Herenegun aurrekoan Etxarri Aranatzen, herenegun Irurtzunen eta Lakuntzan eta atzo Arbizun eta Altsasun martxan jarri ziren azokak.
1. Zer genero saltzen duzue azoketan?
Gazta, arrautzak, bakailaoa eta kontserbak, Nafarroako zainzuriak, piperrak eta gauza horiek denak.
2. Zer du berezitik genero horrek?
Prezio oso ona eta genero oso ona. Hori dena bereziena denetan.
3. Zergatik saltzen duzu azoka batean eta ez denda batean?
Niri gehiago gustatzen zait, askoz. Gu herrietara joaten gara azoka dagoen egunetan. Eta horra sortzen da, Sakanatik osotik ez, baina herri gehienetatik bai. Gu horretara ohitu gara. Ni denda batean, ba ez dakit. Gero, guk goizetik egiten dugu lana. Hori ere bada. Arratsaldean hurrengo egunerako prestatu behar da, baina, horrela ohituta gaude. Azkeneko neguak oso onak izan dira. Baina oso gogorrekin ere beti kanpoan ibili gara. Horretara ohituta gaude eta niri denda bat nahiko gogorra egingo litzaidake.
4. Urte asko azoketan?
Nire amona, eta bere aita ere, izan ziren saltzaileak, herriz herri. Erosi Sakanan eta Iruñean-eta saldu. Eta nire ama ere berdin-berdin. Nire ama Tolosara, Ordiziara… joaten zen. Baserritarrei gazta erosi eta Iruñeko dendetan saldu. Baina orduan gaur dauden bezalako azokarik ez zen egoten, orduan joaten ziren dendetara. Azokak hasi zirenean guk azoketara jo genuen. Eta guk Altsasun ditugu 32 urte. Urteak dira. Altsasun 23 edo 24 urterekin hasiko nintzen. Altsasuko jende askok esaten dit nire familiako emakumeetatik saltzen hirugarren belaunaldia ezagutu duela: nire amina, ama eta orain gu. Orain nire seme zaharrena hasi da. Hau ezagutu dugu eta horrekin segitzen dugu.
5. Eta segitzen baduzue, ez dagoela gaizki?
Bizia ateratzeko beste modu bat da. Lan asko da: herrietara iritsi, dena desmuntatu, muntatu, saldu, berriro ere dena… Beste lan bat. Ez dugu esanen aberastekoa dela, ezta gutxiago ere, bizia ateratzeko.
6. Zein azoketan saltzen duzu?
Noain astelehenean, Altsasu asteazkenean, Lizarra eta Agoitz egiten ditugu ostegunean, ostiralean Zizurrera joaten gara eta larunbatetan Sarrigurenera. Asteartean jai. Paperak eta gauza asko egin behar dira. Pixka bat aixetu ere.
7. Zenbat aste eman dituzue azoketan saldu gabe?
Sei aste. Guretako oso gogorra izan da. Sei aste ezer egin gabe. Saldu gabe.
8. Generoa erosita, ezin saldu, gastuak pilatuko ziren?
Gastuak berdin berdinak. Hemen ez da barkatu ez autonomoen kuota ez ezer. Normaltasunez kobratu dute. Beno, zerbait, laguntza txiki bat eman digute. Bada zerbait. Baina autonomo batendako, gure kasuan, sei aste diru sarrerarik gabe, kontuz, ez da broma.
9. Egoten zareten beste azokak zabalik daude?
Zizurren bi aste ditu jada egiten. Zizurkoa izan zen egin zen azkeneko azoka eta zabaldu zen lehenengoa. Guk premiazkoak saltzen ditugunez, iruditu zitzaien gure aldarrikapena justua zela. Udaletxera hots egin nuen eta esan nion: zergatik dendak zabalik? Nik ez daukat ezer denden kontra. Ni ere joaten naiz erostera. Gu kanpoan egonda, distantziak mantendu daitezke askoz hobe. Dena perfektu egin daiteke. Onartu zuten eta hiru ordutara esan zidan baietz: aurrera, ostiralean etorri. Eta handik aurrera, pixkakaka, udaletxeetara hots egin eta denak martxan jarri gara.
10. Zein segurtasun neurri dauzkazue, esaterako, Zizurren?
Guk egiten duguna da postua muntatu, gero udaltzainak etortzen dira eta jartzen dute zinta horietako bat postutik metro eta erdira gutxi gorabehera, jendea ez hurbiltzeko. Postutik kanpo, bi aldeetan, mahaia jartzen dugu, metro eta erdiko tarte horretan, ez hurbiltzeko. Han uzten dugu erosketa. Jendea ez arrimatzeko. Orain txanda hartu beharrean denak ilaran eta batetik bestera metro eta erdiko tartea. Dirua ematen diegunean jendeak eskuak garbitzeko gela eskaintzen diegu. Niretako, osasun aldetik, oso-oso ongi betetzen ditugu gauza guztiak.
11. Eta zuek ere jantziko dituzue, ezta?
Eskuetakoak aspalditik erabiltzen ditugu. Maskararekin ibiltzen gara eta gero aurpegi babesgarri batzuekin. Arbizuko mutiko batek eman zizkidan, egiten zituztela. Ahal dugun guztia. Guk ere ez dugu ezer harrapatu nahi, eta inori pasatzea ezta ere, jakina.
12. Dirua esku batetik bestera. Nahikoa kontu, ezta?
Horregatik, behin pagatuta esaten diogu: hartu gela eta eskuak garbitu. Gu eskularruekin goiz guztia egonda ere, edo aldatu edo denbora guztia gela ematen… Saiatzen zara araua ahal dena, topera betetzea.
13. Beraz, segurua da kalean saltzea.
Nik ez diot horrelako arazorik ikusi. Hasieretan ez genekien ezer ez. Baina ikusita bost aste: “ez da mugitzen. Ea zer egin behar dugun”. Oso ongi betetzen dugu. Eta erostera etortzen den jendea esaten du: “jobar, zein ongi; distantzia, karrikan, zer gustura”.
14. Azoketan jatekoak ez diren gauzak saltzen dutenek ezin dute postua jarri, zer esaten dizuete?
Esperoan daude. Arropa bat erosten baduzu neurtu egin behar duzu, begiratu, probalekua… ez dakit. Orain esaten dute 11n dendak zabaldu behar dituztela. Ez dakit. Beraiendako zein momentu txarra. Ze pasada!
15. Nolakoak dira zure bezeroak?
Adina denetatik egoten da. Sarriguren, Iruñeko auzoa, denetatik dago, baina hor jende gaztea, 30-40 urte ingurukoa. Altsasun-eta jende heldua gehiago igual. Egia. Adina bat duen jendea egun hauetan ez dira atera. Beraien alabak, aldemenak edo norbaitek eskatzen dizu beste poltsa bat honekin, honekin eta kontua. Alde horretatik, jendeak asko errespetatu du. Nik ditut hiru feria eginda eta oso ongi alde horretatik, jende zaharrarendako.
16. Jende hori berriro bueltatuko da azokara?
Bai, Nafarroan ohitura handia dago. Altsasun Sakanakoak, Goierritik ere igotzen da erostera, nik baditut bezeroak. Arabako mugakoak ere. Nik uste ohitura bat dela. Eta Lizarrako azoka Lizarralderendako asteko festa eguna da. Herri txiki asko dago. Dendarik ez dago. Jendea mugitu egiten da. Eta nik uste udalari presio gehien egiten diona jendea dela: aizu, Lizarrara erostera joan nahi dugu, baina azoka nahi dugu. Lizarran Erriberako nekazari askok beraien produktua saltzen du. Beste tipo bat da. Giro handia egoten da. Orain hemendik aurrera ez dakit, zeren horra jende asko Gipuzkoatik joaten da. Baina hemendik aurrera ez dakit zer izanen den.
17. Zertaz hizketatzen zarete bezeroekin aste hauetan?
Guregana joatera ohituta zegoen jendea, pues… Produktu freskoa eramaten dugu. Zizurrera nik granjatik eramaten ditut arrautzak. Eta goiz batean saldu egiten dira. Jende asko esperoan. Guk bakailao tipo asko eramaten dugu. Hori edozein dendetan ez dago, denda handietan behintzat ez. Jendea zurera ohituta dago eta denak esperoan. Nahikoa ongi joan zaigu. Itxuran. Errekuperatu, ezinezkoa. Baina, alde horretatik, kontentu, jendea gutaz akordatzen dela. Bost aste asko da.
18. Azokek badute etorkizunik?
Nik beti pentsatzen dut baietz. Beti aldatu gara. Zauden garaira egokitu behar zara. Beste istorio bat dauka karrikak. Eta karrikak tiratu egiten du. Nik positiboki ikusten dut nire semeak segitu behar duelako. Eta, bestela, dena-delakora egokitu beharko da. Guk egin dugun bezala. Esan dizudan bezala, nire ama dendetara joaten zen eta guk denok azoketan bukatu dugu. Baina azken finean, denok saltzaileak.
19. Koronabirusaren krisi honekin zer ikasi duzu?
Batez ere sanitate aldetik. Saiatzen zara dena txukunago, dena garbia, dena tapatu. Hori batez ere. Ikasi? Denborarekin esanen dizut zertan bukatu behar duen honek denak. Ez dakit zer esan ere. Iruditzen zait izugarria heldu dela. Itxaron egin beharko dugu. Egokitu beharko dugu. Bizi guztian egin dugun bezala. Baina sanidadeko neurri hauek denbora askotako joan behar du. Hau ez da izan behar ez hilabete bat ezta bi.