportanteetan gai naizela borrokatzeko, jokoarekin egoteko”. Fisikoki ere bikain aritu zen arbizuarra. “Jokinen pilotakada bakoitzera korrika joaten nintzen, eramatea lortzen banuen altxa eta segi, azkenean berari beste pilotakada bat jotzera behartu, behintzat” azaldu zuen. 

Txapela "ondoan dituen guztiei" eskaini zien
Nafarroa Arenara bera animatzera joandako lagunei eskerrik beroenak eman zizkien. “Ez da erraza, azkenean goizetik etortzen dira, eta bazkaria, frontoia... gastu ederra da haiendako, baina esfortzua egiten dute eta eskerrak besterik ez ditut haiendako. Babes handia dira niretako eta ea halaxe segitzen dugun urte asko” aipatu zuen. Eta txapela bere ondoan dauden guztiei eskaini zien. “Nire ondoan eta atzean dagoen jende guztiari, nirekin oso urduri jartzen den jende guztiari. Azken finean, amak eta aitak, anai-arrebek eta neskak sufritzen dituzte final aurreko tentsio momentuak, eta eurendako. Beraiek gabe hau ez litzateke posible” azpimarratu zuen.

Altuna pilotari oso handia dela argi utzi nahi izan zuen. “12 eta 11 arte partida gogorra izan da, erritmo handikoa eta gero igual berak ez ditu bere sentsazioak izan, baina Jokin oso pilotari handia da, eta nahiz eta sentsazioak oso onak ez izan, momentu batetik bestera klik egiten du eta sakea hartzen duenean, sake-errematearekin min asko egiten du eta ez nuen nahi hori gertatzea. Jota ikusi dut, baina pilotarik ikaragarri handia da eta hemendik fuerte aterako da. 23 urterekin, bosgarren finala... eredu bat da. Pertsona bezala ere handia da, eta ea bere kontra final asko jokatzeko aukera dudan”. 

Ospakizunak Arbizun jarraitu zuen
Partida bukatu eta berehala arbizuarrak Arbizuko kiroldegian bildu ziren Ezkurdiari merezitako ongi-etorria egiteko. Aurreskua, loreak eta besarkadak ez ziren falta izan. Ondoren, afaltzera bildu ziren senitartekoak eta lagunak eta parranda ordu txikiak arte luzatu zen.