Atzo zabaldu zituen ateak Altsasuko Kiroldegiak, eta astelehenean, ekainaren 22an, Arbizuko kiroldegiaren txanda izango da. Zerbitzu segurua eskaintzeko beharrezko neurriak hartuko dituzte Arbizun, eta astelehenetik aurrera ohiko ordutegian zabalduko dute, 10:00etatik 21:30era. Asteazkenean, San Juan egunean, itxita egongo da. Hasiera batean ez da aurretiazko hitzordua hartu behar izango; kiroldegiko langileek aforoa errespetatzen dela ziurtatuko dute. “Ikusten badugu erabiltzaile asko etortzen direla, orduan aurretiazko txanda hartzearena aztertuko genuke, baina printzipioz normal zabalduko dugu eta guk kontrolatuko dugu aforoa. Eguneroko martxarekin ikusiko dugu aldaketa egin behar den ala ez” adierazi du Arbizuko kiroldegiko langile batek.
Arbizuko kiroldegira maskara jantzita sartu beharko da. Sartu eta gel hidroalkoholikoarekin eskuak garbitzea derrigorrezkoa izango da. Oinetakoak desinfektatzea ere aztertzen ari dira. Ohiko zerbitzu guztiak zabalik egongo dira, aldagelak, dutxak eta baita sauna eta bainu turkiarra ere, baina beharrezko segurtasun neurriak eta aforoa kontuan hartuta. Igerilekuei dagokienez, kale bakoitzeko 2 igerilarirendako tokia egongo da, eta haurrak ibiltzen diren eremu zabalagoan aforoa kontrolatuko da. Ildo honetan, eskatutako araudi berria beteaz, 14 urtetik beherako neska-mutikoak adineko pertsona batekin sartu beharko dira.
Gimnasioaren kasuan, makinak bi eremutan banatu dituzte. Gimnasioan muskulazio makinak egongo dira eta kardioko makinak –korrika egiteko zintak, bizikletak, ergometroa eta beste–frontoira jaitsi dituzte, kirolarien elkarren arteko distantziak errespetatzeko.
Orain arte abuztuko bigarren hamabostaldian Arbizuko kiroldegia itxi egiten zen, baina aurten ez istea aztertzen ari dira. Bestalde, kiroldegiko bazkideei ez zaie apirileko, maiatzeko eta ekaineko erreziboa pasa, uztailean ordainduko dute hurrena. Ikastaroei dagokienez, ikastaroa egin gabe gelditu zirenei, bonu bat emanen zaie eta 2020/2021 ikasturtean berriz izena ematen badute, bonu horrekin ordainketaren konpentsazioa eginen da.