Jesus Mari Reparaz

“Beriainek tiratzen du; Tritoienarako prest egongo gara”

Maider Betelu Ganboa 2020ko uzt. 13a, 11:06

Maiatzaren 31n Arbizuko ekokanpinean jokatzekoa zen IV. Tritoiena mendi lasterketa abuztuaren 30era atzeratu dute, Nafarroako Banakako Txapelketa izango da eta izena ematea zabalik dago

COVID-19 pandemiak maiatzaren 31n jokatzekoa zen IV. Tritoiena mendi lasterketa bertan behera utzi zuen. Arbizuko ekokanpinak eta Dantzaleku Sakana Atletismo Klubak ez zuten etsi eta proba atzeratzea erabaki zuten. Abuztuaren 30ean jokatuko da, goizeko 09:30ean Arbizuko ekokanpinetik abiatuta. Izena ematea zabalik dago.

Tritoiena mendi lasterketari eusteko apustu handia egin duzue Arbizuko ekokanpinekoek. Akaso biderik zailena hartu duzue: beste data bat bilatu, pandemiari aurre egiteko eskatzen diren segurtasun neurriak bermatu…
Dantzaleku Sakana Atletismo Klubekoek, Peio Vergarak bereziki, proba antolatzera animatzen gintuzten: “egingo dugu, lasai, egingo dugu” esaten zigun. Hasieran, lasterketa irailaren 6ra atzeratzea genuen buruan eta Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioarekin harremanetan jarri ginen; baina federaziokoek esan ziguten egun horretan eraberritutako Belaguako aterpea mustuko dutela eta data horretan mendi ekitaldirik ezin zela antolatu. Horrela, abuztuaren 30ean pentsatu genuen, uste genuelako agian aurten jendea kanpora gutxiago aterako dela eta korrikalariak gelditzen ez direnez… apustua egitea erabaki genuen, behar ziren tekla guztiak jo genituen. Baimen guztiak ditugu eta aurrera!

IV. Tritoiena mendi lasterketak Euskal Herriko Mendi Lasterketen Rankingerako eta Nafarroako Mendi Lasterketen Zirkuiturako puntuatzen zuen aurten, eta, horretaz gain, Nafarroako Mendi Lasterketen Banakako Txapelketa zen. Data aldaketarekin Nafarroako Txapelketa izaten jarraituko du?
Bai. Nafarroako Mendi Federazioak ziurtatu zigun, antolatuz gero, Nafarroako Mendi Lasterketen Banakako Txapelketa izaten jarraituko zuela gure probak. Eta horrek ere proba atzeratzera eta aurten egitera animatu gintuen. Izan ere, Nafarroako Txapelketak errotatzen dituzte, aurten guri tokatu zitzaigun eta, aldi berean, parean beste bitxo hori tokatu zaigu. Dena tokatu behar…

Birusak guztia geldiarazi eta gero, Nafarroan antolatzen den lehen lasterketa izanen da zuena?
Nik uste dut lehendabizikoa izango dela. Udaberritik atzeratu diren beste lasterketa pare bat jokatuko omen dira, eta data horietarako berez aurreikusiak zeuden batzuk. Izan ere, klub asko zalantzan daude euren probak antolatu edo ez. Uharte Arakilen ere zalantzan omen daude Km Bertikalarekin. Ez dakit azkenean zer egingo duten. 

Osasun pandemiagatik ezarritako segurtasun neurriak direla-eta 200 korrikalariren muga duzue. Izena ematea zabaldu duzue?
Bai, joan den ostiralean ireki genuen izena ematea www.rockthesport.com webgunean. Otsailean hasiera batean maiatzaren 31rako antolatutako lasterketarako izena ematea zabaldu genuen, eta 16 korrikalari zeuden izena emanda martxoaren hasieran. Txokantea zen, tartean Menorcako jendea baitzegoen. Proba polita zela entzun zutela eta... Izan ere, Beriainek, azkenean, tiratzen du. 

Beriain ardatz, Tritoienako ibilbidea mantentzen duzue?
Bai, 21 km inguruko buelta da, goizeko 09:30ean kanpinetik aterako dena. Hasieran, Arbizuko ekokanpinaren perimetroari buelta bat emango zaio, kilometro eta erdi ingurukoa, eta ondoren Leziza ubeldea gurutzatu, –horretarako zubitxo bat jartzen dugu–, eta Unanuko dermiora sartuko da, Ondatzera. Ondatzetik Unanu herrira jaitsi, eta Tritoiena ibilbidetik Beriain igo eta gero, Uharte Arakilgo portutik jaitsiko da. Portu erdian Unanuko terreno aldera egiten da, Ondatz gainetik Arbizun sartzen da, Arnatzen, eta hortik kanpineko helmugara. Ibilbide ederra da, dudarik gabe. 

Korrikalarien mugaz gain, zein beste segurtasun neurri berezi ezarriko dituzue? 
Irteera eskalonatua izango da; ez dira korrikalari guztiak batera aterako. Dutxa, aldagela eta halakoen eskakizunen inguruan, Arbizuko kanpinean gaur egun protokolo horiek guztiak betetzen ditugu: egunean hiru aldiz desinfektatzea eta halakoak. Beraz, korrikalariek gure instalazioetan dutxatzeko aukera izango dute. Kanpinean jende asko dabil, eta kanpinerako egin dugun moduan, karrerarako ere, prest egongo gara. Saria emateko ekitaldia nola izango den oraindik ez dugu begiratu, baina eskatzen digutena prestatuko dugu; musurik ez da izango, hori seguru (kar, kar). 

Korrikalariendako auzatea izanen da?
Kanpina leku zabala da eta jendea ez dugu utziko ezer gabe. Hori, ziur. Mahaiak barratuago jarri eta izango dute zer jan eta zer edan...

Aipatu digute probaren hasieran errekonozimenduren bat egingo diezuela osasun krisian lanean aritu diren sanitarioei eta langileei.
Dantzaleku klubekoek esker on hori adieraztea proposatu ziguten. Euren ideia da eta guk bat egiten dugu. Ongi iruditzen zaigu, eta egingo dugu. 

Beraz, segurtasun neurri guztiak bermatuta eta inolako arazorik gabe, sakandarrak Tritoienan izena ematera eta parte hartzera animatuko ditugu, ezta?
Jakina! Ea Sakanako korrikalari gehienak behintzat etortzen diren, hemen korrikalari dezente baitaude… Orain arte ez da lasterketarik egon, eta pentsatzekoa da irrikaz egongo direla. 

Pandemiari dagokionez, espero dezagun osasun egoerak okerrera ez egitea... 
Hemendik abuztu bukaerara  hilabete eta erdi falta da. Ea ez den ezer okertzen! Han eta hemen berriro agerraldiak daudela entzuten da. Ea denok egin beharrekoak ongi egiten ditugun eta abuztuaren bukaerara lasterketa egiteko moduan iristen garen!