Nork bere bizi proiektua aurrera eramateko etxebizitza oinarrizko elementu bihurtzen da. “Beste herri askotan bezala, Arbizun ere etxe zaharrak husten ari dira. Baina handiegiak direnez, alokairu arrunt baterako ez dute balio. Eta Arbizun pisuak edo etxe arruntak alokatzeko arazoa dugu”. Egoera horrela azaldu digu Arbizuko alkate Francisco Javier Razkin Floreek, Rubiok. Irtenbide bila etxebizitzaren gaiaz arduratzen den Nafarroako Gobernuaren Nasuvinsa enpresa publikora jo zuten udaletik. Rubiok esan digunez, “datu zehatzak eskatu zizkiguten, kopuruaren arabera, esku hartzeko”.
Gauzak horrela, Arbizuko Udalak herritarren artean etxebizitza premien inguruko inkesta zabaldu zuen. Jasotako informazioarekin, atzera ere, Nasuvinsara joko du udalak, datuak aurkeztu eta alokairuzko etxebizitza eskaintza zabaltzeko neurriak topatu asmoz.
Inkestaren emaitzak
Arbizun etxebizitza eskuratu nahi luketen galdetuta, % 45,5ek aurrena alokairuan bizi eta gero etxebizitza erosi nahi du. % 36,4k alokairuan bizi nahi luke eta beste % 18,2k, berriz, etxebizitza erosi. Etxebizitza alokairuan hartu nahi dutenetatik % 64,3k ezin dute alokairuan biziko liratekeen epea zehaztu; % 21,4k epe motzeko (4 urte baino gutxiago) alokairua aurreikusten du eta beste % 14,3k, azkenik, epe luzekoa (4 urte baino gehiago).
Etxebizitzaren ezaugarrien inguruan ere galdetu zien udalak arbizuarrei eta gehienak, % 81,8, hiru logelako etxebizitza nahiko lituzkete. Komunei dagokienez, % 59,1k komun pare bat nahi lituzkete, gainontzekoak bakarrarekin moldatuko lirateke. Etxebizitzen ezaugarrien inguruko ekarpenak egiteko aukera izan zuten arbizuarrek eta udalak, besteak beste, honako erantzunak jaso dituzte: solairu bakarreko etxea, terraza edo lorategia, trastelekua, etxebizitza jasangarria izatea…
Bestetik, Arbizun bizitzeko dauden oztopoak ikusirik, egoerari buelta emateko ideiarik zuten galdetu zien udalak arbizuarrei. Eta hainbat proposamen jaso ditu: etxe zaharrak erostean laguntzak ematea, adosatu edo etxe bakarrak eraikitzea, Kale Nagusiko eraikin hutsetan apartamentuak edo pisuak sortzea, hutsik dauden etxebizitzen jabeei haiek alokatzea proposatu, babes ofizialeko etxebizitzak eraiki, etxebizitza hutsik duten jabeekin bildu eta etxebizitza hutsik egotearen arrazoia aztertu, hutsik dauden etxebizitzei zergak igo edota pertsona helduendako alternatiba bat sortu.
Parte hartzaileak
Galdetegia 22 arbizuarrek erantzun zuten, 14 emakumezkok (% 63,6) eta 8 gizonezkok (% 36,4). Adinari dagokionez, erantzun zutenetako 18k (% 81) 30 urte edo gutxiago zuten. Bestetik, 40 urte baino gehiago dituzten bi emakumezkok ere iritzia eman zuten. Gainera, erantzun dutenen % 81,8 Arbizun erroldatuta dago. Udalak galdetegia erantzun duten guztiei eskerrak eman zizkien.