Sakana, oporretako norakoa

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko abu. 14a, 13:00

Ane Gomez eta Rosana Alba Arbizuko Ekokanpinean uda pasatzen dute bilbotarrak.

Asko dira udako oporrak bailaran pasatzera etortzen diren bisitariak. Natura, kokapen estrategikoa, giro euskalduna eta lasaitasuna bilatzen dute Arbizuko Ekokanpinean dauden kanpindarrek

Oporrak disfrutatzeko modu asko daude, eta bidaiatzeko orduan ere gustu guztietarako ostatuak daude. Sakanan hiru kanpin daude, eta horietan bailarak eskaintzen duen esperientzia errepikatzera urtero etortzen diren bisitariak daude. Kanpindarrak dira. Ixone Zubieta Urrikoetxeak, Ane Gomez Zabalak eta Rosana Alba Aresek Arbizuko Ekokanpinean pasatzen dituzte udako oporrak. Hirurak bizkaitarrak dira: Zubieta Bilbotik gertu dagoen herri batekoa da. Gomezek eta Albak Arbizuko kanpinean ezagutu zuten elkar, eta lagunak egin ziren; kasualitatez, Bilboko auzo berean bizi dira. Urtean zehar asteburuetan ere etortzen dira Sakanara.


Ixone Zubieta. 

Kanpina oporrak bizitzeko modu bat da; bizi estilo bat da. "Engantxatzen" duela aipatu du Gomezek. "Askatasun puntu bat ematen du. Lau pareten artean bizi gara, hiria, autoak… eta hemen, jaikitzen gara eta kanpoan gosaldu dezakegu. Egun osoa kalean ematen dugu". Arbizuko Ekokanpinera iritsi aurretik ere, Zubietari, Gomezi eta Albari kanpinak gustatzen zitzaizkien. "Haurrik gabe ere kanpinera joaten ginen. Naturarekin harremana da guretako garrantzitsuena. Energia ematen digu", azaldu du Zubietak. "Ni betidanik kanpinekoa izan naiz. Egunerokotasunetik aldentzeko aukera ematen dit. Ez dago presarik", gaineratu du Albak.

Haurrendako ere leku izugarria dela esan dute. Alba: "Beste giro bat da. Lau urterekin esaten zuen kanpina gustatzen zitzaiola, edozein tokitara bakarrik joan zitekeelako". Askatasun horrek haurren autonomian eta harremanak egiteko orduan laguntzen duela azaldu dute. Gomez: "Agian herrietan hori ere gertatzen da, baina guk ez dugu hori bizi. Txikitatik erabakiak hartzen dituzte, askatasun hori dutelako".

Hiru kanpindarrendako, haurrak izatea izan da oporrak Arbizuko Ekokanpinean pasatzeko arrazoietako bat. Duela zazpi urte inguru aukeratu zuten kanpina oporretako norako bezala, haurrak txikiak zirela. Zubietaren kasuan, alaba zaharrenak urte bat bete behar zuen; Gomezen kasuan, sei hilabete zituen; eta Albaren kasuan, hiru urte. Haurrak kanpinean hazi direla esan daiteke.

Arbizu
"Esperientzia bakarra izan zen, baina pasada bat izan zen". Galiziara zihoazela, Asturiasen gelditu ziren egun batzuk eta han zeudela Zubietak eta familiak buelta hartu zuten, etxetik pasa ziren, eta Arbizura itzuli ziren. "Gure zoriontasunetik lau ordura gaude" esan zion senarrak. Gomezek, haurra izan zuenean, oporrak egiteko moduaren inguruan hausnartu zuen; eta leku batean gelditzea erabaki zuen. Arbizuko kanpina "hastapenetatik" ezagutzen zuen, eta bertan etxetxoa hartzea erabaki zuen. Albaren kasuan ere, inguruko kanpinak begiratzen egon ziren, eta partzelak handiak zirenez eta "hasierako giroa" primerakoa zenez mobil-homea kanpinean jartzea erabaki zuten.

Ingurugiroa, natura, mendia, leku lasaia, giro euskalduna eta kokapena goraipatu dituzte hiru bizkaitarrek. "Edozein plan egin daiteke. Sakanan egonda ere, Nafarroako edozein txokotara joan daiteke, Gipuzkoara… Erdian gaude.", azaldu du Zubietak. Batez ere giro euskalduna delako daude gustura hemen. "Giroa, jendea, herrira zoaz eta edozeinek agurtzen zaitu eta laguntzeko prest dago…". Arbizuko jendea "izugarria" dela esan dute Gomezek eta Albak ere. "Sakanak identitatea dauka, eta ez du galdu. Nortasuna mantentzen du". Sakanarekiko "lotura" sortu dela esan dute.

Txip aldaketa
Egun guztiak ez dira berdinak kanpinean. Hala ere, lasaitasuna eta askatasuna nabarmentzen dituzte kanpinlariek. Ostatu honetako ezaugarririk preziatuenak omen dira. "Hemen, oso ongi lo egiten dugu. Ez dakit inguru magiko hau den, lasaitasuna… baina egia da hemen estresa desagertzen dela", aipatu du Gomezek. Denbora mantsotzen da. Oporrak disfrutatzen dituzte. "Hiriak denbora jaten digu; hemen, egunek luzeagoak dirudite". Mendira joan, bizikletaz ibili… aukera asko ematen ditu kanpinak. Zubieta: "Normalean erdibideko planak egiten ditugu: egun bat kanpinean, egun bat kanpoan egiten saiatzen gara, haurrek igerilekura ere joan nahi dutelako".

Kanpinek idatzi gabeko kodeak dituzte, kanpindarrek eta kanpinzaleek bakarrik ezagutzen dituztenak, eta harremanak eta lagunak egitea erraza da, "nahi baduzu, lagunak egiten dituzu; eta nahi ez baduzu, ez". Zubietaren familiaren kasuan, Jaengo familia batekin harreman oso ona izan zuten. "Kanpinean batera egoteko hartzen genituen oporrak. Aurten ezin izan dira etorri. Pentsa, Arbizura etorri eta Jaengo familia baten lagunak egin". Hala ere, Whatssapp bidez kanpinaren egunerokotasunaren berri ematen diela esan du Zubietak. Haurrendako ere lagunak egitea oso erraza dela esan dute. Albaren kasuan, bere alabak hamalau urte ditu eta "kuadrilla izugarri handia" du. "Bakarrik ibiltzen dira, igerilekuan, kanpinean…".