Koronabirusa Sakanan

Ibilgailuen Azterketa Teknikoko ziurtagirien indarraldia luzatu dute

Guaixe 2020ko mai. 20a, 11:54

Arbizuko Ibilgailuen Azterketa Teknikorako estazioa. Argazkia: EITB

Alarma egoeran iraungitako IAT ziurtagiriak egoera horretan pasatako aste bakoitzeko epea 15 egun naturaletan luzatu zaie. Erabakia larunbatean sartu zen indarrean.

Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz alarma egoera indarrean da. Alarma egoera indarrean dela iraungi diren Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT) ziurtagirien iraupena luzatzea erabaki du Espainiako Gobernuak. Ostiralera arte alarma-egoera bukatu eta 30 egunera arte balio zuten alarma-egoerak irauten zuen bitartean. Larunbatetik aurrera, ikuskapen horiek egiten dituzten estazioetan pilaketak saihesteko, epe hori luzatu egiten da, 15 eguneko txandetan, aurreko IATa noiz iraungitzen den kontuan hartuta.

Neurri horrekin IATak modu mailakatuan berrikusteko aukera izanen dute ibilgailuen jabeek, hau da, epe luzeagoa izango dute iraungitzen den egunaren arabera. Helburua da, alarma-egoera bukatzen denean, haren hasieran indarra galdu zuten ibilgailuak izatea azterketa egiten lehenak. Hala, martxoaren 14tik 20ra berrikuspena bukatu zitzaien guztiendako 45 egun izanen dira: hasierako 30 egunak gehi 15 egun estra. 21 eta 27 artean garaitu bazuen, 60 egun: hasierako 30 egunak gehi 15 aparteko bi tanto. Eta horrela, hurrenez hurren, 15 egun gehitzen dira igaro den aste bakoitzeko.

Indarraldia bukatu zen eguna Alarma-egoera bukatzen denetik berrikusteko gehieneko epea
Martxoaren 14tik 20ra  45 egun natural
Martxoaren 21etik 27ra  60 egun
Martxoaren 28tik apirilaren 3ra 75 egun
Apirilaren 4tik 10era   90 egun
Apirilaren 11tik 17ra   105 egun
Apirilaren 18tik 24ra   120 egun
Apirilaren 25etik maiatzaren 1era 135 egun
Maiatzaren 2tik 8ra   150 egun
Maiatzaren 9tik 15era  165 egun
Maiatzaren 16tik 22ra  180 egun
Maiatzaren 23a*   195 egun
*Luzapen gehiago egonez gero, epe horiek ere luzatuko dira.


Gobernuaren aginduak argitu duenez, berrikuspen berrien baliozkotasuna zehazterakoan, jatorrizko data hartuko da kontuan, eta ez da luzapena zenbatuko. Hau da, IAT bi urtean behin egin behar duenak, esaterako, bi urte horiek egungoa iraungi zitzaizun unetik zenbatuko dira, ez ikuskapena egiten denetik. Larunbatean indarrean sartutako neurriak ez du eraginik nekazaritzako ibilgailuen azterketan; izan ere, azaroaren 10era arte egongo dira indarrean berrikuspenak. Azkenik, gidabaimenaren indarraldia ere luzatu egin da osasun-krisia hasi zenetik. Alarma-egoeran iraungitzen diren guztiak 60 egunez luzatuko dira alarma-egoera amaitzen denetik.