Nerea Reparaz Beaskoetxea kazetari arbizuarra EITBko Frantziako berriemailea da. Azken bi hilabeteetan Covid-19 birusaren inguruko gaiak baino ez ditu lantzen. Paris hutsik ikusteko eta erretratatzeko aukera izan du. Maiatzaren 11n deskonfinamendu prozesua jarri zen martxan Frantzian. Bertan konfinamendua ez zen hain "zorrotza" izan.
Zein izan da koronabairusaren eragina frantziar estatuan?
Frantzia bitan banatuta egon dela uste dut; ekialdea eta mendebaldea, bereziki. Toki kaltetuena ipar ekialdea izan da, Alsacia inguru hori. Ospitaleak gainezka egon dira, eta medikalizatutako abiadura handiko trenak ere antolatu dituzte gaixoak ekialdetik mendebaldera eramateko. Oro har, mendebaldean ospitaleak ez dira presio edo saturazio maila horretara iritsi. Oso asimetrikoa izan da eragina, eta horregatik deseskalatzea ere asimetrikoa izaten ari da. Bi adierazle hartu dituzte kontuan, alde batetik, zirkulazioa eta, bestetik, ospitaleen ahalmena.
Zenbat hildako izan dira?
Orain zifra 28.000 inguru da (aurreko astelehenean). Esango nuke Espainiar estatuko zifra gainditu duela dagoeneko. Zifra horretan portzentaje handi bat adinekoei dagokiena da eta zahar etxeetan hil direnena.
Zein da egoera?
Hemen konfinamendua han baino apur bat beranduago hasi zen. Martxoaren 17an hasi zen. Orain arintze prozesuan edo deseskalatze prozesuan gaude. Ikastetxe batzuk ireki dituzte, saltokiak ere, baina koronabirusak izan duen eraginaren arabera gune gorrian edo berdean dago banatuta Frantzia. Hemen Parisen, ni bizi naizen tokia, esaterako, gune gorria da eta pausoak motelago ari dira ematen. Hemen ez dago jatetxeak, tabernak, museoak, zineak eta abar irekitzeko datarik. Toki batzuetan pazientziarekin.
Nola izaten ari da prozesua?
Mapa bat zehaztu zuten gune gorriekin eta berdeekin. Gorrian dauden guneetan, Parisko eskualdean eta ipar ekialdean, kasu gehienak eman dira, jendearen zirkulazioagatik eta ospitaleen ahalmena gainditzeagatik. Horren arabera ari dira pausoak ematen. Izango dugun hurrengo berria edo aldaketa ziurrenik ekainaren 2an izango da. Momentuz, itxaron beharko dugu. Baina badirudi gune berdeetan ekainaren 2an tabernak eta jatetxeak zabalduko dituztela. Toki askotan dagoeneko hondartzak eta bestelakoak ireki dituzte. Gune gorrietan, zain gaude. Gehienez 100 kilometrotako distantzia egin dezakegu. Apur bat mugatuta gaude. Egunotan bueltan dagoen gaia da zer gertatuko den udako oporrekin. Ikusteke dago. Momentuz, gobernuak erreserbak Frantzian egitera animatu du jendea. Etxetik gertu geldituko da jendea. Ikusi behar Frantziatik kanpo ateratzeko aukera egongo den.
Nola hartu zituzten neurriak?
Martxoaren 15ean udal hauteskundeetako lehen itzulia egin zen. Oso polemikoa izan zen ordurako Italiako eta espainiar estatuko egoerak ezagutzen genituelako. Bereziki Hego Euskal Herrian edo Italian familia daukagunok ikusten genuen egoera zein zen eta iristen ari zela. Eta hemen, Frantzian, jarraitzen genuen eguneroko bizitza egiten. Orduan, hauteskundeak egin ziren, baina oso arraroak eta polemikoak izan ziren. Abstentzioa ere historikoa izan zen, baldintza oso arraroetan egin ziren. Egia da kostatu zela konfinamendua aplikatzea eta aplikatu zenean ere jende dezente ikusten zen kalean beharbada ez zutelako larritasunaren neurria hartu. Baina bestela nik uste konfinamenduaren eredua ere, beste toki batzuetan baina arinagoa izan dela. Esaterako, hasieratik izan dugu kalera ateratzeko aukera. Ordu bateko tartea izan dugu kirola egiteko edo paseatzeko eta haurrak ere hasieratik atera dira. Desberdin bizi izan da. Ziurtagiri bat eraman behar genuen gainean beti. Ziurtagiria Barne Ministerioaren webgunetik deskargatzeko aukera zegoen eta bertan kalera ateratzeko arrazoi batzuk zeuden. Ordubete kirola egitera edo paseatzera ateratzeko aukera zegoen. Hemengoek beste herrialde batzuetako konfinamendua ikustean, espainiar estatukoa ikustean, esaterako, oso zorrotza zela iruditzen zitzaien.
Hemengoa zorrotzegia zela iruditzen zitzaien, beraz.
Nik uste oso harrigarria egiten zitzaiela haurrak etxetik ez ateratzearen kontu hori. Hemen hasieratik asko ikusi dira paseatzen eta plazetan bakoitza bere aldetik. Parkeak itxita daude, baina kalean ibili dira.
Zertaz hitz egiten zuten espainiar estatutik iristen ziren albisteak?
Italiarekin batera Espainiaren egoera gertuen jarraitu dena izan da. Denborarekin ikusten joan gara zifretan, aipatutako hildakoen kopuruan, Frantzia ia maila berdinera iritsi dela. Astebeteko atzerapenarekin joan gara, baina ikusi dugu arazoak errepikatzen joan direla: osasun materialari dagokioenez ere hemen nahiko polemika egon da. Espainiar estatua edo Italia etorkizunera begiratzea bezalakoa zen. Etorriko ziren arazoei begiratzea bezala zen.
Eta nola sentitu zara egoera hau urrunean bizitzen?
Guztiok bezala Whatsapp-etik hitz egiten eta bideo deiak etengabe egiten. Frantzian lehenengo kasua urtarrilaren bukaeran agertu ziren. Tantaka hasi ziren, hasieran hiru kasu izan ziren, eta oso urrun ikusten genuen, edo nik behintzat ez nion neurria hartu. Etxetik iristen ziren albisteak ikusita nabaritzen zen gero eta gertuago zegoela, eta neurri horiek ere guregana iritsiko zirela. Momenturen batean Frantziara ere iritsiko zirela. Frustrazio pixka batekin ere bizi izan nuen ,ikusten nuelako hemen bizitzak normal jarraitzen zuela eta han etxean gelditzen zineten bitartean hemen tabernak lepo zeudela. Sentipen hori izan nuen.
Zein da giroa?
Parisko hirigunera giroa edo bizitza apur bat itzuli da. Trafiko gehiago ikusten da eta jende gehiago ere ikusten da. Baina oraindik ez da betiko giro hori. Taberna eta jatetxe guztiak itxita daude. Saltokiak ireki dira, baina oso neurri zorrotzekin. Metroan ere neurriak muturrekoak dira: puntako orduetan, adibidez, bakarrik laneko ziurtagiria dutenak joan daitezke. Beraz, arintze prozesu horretan gaude, baina oraindik asko falta da Parisek betiko normaltasuna berreskuratzeko. Baina ikusten da jendea gogotsu dagoela. Gainera, egunotan sekulako eguraldia izan dugu, eguzkitsua eta jendea Senako bazterretan eta kanaletako bazterretan biltzen da, betiere distantzia mantentzen. Polizia atzetik dabil maskara erabiltzeko eskatzen. Badirudi gutxika jendea ohitura berriak hartzen ari direla.
Nola izan da Paris hutsik ikustea?
Pasada bat da. Zentzu horretan kazetariok pribilegiatuak izan gara Paris hutsik ikustea ez delako ohiko zerbait. Gehien bat toki turistikoak direnak, Eliseoko zelaiak edo Garaipenaren arkua oso toki turistikoak dira, turistak ia paisaiaren parte dira, eta hutsik ikustea izugarria izan da. Nik aprobetxatu dut pasai horiek argazkitan hartzeko eta oroigarria izateko, ez dakigulako horrela berriro ikusiko dugun.
Nolakoa da berriemaile baten bizitza?
Interesgarria, oso interesgarria. Gai anitzak lantzeko aukera ematen du eta herrialde baten lekukoa izatea, kasu honetan Euskal Herriko publikoarentzat. Nahiko kaotikoa ere bada. Aktualitateak daramalako gure erritmoa, ez dago ordutegi finkorik eta zerbait gertatzen bada, zerbaiten berri badugu, hortan jarriko garelako. Bestela, Paris, bereziki, oso anitza da. Gai kulturalak, sozialak, politikoak… Denetarik dago. Hemen, mugimendu sozialen, ekitaldi kulturalen, eta abarren berri ematea tokatu zait. Egia esan oso anitza eta polita da.
Pandemiaren aurretik txaleko horiek hartu zuten Frantziako albisteetako protagonismoa. Jarraitu al dute? Egoera hau pasata jarraitzeko asmoa al dute?
Txaleko horien mugimenduak hankaz gora jarri zuten guztia. Bai frantziar gizartea bai gobernua. Gutxika hasi ziren, baina guztiz markatu zuten aktualitatearen erritmoa. Nik larunbatero manifestazioetan egoteko ohitura hartu nuen. Gizartearen haserrearen adierazleak izan dira, eta ordutik gobernuak erabaki batzuk hartu baditu ere, haserreak hor jarraitzen duela uste dut. Momentuz, koronabirusarekin dena bertan behera edo stand by-ean gelditu da, baina itzuliko da. Ez dakit noiz, ez dago datarik manifestazioetara itzultzeko, baina haserreak hor jarraitzen du eta azaleratuko da berriro.
Mobilizazioetatik konfinamendura. Nola aldatu zaizu lan egiteko modua egoera honetan?
Asko. Guztiok bezala kazetariok ere egoera honetara egokitu behar izan gara. Nire kasuan saiatu izan naiz konfinamendu garaian etxetik gutxiago mugitzen. Nire etxeko plaza telebista platoa bihurtu da. Bizilagunek ere zuzenekoak egiten ikusten ninduten eta pentsatuko zuten "zer ari ote da neska hau plazan bueltaka bere argiarekin eta tripodearekin". Hori alde batetik, bestetik, elkarrizketa gehienak Skype bidez egin behar izan ditugu elkarrizketatuak ezin zirelako etxetik atera. Beste errealitate bat izan da. Noski, bi hilabete inguru daramat bakarrik koronabirusaren inguruko gaiak egiten. Ez dakit noiz hasiko garen berriro Covid-19arekin zerikusirik ez duten erreportajeak egiten. Monotematikoa bilakatu da, baina adar desberdinak ditu. Asko. Eragin soziala, ekonomikoa eta abar.
Eta bizitza nola aldatu zaizu?
Ohiturak dezente aldatu behar izan ditugu. Kazetariok kalera ateratzeko pribilegio txiki hori izan dugu, baina bestela etxean denbora asko pasatu dut. Senideekin eta lagunekin telefonoz askotan hitz egin dut, beharbada normalean baino gehiago, eta egia esan bizi naizen eraikin honetan aurretik ezagutzen ez nituen bizilagunak ezagutzeko aukera izan dut. Etxealdi honek utzi duen gauza positiboetako bat izan da. Patio ireki bat da eta elkar ikusten dugu guztiok. 20:00etan txalotzera ateratzen gara eta inguruan bizi direnak ezagutzeko balio izan du.
Harreman berriak egin dituzue.
Parisekoa eta orokorrean hiri handietakoa, nahiko gizarte indibidualista da. Kasu honetan konturatu gara arazo hau edo egoera hau kolektiboa dela. Denok sentitzen dugu, bizitzen ditugun egoerak berdinak direla eta horrek hurbildu gaitu. Eraikin honetan ekimen ezberdina sortu dira, batak besteari laguntzeko, gehiago ikusi dugu elkar, bizilagun batek niri berak prestatuko errezeta bat atarian utzi zidan eta nik beste zerbaitekin erantzun nion…. Bizilagunen artean ez zegoen jarduera bat sortu da. Nik uste konfinamenduak ekarri duen hau gelditzeko etorri dela. Hala izatea espero dut.
Etortzea aurreikusita al zeneukan?
Arbizura joan gabe dezente daramat. Gabonetan itzuli nintzen eta nire asmoa apirilean bueltatzea zen. Baina atzeratzen joan da eta badirudi konplikatzen ari dela bai espainiar estatuak bai Frantziakoak 14 eguneko berrogeialdia inposatzen diela herrialdean sartzen den orori. Beraz, pentsa 15 eguneko oporraldia hartzen badut eta zertan bilaka daitekeen. Orduan, zain nago egoerak nola egiten duen aurrera. Baina egia esan familia gutxi ikustera ohituta banago ere, egoera honek haiekin egoteko nahia areagotzen du. Badut Arbizura joateko gogoa, San Donatora igo, familiarekin lasai egon, lagunak ikusi eta abar. Ez dakit noiz izango den. Pentsatu nahi dut ekainaren 23an ez dugula orain arte ezagutu ditugu sanjuanak izango, baina edozein modutan han egotea gustatuko litzaidake.