Urdin turkesa koloreko atorra eta Baldarrak izena hartuta ibiliko dira aurtengo kintoak. Egunotan baserritar jantziz ibiliko dira. Hamaika dira guztira: Nerea Lakuntza, Amaia Gorriti, Eider Goikoetxea, Koldo Imaz, Iñaki Reparaz, Mikel Adur Lakuntza, Asier Mendinueta, Aimar Sanchez, Aitor Alberdi, Iñaki Murillo eta Adur Petriati. Guztiak afaltzera elkartuko dira eta ondorengo parranda Argi Bidea elkartean eginen dute. Bihar hiri-inauteria izanen da eta kintoak euren kuadrillekin ospatuko dute mozorro festa.
Igandean, atzera ere, kintoek bat eginen dute eta 10:30 alderako kalean izanen dira. Trikitilaria eta pandero-jolea lagun dituztela kinto-eskean ibiliko dira etxez etxe. Herrian barnako ibilbide horretan eskupekoa ematen dietenei pastak eta moskatela eskainiko diete kintoek esker onez. Izarran bazkaldu ondoren autobusa hartu eta Tolosara joanen dira. Astelehenean, Tolosatik bueltan, kintoak industrialdera joanen dira eskean. Bazkaldu ondoren poteoan ibili eta Argi Bidean afaldu ondoren, Etxarri Aranazko kintoekin batera autobusez Tolosara joanen dira, mozorrotuta.
Kintoek asteartean egiteko asko izanen dituzte. Herri-inauteria ere badenez, kintoek arratsaldean haurrendako txokolate-jana egin beharko dute, baita haiendako jolasak prestatu ere. Aittun haundiya eta Amiñ ttikiya popinak ere prestatuko dituzte, gauean plazan protagonista izanen direnak. Aldabide elkartean herri-afaria izanen da eta haren prestaketa ere kintoen esku dago. Egitekoak despedituta Altsasura joanen dira parrandan.