Pandemiari emandako erantzuna birpentsatzen

Guaixe 2020ko uzt. 23a, 18:43
Batzar aretoan egin zuten balorazio bilera. Argazkia: @Arbizukoudala

Arbizuko Udalak zaintza sareaz gogoeta egin zuen, egindakoa jaso eta ikasketak ateratzeko. “Hausnarketa ariketa partekatua izan zen”.

Udaletxeko batzar aretoan zen hitzordua hilaren 11n. COVID-19 gaitzak sortutako pandemiagatik itxialdia agindu zen herritar guztiendako, eta elkar laguntzeko zaintza sarea sortu zen Arbizun. Haren martxaz gogoeta egiteko, egindako pausuak aprobetxatzeko eta gaixotasunaren balizko berpizte bati hobeki erantzuteko, bilkura izan zen. Udalak egindakoaren laburpena herritar guztien eskura jarri du www.arbizu.eus webgunean. 

Bildutakoek zaintza lanari erreparatu zioten. Udaberrian hala eskatzen zuten etxeetara jana eramatea izan zen egiteko nagusia. Baina zaintza-funtzio gehiago bete zitezkeela jabetu ziren. Esaterako, ikusi dute zenbait etxetan euskara praktikatzeko aukerarik ez dela izan, eta horri konponbidea eman nahiko liokete. Pandemiarekin gizarte desberdintasunak areagotu zirela azpimarratu zuten ere. Eta etxe batzuetan eskola dinamika zabalagoa behar dela gaineratu zuten. Osasun neurriekin gaztetxokoak eta jubilotekak aurrera egitea baloratu zuten. 

Horrekin batera, migratzaileekin eskuz eskuko harremana landu beharra zegoela nabarmendu zuten. Hori antolatzeko pausoak ematen hasi da udala. Helburua da “haiek zuzeneko informazioa edukitzea eta dituzten bitartekoez ohartaraztea da, esaterako: osasun zentroak, larrialdiak, laguntza eskatzeko kontaktuak, izurriaren egoeraren inguruko informazioa, hartu beharreko neurriak…”

Bestalde, joan den ostegunean baieztatu zen arbizuar batzuek PCR probetan positibo eman zutela. Horregatik, Arbizuko Udaletik dei egin dute “birusaren hedapena ekiditeko behar diren neurriak hartzeko. Tentsioa berreskuratu eta arduraz jokatzea ezinbestekotzat jotzen dugu”.