Herri polit eta ederrean bizi garela ezin uka. Alabaina, itxuraz bikain irudi arren, barruko zenbait egoerak beronen osasun egoera baldintzatu eta arriskuan jartzen ari direla esango genuke. Hartara, esan dezakegu orain gutxi artikulazioak eta giharrak blokeatuta gelditu direla, eta bihotzak eta buruak beste atake bat pairatu dutela. Herri nortasuna erabat desitxuratuz eta ahulduz, hartan. Diagnostikoak dio halako batetik ateratzeko lan handia egin beharra daukagula, eta batez ere batzuek, gizonok.
Badira zenbait aste, auskalo zein arrazoiek aginduta, emakumeek bizi duten zapalkuntza, bortxa eta jazarpena auzitan jartzen dela zenbait gune eta ingurutan. Eztul txiki baten moduan hasi eta bronkitisaren itxura hartuz. Hau da, emakumeen mugimenduaren hitza zalantzan jarri eta hainbat aitzakiaz mozorrotuta agertu zaigu plaza eta kuadriletara, epidemia bailitzan.
Emakumeen borrokak halako birus suntsitzaileak atzean uzteko egiten duen borrokak ezaugarritzen badu ere momentua, ditxosozko gaitza betikotzeko jarrerek erabat deskolokatu gaituzte. Baina eta, giro hau sumatuta, galdetzen diogu gure buruari: ba al da bizilagunik gure artean emakumea zapalkuntzara, bortxara eta heriotzara kondenatzen duen gaitza zalantzan jartzen duenik? Edota, ba al da emakumeak gaitz horrekin betirako bizitzera kondenatu nahi dituenik? Eta, norbaitek pentsatzen ahal du, gizonezkoon jarrerak, ikuskerak eta rolak aldatu gabe lortuko dugunik min bizi horrekin bukatzea? Izanik ere, dudarik al dugu gizonezkook gu garela gaixotasunaren oinarri eta protagonista?
Kezka hauek buruan, gizonezkoongana jo nahi genuke, gogoetatzea beste helbururik gabe: uste dugu, emakumezkoak pairatzen duten zapalkuntzaz ari zatzaizkigunean, IXILIK, ENTZUN eta IKASTEA dagokigula. Azken aldian gizonezkook herriko txokoetan sortutako arrabotsak, sufrikario eta odol isuriari aurre egin baino, egoera betikotzeko nahiaren traza hartu baitiogu. Hortaz, lotsa sentitu dugu. Pentsatzen genuen izurritearen aurkako borroka askoz ere barneratuago genuela. Uste genuen, gizonezkook kontraesan eta aitzakien gainetik, emakumezkoen hitzaren eta eskubideen defentsa sutsua eginen genuela. Sinestuta geunden, herri duin baten defentsa egitea, batez ere, zapalkuntza larrutik ordaintzen dutenen alde egitea dela, kosta ala kosta. Hots, tabernetako hitzez baino, eguneroko ekintzez. Baina ez, gure erosotasun, estatus eta pribilegioak berriz ere lehenetsi, eta gure herrirako osasun egoera hobe baten aldeko borroka baztertzeko jukutrietan murgilduta gabiltza. Bueno, hobe esanda: murgilduta zabiltzate batzuk. Dezepzioa handia eraman dugu.
Lerro hauen atzean, izurrite eta minbizi ororen aurka eta Arbizu hobe baten aldeko ekarpentxoa egitea beste intentziorik ez dago. Inoren kontra joateko xederik gabe, baina herri eta pertsona bezala duintasunez bizitzen uzten ez digunari aurre eginez. Izan ere, Mikelek ederki zioen bezala:
Batek goserikan diraueno
ez gara gu asetuko
beste bat loturik deino
ez gara libre izango.