2020ko festa 'berriak'

San Juanik gabeko urtea

Guaixe 2020ko eka. 2a, 09:49

San joan bezpera Arbizun.

Osasun arrazoiengatik Arbizuko Udalak festak bertan behera utzi du. Baldintzak hobetuz gero, ez du baztertzen aurrerago egitea.

Arbizuko Udalak jakinarazi du aurtengo festen antolaketa bertan behera gelditu dela. Udal ordezkariek azaldu dutenez, erabakia hartzeko hiru arrazoi izan dituzte kontutan: “oinarrizko osasun arauen jarraipen mugagabeen baldintzak, Sakanako gainontzeko udalekin egoeraren irakurketa bateratua eta kinto, tabernari eta bi elkarteetako ordezkariekin” izandako harremanak. Hala ere, udaleko kideek ez dute baztertzen: “aurrerago, agorrilean, esaterako, osasun baldintzak nahikoa hobetzen badira hainbat festa-ekimen antolatzea”.

Zaintzeaz 
Udal ordezkariek arbizuarrei gogorarazi diete ostegunaz geroztik musukoen edo maskaren erabilera 
behar beharrezkoa dela bi metrotako tartea bermatu ezin den toki itxi eta irekietan. Eta gaineratu dute sei urtetik gorako haurrek musukoa erabili behar dutela, “beraien eta ingurukoen osasun ziurtasuna bermatzeko”..

Udazkenean edota neguan koronabirusa berriro agertu daitekeela eta, Arbizuko Udalak herritarren arteko zaintza lan sarea eraginkorragoa egiteko eta hobetzeko lanean dira udalean. Funtzio berriekin osatu nahi dute sarea. Esaterako, haur eta gaztetxo guztiei Interneterako konexioa eta behar duten gailua bermatzea, gizarte zerbitzuekin elkarlanean sakondu eta beste. Hala ere, udaletik arbiziuarrei eskatu diete jakinarazteko zaintza lanen bat kontuan hartu edo egiten ez badute, eta eskerrak eman dizkie herritar guztiei. Udalak jakinarazi duenez, “Arbizun ez da, COVID-19 dela eta gaixo larririk eta heriotzarik izan egundaino. Horrela jarraitzea nahiko genuke denon ahaleginarekin”.