Joan den urtean lanak egin eta gero, Arbizuko Kale Nagusia guztiz itxuraldatu zen. Lanak despeditzean Arbizuko Udalak erabaki zuen eremu publikoa erabiltzeko arau batzuk ezartzea, “eremu publikoa behar bezala erabiltzea denon onurarako delako”. Arbizuko Udalak erabaki zuen oinezkoak lehenestea, haien mugikortasuna bermatzeko eta, ondorioz, ibilgailuen erabilera mugatzea. Guztia “kaleen erabilpen osasuntsuago eta orekatuago lortzeko asmoz”.
Onartutako arauen arabera, Arbizuko Udalak oinezkoei lehentasuna eman die Kale Nagusian, “zebrabide erraldoi bat balitz bezala”. Horrek ekarri du herriko zeharbidean ibilgailuek ezin dutela 20 km orduko abiadura gainditu. Hilabete hasieratik lastailera arte, bost hilabetetako asteburuetan Kale Nagusia itxi egiten du udalak, eskola zaharren eta Errekondo kaleen artean. Ibilgailuek Uhalde eta Errekondo kaleak erabili behar dituzte. Jakina, ibilgailuentzat soilik egokitutako tokietan bakarrik aparkatu daikete. Gainera, udalaren baimena ez duten 3,5 tona baino gehiagoko kamioiek ezin izanen dute Kale Nagusian ibili.
Azkenik, Arbizuko Udalak jakinarazi zuen espaloietan ezin direla ez loreontziak ez bestelako elementuak jarri, “espazio publikoaren okupazio pribatua ekidite aldera. Behin behineko egon daitezkeen elementuek udal baimena eta dagokien zerga ordaindu beharko dute: aldamioak, terrazak, kontainerrak…” Udalak zehaztu zuenez, “gehiengoaren ziurtasuna eta ongizatea kaltetzen duten arau urraketek zigorrak ekarriko dituzte”.
Bestalde, COVID-19ak eragindako pandemia dela eta, herriko jolas parkeak itxita daude. Arbizuko Udalaren asmoa da beharrezko berritze eta konpontze lanak egitea, haiek berriro zabaldu aurretik.