"Omenaldia" izan daitekeen irakurraldia

Guaixe 2020ko urt. 31a, 12:02
Juanjo Olasagarre, lehenengoa ezkerrean, 'Ia hemen' liburuaren aurkezpenean. GIPUZKOA.EUS

Juanjo Olasagarreren lanak irakurriko dituzte gaur, ostirala, 19:00etan, Arbizuko herriko etxearen batzar gelan 'Ez oro maitatzea norbera maitatzeko aitzakia?' egitasmoan. Idazle arbizuarra bertan egongo da

Irakurle batendako irakurtzen dituen liburuen egilea aurrean izatea berezia da. Idazle batendako ere irakurleak aurrean izatea eta bere lana errekonozitua izatea garrantzitsua da. Gaur, Arbizun, Juanjo Olasagarre herriko irakurleekin bilduko da "irakurraldi xume" batean. 19:00etan izanen da, Arbizuko udaleko batzar gelan. Ez da oro maitatzea norbera maitatzeko aitzakia? Olasagarrek poema batean planteatzen duen galderaren gainean ariko dira. 

"Nik ez dakit. Agian omenalditxo bat da". Juanjo Olasagarrek brometan "horrelako omenaldiekin testamentua" idazten hasiko dela esan du. Castillo Suarez idazlea aritu da gaurko "irakurraldi" antolatzen. Jendeak idazle arbizuarrak idatzitako eta haiek aukeratutako testutxoak irakurriko dituzte idazlearen aurrean. "Horrelako zerbait izango da". Ez da oro maitatzea norbera maitatzeko aitzakia? da irakurraldirako aukeratu duten izenburua. "Ia hemen poesia liburuaren azken poemaren bi lerro dira. Budismoaren inguruan hitz egiten du". 

Olasagarre "gustura" joango da Arbizura. Jendearekin egoteko eta "eskertzekoa da jendeak zure testuak irakurtzea". Are gehiago, "nire azken urtetako matraka: tropelekoa izanik". Olasagarrek hainbatetan azaldu duenez Bernardo Atxagaren eta Kirmen Uriberen edo Castillo Suarezen artean dagoen belaunaldikoa da, eta bere ustez, "ez zaigu kasu gehiagorik egin". 

 Gorputzak idaztea "eskatzen" badio ere momentu honetan "alferkeri dezentean" dagoela aitortu du idazleak. "Lanean beti ari naiz, zerbait egiten, baina fundamentuzko ezer". Arbizuarra ikastetxeei bideratutako euskal poesiaren antologia lantzen ari da Alai argitaletxerako, Goazen liburuak argitaratu duen argitaletxerako. "Horretan ari naiz orain; poemak aukeratzen". Boladak izaten direla azaldu du Olasagarrek: "Gogoa daukat, baina diziplina falta zait. Kirolarekin berdin gertatzen zait: normalean kirola egiten dut, baina orain ezta ere". Nobela bat idazteko ideia ez ezik, "egunero-egunero" egotea eskatzen duela gaineratu du.