Mendi lasterketak

Tritoiena, lasterketetara buelta

Maider Betelu Ganboa 2020ko ira. 4a, 10:03

COVID-19 ondoko lehen proba nafarra hartu zuen Arbizuko kanpinak, aldi berean Nafarroako Banakako Txapelketa zena. Ion Sola eta Leire Baraibar izan ziren azkarrenak Tritoienan. Beñat Katarain bigarrena sailkatu zen eta Erkuden San Martin 4. emakumea, Nafarroako Txapelketan hirugarrena

107 korrikalarik (8 emakumek) hartu zuten irteera igandean Arbizuko kanpinean jokatutako Tritoiena Mendi Lasterketan. COVID-19 birusaren agerpenaren ondoren Nafarroan jokatu zen lehen lasterketa izan zen Tritoiena, eta korrikalariek biziki eskertu zuten antolakuntzak, Arbizuko kanpinak eta Dantzaleku Sakana Atletismo klubak, egindako ahalegina. Nafarroako Mendi Federazioak eskatutako segurtasun neurri zorrotzekin jokatu zen proba, aldi berean Nafarroako Banakako Txapelketa izan zena. “Azkenean mendi lasterketa bat antolatu ahal izan dugu, eta antolakuntzari eskerrik beroenak eman behar dizkiogu” azaldu zuen Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioko presidente Fermin Montañesek. 

Korrikalariek maskara jantzita hartu zuten irteera, euren artean segurtasun tartea utziz, eta lehendabiziko 200 metroak egin eta gero, musukoa kendu zuten. Ibilbide guztian barna, euria eta freskoa izan zituzten bidaide. Hasieran kanpinari buelta egin zioten, eta ibilbidea aldatu egin zuten, korrikalariak Unanura ez sartzeko. Probaren erdigunera, Beriain gainera (1.348 m) igo eta gero, Uharte Arakilgo portutik jaitsi ziren, gero Ondatzetik barna Arbizuko kanpinera heltzeko. 

Tritoienan lehendabizikoz aritu zen Ion Sola anoztarra izan zen azkarrena (1:43:30) eta Nafarroako txapelduna, Zegaman bizi den Beñat Katarain lakuntzarrari 25 segundo atera zizkion. Lasterketan 3.a sailkatu zen Xabier Macias iritsi zen lehena Beriaingo gainera, baina Solak indartsu egin zuen aurrera eta helmugara bakarrik iristea lortu zuen, Katarain gertu zuela. Lasterketa asko gustatu zitzaiola aitortu zuen txapeldunak, Beriainera igoera gogorra, jaitsiera teknikoa eta azken kilometro azkarrak zituelako. Iñaki Martiarena uharte arakildarra 7. postuan sartu zen (1:51:44), Top-Tenean. 

Emakumezkoetan Zumaian bizi den Leire Baraibar aresoarrak ez zuen areriorik izan eta lehen tokian gurutzatu zuen helmugako marra (2:19:32), Irene Segura berriozardarrari 4 minutu pasa aterata (2:23:53). Baraibarrek ibilbidea oso polita izan zela nabarmendu zuen, eta bidean ikusle asko zegoela animatzen. Irene Segura izan zen Nafarroako txapelduna. Erkuden San Martin etxarriarra lehen sakandarra izan zen, probako laugarren emakumea eta Nafarroako Txapelketan hirugarrena (2:46:04). 

Segurtasuna bermatzeko ez zen podiumik egon; bakoitzak bere sariak bakarka jaso zituen. Auzatea ere egon zen, baina ez zen egon ohiko korrikalarien arteko besarkada eta elkarrizketarik. Proba zaintzen 3 mediku eta anbulantzia zeuden, eta Dantzaleku Sakana klubeko eta Arbizuko kanpineko 15 boluntario baino gehiago aritu ziren lanean. 

Sakandarrak Tritoienan
1.Ion Sola  1:43:30
2.Beñat Katarain (Lak) 1:43:55
7.Iñaki Martiarena (Uhar) 1:51:44
11.Jokin Bereziartua (Alts) 1:57:07
21.Iker Flores (Alts) 2:03:05
22.Mikel Satrustegi (Arru) 2:03:40
30.Joseba Iza (Arb) 2:07:41
32.Ivan Sobredo (Alts) 2:08:52
48.Joseba Galartza (Iturm) 2:16:22
57.Jon Igoa 2:21:38
58.David Oroz (Urd) 2:22:10
69.Jorge Iradi (Alts) 2:29:26
70.Raul Moro (Etx) 2:29:30
72.Asier Leiza  (Arb) 2:30:22
78.Jose Javier Maiza 2:33:07
82.Juan Ignacio Araña (Arb) 2:37:26
88.Araitz Jaka 2:47:24
105.Pedro Jose Zelaia 3:22:22

Emakumeak
1.Leire Baraibar (Zumaia) 2:19:32
4.Erkuden San Martin  (Etx) 2:46:04