Binakako Pilota Txapelketako finalerdietako ligaxkan guztiz murgilduta zegoen Joseba Ezkurdia COVID-19 birusak mundua geldiarazi zuenera arte. Hiru hilabete eta erdi luze pasa ondoren, asteazkenean, San Joan egunean itzuliko da pilota profesionala.
Binakako Pilota Txapelketako finalerdietako ligaxkan murgilduta egotetik, etxean itxi behar izatera. Egoera guztiz arraroa, nolabait esateko.
Bai, egia esan oso arraroa. Azkenean gauza okertu egin zen eta hasieran epe motzerako izan behar zen kontu bat asko luzatu da. Martxoan Binakakoan murgilduta Julen eta ni oso ongi geunden, bai jokoz eta bai konfiantzaz, denean, eta txapelketa momentu horretan bertan behera geratzea pena izan zen. Baina uda bukaeran txapelketa hasi nahi omen dute, eta ea ordurako berriz ongi jartzen garen.
Egunerokotasunean azkar pasatzen da denbora, baina konfinatuta, hiru hilabete hauek oso luze egin zaizkigu. Itxialdia nola bizi izan duzu?
Gogorra izan da; 15 eguneko kontua gehiegi luzatu zen. Hasieran ongi; ordutegi ezberdinean hasi nintzen entrenatzen eta txukun, baina 15 egunetara baxualdi fuerte samarra izan nuen: entrenatzeko gogorik gabe, gorputzak ez zidan segitzen eta motel nengoen, baina gero buruari buelta eman, errutinan sartu nintzen eta hobeki. Baina egia esan, luze eta gogor xamarra egin zait.
Konfinamendurako etxean gimnasioren bat muntatu behar izango zenuen, ez?
Bai, nik aurretik ez bainuen ezer. Gimnasioan aparailu batzuk utzi zizkiguten eta horretaz gain, korrika egiteko zinta bat eta bizikleta bat erosi nituen. Horiekin hasi nintzen entrenatzen, erritmoa ez galtzeko.
Gimnasioko makinak saltzen dituztenak urrezkoak egin omen dira.
Horiek bai izan dutela konfinamendu ona! (kar, kar...)
Pilotari guztiak Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientera. Hori ere ez da egoera erosoa.
Bai, gogorra da, eta okerrena da ez dakizula noiz arte izango den; ez zen garbi ikusten zer heldu zen, zenbat denbora pasa behar zen bueltarako… Badakizu, ezjakintasun hori, hori da gogorrena eta nahasten zaituena. Nahi gabe buruari bueltak ematen hasten zara eta horrek eragin handia du. Baina azkeneko egun hauetan argia ikusten ari gara, eta pixka bat hobeki gaude.
Aurreko astean Aspeko enpresa ordezkariekin bildu zineten pilotariak, zu tarteko, eta Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea etetea eta baldintza ekonomiko berria jasotzen duen hitzarmena adostu zenuten eta aste honetan taldekako enpresa entrenamenduak egiten hasi zarete.
Bilera ongi joan zen; bai enpresaren aldetik eta baita gure aldetik ere lehenbailehen hasteko gogoa zegoen, eta elkar ulertu genuen. Azkenean Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea kendu eta entrenatzen hasteko moduan jarri gara, eta hobeki eta pozik gaude. Ikusten da hasteko data bat dagoela eta horrek asko egiten du.
Zer moduz ohiko entrenamenduetara buelta?
Ongi. Astelehenean, asteazkenean eta ostegunean entrenamendu fisikoa egin nuen eta asteartean Idiazabalgo frontoian entrenatu nuen. Gaur, ostirala, frontoian ibiliko naiz.
Egoera berri honetan segurtasun neurriak hartu beharko dituzue. Zer egiten zaizu arraroena?
Eskuak eta zapatillak garbitu beharra dauzkagu eta erabiltzen dugun material guztia txoko batean uzten dugu, bukatutakoan garbitzeko. Saio bakoitzean erabiltzen ditugun gauza guztiak sprayarekin ongi garbituta uzten ditugu.
Hasieran pilotari profesionalen buelta uztailaren 1ean Irunen izango zela aipatzen zen, baina San Joan egunera aurreratuko da buelta, Eibarren. Udako torneo bat antolatu dute Aspek eta Baikok, eta bi enpresetako pilotariak nahastuz osatutako bikote mistoek parte hartuko omen duzue. Bueltari emozio pixka bat emateko antolatuko zuten halako torneoa?
Baietz uste dut, azkenean egoera zail honetan zerbait ezberdina antolatu nahiko dute, pizgarri moduan. Bilera egin genuenean oraindik uztailaren 1a aipatzen zen bueltako lehen eguna, eta bi egunetara esan zuten San Juan egunean izango zela. Bi hilabete inguruko torneoa mistoa egin nahi dute, torneo luze bat; nik uste dut ongi etorriko dela, txapelketara bueltatu ahal izateko erritmoa hartzeko.
Eskatzen hasita, Baikoko zein pilotarirekin gustatuko litzaizuke jokatzea?
Orain arte Baikokoekin partida mistoak jokatzea tokatu izan zaidanean Aretxabaletarekin, Albisurekin eta Imazekin jokatu izan dut, oso gustura. Denok dakigu zenbat jokatzen duen Albisuk, gozada da berarekin aritzea eta Imazekin eta Aretxabaletarekin baita ere. Imazekin Logroñon irabazteko aukera izan nuen eta oso lehiakorra da, dena ematen duen pilotaria. Dena den, edozeinekin jarrita ere pozik eta gustura. Momentuz ez dakit non eta noiz hasiko naizen.
Buruz Burukoa udan jokatzeari ez dizkiote ateak ixten.
Hasieran esan ziguten zaila izango zela aurten Buruz Burukoa jokatzea, baina gure proposamena urte honetan txapelketa guztiak jokatzea zen. Beste egitura batekin edo dena delakoa, baina jokatzeko asmoa eta intentzioa erakutsi genion enpresari. Eta esan dute saiatuko direla, jokatzeko asmoa dagoela. Ikusiko da noiz eta nola, baina Buruz Burukoa txapelketa oso garrantzitsua da eta ez jokatzea pena litzateke. Ea jokatzea posiblea den, polita litzateke.
Bueltarako pilotazaleak gertu izango dituzue frontoian, kantxa erdia bada ere.
Frontoiak hutsik daudela jokatu behar izango bagenu oso tristea litzateke. Hala egin beharko bagenu, eginen genuke, baina ez dut imajinatzen. Guretako alde handia dago, erdira edo heren batera baina behintzat jendearekin hastea.
Kirolari profesionalen kezketako bat itzulera honetan gerta daitezkeen lesioak dira. Nola ikusten duzu buelta, bueltarako prest eta sasoian egongo zarete?
Nire kasuan, duela hiru aste hasi nintzen entrenamendu fisikoa era serioago eta indartsu batean egiten, eta egia esan lehenengo egunetan gaizki ibili nintzen, sentsazio txarrak izan nituen: gorputz guztia minduta, muskuluak segituan kargatu egiten zitzaizkidan... sekulako agujetak izan nituen. Baina, poliki, bagoaz sasoia hartzen. Badakit oraindik ez nagoela ongi, ez naizela bueltatuko martxoan nuen bezalako mailarekin, baina garrantzitsuena hastea da, eta poliki erritmoa hartzea.
Aurten ez da ohiko udako torneorik izango. Aspek eta Baikok Astelehenean aurkeztuko dute prestatu duten udako torneo mistoa. Bueltagatik kontentu, ezta? Horrekin geratuko gara.
Bai, horrekin geratu beharra dago. Azkenean aurtengoa uda guztiz ezberdina izango da; ez da torneo ofizialik egongo, baina poliki erritmoa hartu, martxan hasi eta ea ahalik eta azkarren eta hobekien bueltatzen garen normaltasunera. Azkenean, aurrerapausoak egin beharra dago eta ea guztiak elkarrekin normaltasun hori lortzen hasten garen, beldur hori kendu eta berriz ere bizitzen hasteko.