Mayra Palop

"Zumba dibertigarria da; guztiz harrapatzen zaitu"

Maider Betelu Ganboa 2020ko mar. 6a, 12:13

Mayra Palop Arbizuko zumba monitorea da. Hilaren 15ean Zumbathoi Solidaria eginen dute.

Hemendik 9 egunetara IV. Arbizuko Zumbathoi Solidarioa izanen da Arbizun, txakurrek lagundutako terapiak egiten dituen Biak Bat elkartearen aldekoa.

1. Zer da zumba?
Nire pasioa. Zumba kirol aktibitate bat da, baina zumba klase batek dibertigarria izan behar du, parte-hartzailea… Musikari jarraiki monitoreak gidatutako koreografiak jarraitu behar dira, eta errepikatzearen poderioz, mugimenduak ikasi, eta konturatu gabe, kirola egiten ari zara, ongi pasatzen duzun bitartean. Jende guztia da zumba klase bat jarraitzeko kapaza.

2. Aerobicaren modalitate bat da?
Antzeko gauzak dituzte, koreografiak segiz egiten direlako, baina ezberdinak dira. Zumban aerobiceko mugimendu batzuk egiten dira, baina zumbak gehiago jotzen du dantzara. Zumban aldakak gehiago mugitzen dira.

3. Zumba reggaetoiarekin lotzen da.
Hori mito faltsua da. Zumban reggaetoia dantzatzen da, baina baita beste erritmo asko ere: saltsa, merenguea, cumbia, soca, popa, dance, rocka… edozein musika estilok du tokia . Zumba klase polit bat izateko, musika estilo anitzak sartu behar dira. Zenbat eta erritmo ezberdin gehiago, hobe.

4. Noiztik zara zumba monitorea?
Hiru urte daramatzat. Hasieran ikaslea nintzen, baina zumbak guztiz harrapatu ninduen eta irakasle izateko formazioa egin nuen. Berehala monitore izateko aukera sortu zitzaidan Altsasun eta Arbizun. Irurtzunen ere lan egin izan dut. Aurten Arbizun ematen ditut klaseak. Helduen taldean 21 ikasle ditut eta txikien klasean 23 ikasle.

5. Zumba momentuko moda da? 
Bost urte daramatzat zumbaren munduan eta uste dut ez dela moda kontua; esango nuke gora egiten ari dela. Zumbathoi asko daude, master class asko, lasterketa askotan zumbarekin egiten dira beroketak… loraldian dago.

6. Martxoaren 15ean IV. Zumbathoi Solidarioa antolatu duzue Arbizun, txakurrek lagundutako terapiak egiten dituen Biak Bat elkartearen alde. 
Asmoa gurean lan egiten duten ekimen solidarioak laguntzea da, eta aurten txakurrekin lagundutako terapiak egiten dituen Biak Bat elkarteari egin genion proposamena, sekulako lana egiten dutelako (biakbat.eus).

7. Zer antolatu duzue?
Goizeko 10:00etan txikienendako lasterketa eta txokolatada izanen dira, eta Zumbathoia 11:00etan hasiko da. Dantzatuko dutenek 5 euroko sarrera ordainduko dute eta ikusleek 2 eurokoa. Zozketa egingo dugu: Baloreak eta Zetak taldeen kamisetak, Ezkurdiaren kamiseta eta beste. 

8. Zazpi monitore egongo zarete.
Ni naiz sakandar bakarra. Ernesto Madrildik dator, Ainara, Charles eta Elena Gasteiztik, Itziar Iruñetik eta Sali Calahorratik. Bakoitzak bere estiloa du dantzatzen, bere koreografia propioak sortzen ditu. Monitore ezberdinak gaudenean, zumbathoia dibertigarriagoa da, ezberdina, anitza. Txikiekin ere bi koreografia egingo ditugu.

9. Musika asko entzun beharko duzue egunean egoteko.
Momentuko kantuak zeintzuk diren jakin behar duzu, txikienek gustuko dituztelako. Niri denetarik gustatzen zait, eta erritmo ezberdinak erabiltzen ditut, rocketik hasita flamenkoraino. Denetarik. Atzera ere egiten dut, lehengo kantuak ere kontuan hartzeko. 60. edo 80. hamarkadetako kantu bertsionatuek sekulako jokoa ematen dute.

10. Aurreko urtean oso arrakastatsua izan zen Zumbathoia.
Bai, Perthes gaixotasuna duten elkartearen (Asfape) aldekoa izan zen eta sekulako booma izan zen. Txikien lasterketarako 178 dortsal eta zumbathoirako 644 sarrera saldu ziren guztira. Aurten ere Biak Bat elkartearen aldeko Zumbathoi Solidarioa arrakastatsua izatea espero dugu, elkarteak sekulako lana egiten duelako eta merezi duelako.
11. Sakandarrak Zumbathoian aritzera animatuko dituzu?
Bai, helduak, gazteak, haurrak, familiak… guztiak animatu daitezela. Goiz dibertigarri, kirolari eta solidario bat pasako dugu. Zumban inoiz aritu izan ez direnak ere gurekin dantzan aritu daitezke lasai asko. Monitoreen argibideak jarraituz ongi pasatzea da kontua.