Udalak haurrendako aisialdi-tailerrak antolatuko ditu

Guaixe 2020ko eka. 16a, 12:14

Haurrak eta gurasoak Arbizuko plazan.

Hilaren 29tik garilaren 31ra izanen dira, 10:30etik 13:30era. 6 eta 12 urte bitarteko haurrendako tailerrak izanen dira. Izen ematea ostiralean despedituko da.

Arbizuko Udalak jakinarazi du udako tailerrak aisialdi-tailerrak antolatuko dituela. Haien helburua da “herriko haurrek euskaraz eta berdintasunean jolastu eta herriaz gozatzeko aukera izatea da”. Hala ere, COVID-19 gaixotasunak udalari “arteko eskaintzan aldaketa batzuk egitera” behartu dio. Adin-tartea egokitzeaz aparte, ezinbestekoak diren osasun- eta higiene-neurriak bermatzeko protokoloa egin du. Azken horren berri emateko tailerrak hasi aurretik gurasoekin bilera antolatuko du udalak, “hartu beharreko osasun- eta higiene-neurriez hitz egiteko”.

Bere txikiak udako aisialdi-tailerretan izena eman nahi duten gurasoek haur bategatik 60 euro pagatu beharko ditu. Bi haru matrikulatu nahi duten gurasoen kasuan 100 euro da pagatu beharrekoa. Eta hiru edo haur gehiagoko familien kasuan, berriz, 120 euro. Izena emateko Arbizuko Udalaren info@arbizu.eus e-posta helbidera idatzi behar da edo 948 460 017 telefonora hots egin astegunetan, bulego ordutegian. Ostiralean itxiko da izena emateko epea. 

Kontratazioak 
Aisialdi-tailerrak egin ahal izateko Arbizuko Udalak hezitzaileak kontratatu beharra du. Udalak jarritako ezinbesteko baldintza da EGA titulua edo baliokidea izatea. Halakorik ez duenak Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuaren proba gainditu beharko du. Hezitzaileen kontratazioa egiterakoan, Arbizuko Udalak kontuan hartuko ditu, besteak beste: arbizuarra izatea, aisialdiko begirale-titulua edo hezkuntza-arloko ikasketak izatea, eta esperientzia edukitzea haurren aisialdian edo hezkuntza-arloan. Interesa dutenek beraien curriculumak info@arbizu.eus helbide elektronikora bidali beharko dituzte. Horretarako azken eguna ostirala izanen da.