Paris "beltza" erakutsi du Jon Arretxek bere azken eleberrian

Guaixe 2020ko urt. 20a, 12:26
Jon Arretxe idazlea 'Mesfidatu hitzez' liburua eskuetan duela.

Toure detektibearen istorio berri bat kontatu du Arbizun bizi den idazleak 'Mesfidatu hitzez' liburuan

Eiffel dorrea, Sena ibai ertzea, Opera... Paris hiriari buruz hitz egiten denean aipatzen diren leku ohikoenak dira. Turistek ikusi nahi dituzten horiek. Jon Arretxek, aldiz, Paris ezezagun bat erakutsi du Mesfidatu hitzez eleberrian. Toure Parisera eraman du, baina "nobela beltza" denez, Frantziako hiriburuaren "ezkutuko edo undergrown" hori erakusten du.

Jon Arretxek lehendik ezagutzen Paris, baina Orfeoi Donostiarrak iazko urte hasieran Parisen haiekin abesteko gonbidapena egin zion, eta bidaia aprobetxatu zuen eleberriarendako dokumentatzeko. Hortaz, Toureren hurrengo istorioa bertan kokatuko zuenez, auzoak bisitatzeko aukera izan zuen. "Giro horretan murgildu nintzen eta ideia pila atera zitzaizkidan".

Parisko "auzo afrikarrak" dira Mesfidatu hitzez eleberrian agertzen direnak. Horregatik, Toure zoriontsu dagoela esan du Arretxek: "Lehenengo aldiz eroso sentitzen da. Gainera, dirua dauka". Bizitza osoa sufritzen pasa du Tourek, Parisera iritsi arte. Hala ere, Arretxeren sagaren protagonistak uste du ez duela egoera horrek "asko iraungo".

Aurreko eleberrian ezagutu zuen Yarelis lagunarekin abiatuko da Parisera Toure, eta hark erakutsiko dio "dirua irabazten": "Yareliz diru-zorroak lapurtzen oso trebea da". Yarelizek ere beste arazo batean sartuko du Toure ere, mafia txinatarrak jokoan sartzen direla. Belleville auzoa "ekialdeko etorkin" asko dauden auzoa da, Txina Town antzeko bat dela azaldu du Arretxek, eta bertan mafiek emakumeen tratak egiten dituzte. "Emakume bat bilatu beharko du Tourek". Hor hasiko da bere bizitza berri politaren gainbehera.

Mesfidatu hitzez liburuari izenburua ematen dion esaldia askotan agertzen da liburuan, izan ere, auzo honetan dagoen horma-margo batean agertzen da. "Toure askotan pasatzen da hortik eta ikusten du. Eta etengabe errepikatzen dio bere buruari ezin dela fidatu".

Crossover
Duela hamar urte argitaratu zuen Morto Vivace nobela poliziakoaren protagonistak berreskuratu ditu Arretxek liburu honetan: "Lagun batzuk gomendatu zidaten, azken finean, Toureren alaba Parisen bizi zen, polizia bikote berezi hau ere... elkartzeko eskatu zidaten". Beraz, Toure Martinez eta Perrot poliziekin elkartuko da ere Parisen. "Batzuendako polizia hauek ezagunak izango dira, beste batzuendako pertsonaia berriak izango dira".

Nobela poliziakoaren eta nobela beltzaren aldeak azaldu ditu Arretxek; poliziakoan protagonistak poliziak eta egiten dituzten ikerketak dira, eta nobela beltzan, aldiz,  "kritika sozial gordina" egin behar duela esan du idazleak. "Erritmoa" oso garrantzitsua dela gaineratu du.

Erlazionatuak